« Motoan ibiltzen ikasi | Eskuak inurriturik »
Meaulnes Handia / Alain Fournier (Monika Etxebarria) / Alberdania-Erein-Igela, 2012
Amets galduaren bila Ander Arana / eizie.org, 2013-06-28
Izan badira idatzi duten eleberri bakarrarekin literaturaren historian toki berezi bat lortu duten idazleak. Autore eta obra horietako batzuk aspalditik ditugu euskaratuak —esate baterako, J.D. Salingerren Zekale artean harrapaka—; besteren bat —J.K. Toolen A confederacy of dunces, adibidez— jatorrizko hizkuntzan irakurri behar dugu ezinbestean oraingoz, edo beste erdararen batera egindako itzulpenean. Eta badira multzo hautatu horretako beste bi, azkenik, Literatura Unibertsalaren hirugarren aro honetan euskarara ekarri edo ekarriko direnak. 2013ko lehiaketan sartu da Emily Bronteren Wuthering Heights ospetsua, eta iazkoan esleitu zitzaion Monika Etxebarria deustuarrari iruzkin honetan aipagai dugun Le Grand Meaulnes eleberriaren itzulpena.
Beharbada, Meaulnes handiaren egilea ez da arestian aipatutakoak bezain ezaguna gure artean, baina esan dezagun, beste ezer baino lehen, aurten mendeurrena ospatzen duen eleberri hau kultukoa izatera heldu dela Frantzian, irakurle frantsesengan XX. mendean gehien eragin duten hamar liburuen artean egoteraino. Ez da harritzekoa, hortaz, Alain-Fournierren eleberri bakar hau inguruko hizkuntza guztietara itzulita egotea eta hizkuntza horietako zenbaitetan —ingelesez, gaztelaniaz…— itzulpen bat baino gehiago egin izana. Orain —sekula ez da berandu—, Monika Etxeberriak patxadaz atondutako itzulpena irakur dezakegu euskaraz. Patxadaz, bai, itzulpena bukatu eta zenbait hilabete joan baitira liburuak argia ikusi duen arte; horrek, beharbada, izango zuen zerikusia beste hizkuntza horietako itzulpen bat edo bestek falta duen txukuntasuna izan dezan euskarazko bertsio honek.
Horretaz gain, Literatura Unibertsala bilduma osatzen duten liburuetan ohikoa denez, aspaldian Arbizun bizi den itzultzaile finak egilearen biografiaren zertzeladak eman ditu hitzaurrean, eta gibel solaserako, berriz, eta hori ez da hain ohikoa, eleberriari buruzko azalpen sakon samarra prestatu du, eta hori eskertzekoa da, zinez, eleberri itxuraz sinple honek irakurketa konplexuago bat merezi duelako. Izan ere, Meaulnes handia gazte batek gazteentzako idatzitako abentura eleberri soil bat izango litzateke, baldin eta liburuaren azaleko irakurketa bat egitera mugatuko bagina.
Egilea, Alain-Fournier —Henri-Alban Fournier benetako izenez—, hogei urteko gaztetxo bat besterik ez zen urte batzuk lehenago ezagututako neska eder batenganako lilura liburu batean jasotzeari ekin zionean. Horrenbestez, liburua autobiografikotzat ere jo daiteke neurri handi batean. Egilearen arrebak berak esana da “liburuan agertzen diren pasarte guzti-guztiak identifika ditzaket nik Henriren bizitzan”. Eta hor datza, hain zuzen ere, liburuaren arrakastaren gakoetako bat eta lorpenik handienetako bat: autobiografikoa izanagatik, errealitatearen eta ametsen munduen artean nabigatzera behartzen du irakurlea. Ametsen mundura garamatzan prosa dotore eta irudimenez nahiz fantasiaz beterikoari esker, Fournierrek maisuki lortzen du giro oniriko bat sortzea, halako moduan non irakurleak amets batean bezala biziko baititu Meaulnes handiaren abenturak, Meaulnesek berak bizi zituen bezala, hain zuzen ere. Izan ere, eleberri honetako protagonista ametsa ukitu nahian dabil denbora guztian, eta, jakina, ametsak amets izateari uzten dio ukitzen den une berean, errealitate bihurtzen den unean bertan bere xarma guztia galtzeraino.
Eleberriak, hortaz, iturri askotatik edaten du, eta Monika Etxebarriak gibel solasean dioen legez, genero anitzeko eleberria da: autobiografikoa, abenturetakoa, bilaketa eta iniziaziokoa, eta are sinbolista ere. Behin baino gehiagotan irakurrita ere, bete-betean gordetzen du halako misterio-aire bat, irakurlearen ezinegona areagotu besterik egiten ez duena, ametsetik esnatu nahia eta aldi berean ametsari atxiki nahia eragiten duena.
Antza denez, Alain-Fournierrek beste amaiera bat zeukan gogoan, gazteentzat ustez aproposagoa, haiei begira egin beharreko edizio berezi batean erabiltzeko. Zoritxarrez, Meaulnes handia argitaratu eta urtebetera Lehen Mundu Gerra hasi zen. Frontean borrokatu behar izateari itzuri egitea bere esku eduki zuen Fournierrek, baina Meaulnes handiak bezala, nahiago izan zuen abentura berrien bila abiatu. Lehen Mundu Gerra, ordea, ez zen izan ez amets bat, ez umeen kontu bat, eta han Heriok harrapatu zuen, hogeita zortzi urte doi zituela.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro