kritiken hemeroteka

8.588 kritika

« | »

Pijama marradunaz jantzitako mutikoa / John Boyne (Mirentxu Larrañaga) / Alberdania, 2007

Malko garratzak Beñat Sarasola / Berria, 2008-04-20

Deigarria da azkenaldiko arrakasta literario handienetakoa den liburu honek, mundu zabaleko bazter guztietan aipamenak izaten ari den honek, euskarara laster asko ekarri den arren gaur arte iruzkin bakar bat ere jaso ez izana. Eskertzekoa da Alberdania egiten ari den saioa orain arte euskaraz irakurtzerik ez zegoen liburu motak itzultzeko, baina badirudi kritikak ez diela jaramon handirik egiten. Edonola ere, euskal irakurleak leku askotan entzun duen Pijama marradunaz jantzitako mutikoa hori irakurtzea erabakitzen badu, orain erdararen batean edo euskaraz irakurtzea erabaki dezake. Urrats bat gehiago euskararen normalizazioan, bada.

Holokaustoaren inguruko literatura ia genero literario bilakatu da denborarekin, eta emaitza aski gomendagarriak eman izan ditu, Primo Levi-ren Se questo è un uomo famatutik hasita W.G Sebald-en Austerlitz bikaineraino. John Boynen nobela honen berezitasunetako bat, ordea, gazteentzat izatea da (nahiz eta euskaraz helduentzako literaturako sailean argitaratu den), eta argi dago Holokaustoa bezalako gertaera latz bat “gazteentzako moduan” azaltzea erronka itzela dela. Erronka horri aurre egiteko Boynek umearen begirada hautatu du, eta horretan liburua erkagarriagoa da seguruenik Roberto Benigni-ren La vita è bella filmarekin gainontzeko Holokaustoaren literaturarekin baino.

Irakurleak bederatzi urteko Bruno mutikoarekin batera Berlindik Autsbiz-erako bidaia egingo du eta umeak kontzentrazio esparruan bizitakoak ezagutuko ditu. Benigniren filmean ez bezala, ostera, Bruno ez da kontzentrazio esparrura bortxaz bidalitako inoren semea, bertako zuzendariaren semea baino. Nobelaren argumentua Brunoren inozentzian oinarritzen da, inozentzia horrek bultzatzen du nobela aurrera, baina kontakizunaren hasi-hasieratik kolokan dago inozentzia horren sinesgarritasuna. Brunoren pentsakizun eta jarrera asko ezin baitzaizkio bederatzi urteko mutiko bati egozten ahal, ez bada bost edo sei urteko bati (bidenabar, La vita è bella-ko Giosuè txikiaren adina). Arazo hau bereziki nabarmena egiten da hain justu argumenturen zatirik gorenean, amaiera aldera, harrezkero Brunok esparruan urtebete daraman arren oraindik hesiaren beste aldean daudenekin zer gertatzen den guztiz ezjakin azaltzen baita. Gainera, Brunoren gehiegizko xalotasun honekin ez dator bat momentu jakin batzuetan egiten dituen hausnarketak: “Baina erlatiboa da dena, ezta ba? Distantzia, esan nahi dut”.

Hala ere, garrantzi ez gutxiko kontu formal hauek baino salagarriagoa da Boynek Holokaustoaren gaiari ematen dion trataera sentimental-efektista. Antza denez, liburuan oinarritutako filma burutu berri dute, eta gehienetan esaten da filmak beti galtzen duela liburu originalaren aurrean. Bada, oraingoan esango nuke, baldin eta zuzendaria bereziki trebea ez bada, filmak akaso liburua gainditu ez baina bere prozedura efektista horiek ezin ageriago utziko dituela. Ez zait batere nekeza egiten imajinatzea Bruno eta Shmuel amaierako martxa-ibileran harizko instrumentuz osatutako soinu banda sarkor bat lagun, ikuslearen malko errukiorra atera nahian. Jakina, irakurlea hunkitzea ez da bekatua; alderantziz, sarritan obraren alde doan gauza da; baina gauza oso diferentea da hori lortzeko giza-tragedia bat errazkeriaz erabiltzea, besteak beste, tragedia hau ulertze bidean behaztopa delako. Erran nahi baita, ez dut uste nobela honek gazteek Holokaustoa hobeto uler dezaten eta berriz ere halako tragedia bat ekiditen (kontakizuneko azkeneko hiru lerroek aditzera eman nahi duten gisara) laguntzen duenik.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Amaia Alvarez Uria

Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain

Jon Jimenez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Paloma Rodriguez-Miñambres

Lakioa
Josu Goikoetxea

Mikel Asurmendi

Lur mortuak
Nuria Bendicho

Irati Majuelo

Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"

Paul Beitia Ariznabarreta

Akabo
Laura Mintegi

Joxe Aldasoro

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Nork gudura haroa?
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak