kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Lubakia / Andrei Platonov (Iker Sancho) / Alberdania-Elkar, 2009

Pentsatuz gero, ez naiz bizi Ainara Maia / Gara, 2009-11-06

XX. mendearen lehen erdian, Platonov idazle errusiar zentsuratuak ez du zorionerako itxaropenik ematen Lubakia izeneko eleberriaren bukaeran.

Eleberria 1920ko hamarkadan kokatuta dago. Aire berriak zebiltzan Errusia zaharrean, eta Sobietar Batasun berriko jendarteko pertsonak aldatzen ari ziren halabeharrez. Komunismoaren ideia utopiko politak itzaltzen ari zirela adierazten digu idazleak, eta eleberriaren pertsonaia guztiak barne-gatazkan agertzen ditu, ez ditu zorionbidean jartzen. Horrek bizitzaren tristura kolektiboa eta ezerezaren oinazea dakarkie denei, eta sozialismoa antinaturaltzat hartzen du idazleak, ene uste apalean. Norbere buruaren kontzientzia izateak edo animalien gisa hausnartzeak sufrimendua dakar, gizarte horretatik kanporatzea edo hiltzea alegia. Ez bizitzea.

Beraz, bizitza datorkigun bezala (on)hartu behar dugu, deus ere pentsatu gabe, ahal dela pozik, irribarre batekin. Baina bestela, irribarre triste batekin. Sufritzea tokatu bazaigu bizitzan, sufrimenduari barre eginez, ala?

Beste batzuetan, berriz, lubakiak egin eta bertan lurperatu behar ditugu gure gorputzak eta malkoak munduarengandik ezkutatzeko, eta besteetan harresiak eraiki, geure sentimenduak babesteko. Bizitzaren zentzuak edo bideak aurrera segitu behar baitu zentzurik gabe bada ere, gu gabe edo gurekin; gorroto gaituztenek bizkar ematen digute, eta maite gaituztenak hiltzen dira. Ideiak, baina, aldatzen dira negar-malko bakoitzeko. Lubakiak eginez lurperatuko ditugu sentimenduak besteen onerako. Munduak ez duelako malkoen beharrik.

Andrei Platonov idazleak bere garaiko errealitatea kontatzen digu, gordin, deus ere ezkutatu gabe, eta zail. Garaiko ideiak kritikatzen ditu, eta horregatik zentsuratu zuten, baina ez ditu argi eta garbi azaltzen gauzak, ez dizkio irakurleari gauzak xehatuak ematen, eta bere hitzekin irakurleari lan eginarazi nahi dio, errota martxan jar dezan. Hizkuntzarekin jolasten du, eta itzultzailea saiatzen da geuri ere gauzak erraz ez jartzen, errealitatea ez baitzen eta ez baita gardena, eta iluntasun hori hizkuntzarekin lortu nahi zuen idazleak, ene ustez. Erabilitako hizkeragatik, itzulezina omen zen Platonov, eta hala ere, itzultzaileak maisuki eta trebe euskaratu duela iruditzen zait, nik errusieraz jakin ez arren.

Ez da irakurketa erraza, bizitza erraza ez den bezalaxe, eta ez dut gozatu, ez baita gozatzeko istorio bat. Errealitate latz bateko istorio pribatu tristeak, bakoitzak bere bizitza besteekin bizi baitu, eta idazleak hori islatu nahi duela uste dut: harremanen ezintasuna, baina elkarrekin bizi eta lan egin beharra.

Iraultza errusiarraren ondoren, giro nahasia zegoen, eta errealitate horretan bizirauteko edo aurrera segitzeko, zoriontsu izateko modu bakarra pentsatu gabe gizarte komunista horren alde, lubakietan, lan egitea beste biderik ez zegoen.

Denek. Aktibista sutsuak, nekazariak, denek ekin behar zioten gogor proletalgo klase sozial berrian sartzeko, eta mingarria zen. Sentimenduei uko egitea esan nahi zuen, maitasunik gabe bizitzea. Baita ingeniaria bera ere, ekin eta ekin proletalgo horren eraikuntzan eta diseinuan.

Atsedenik gabeko eguneroko talde-lan horretan ez dago norbanakoarentzako itxaropenik, eta gizarte jaioberri horretan haurrak dira etorkizun, baina neskato baten heriotzarekin eleberria itxaropenik gabe uzten du idazleak.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak