kritiken hemeroteka

8.543 kritika

« | »

Riomundo / Jon Maia / Txalaparta, 2005

Nobela, testigantza Ibon Egaña / Berria, 2006-03-07

Onar dezagun, narrazioa autobiografikoa dela edo idazlearen bizitzatik zuzenean elikatzen dela jakinda, nahi ala ez, bestela irakurtzen da liburu bat. Jon Maiak Riomundo lehen eleberria idazterakoan bere familiaren historia hartu ei du abiapuntu eta, jakina, nekez joango zaio xehetasun hori oharkabean irakurleari. Alabaina, liburua esku artean hartzen duenak eleberri bat izango du begien aurrean, eta komeni litzateke, idazlearen eta obraren beraren mesedetan, nik uste, lanaren eleberri izaera ez ahaztea, eta hura genero horren parametroetan baloratzea. XX. mendearen eta gaurko sasoiaren historia erbesteratuarena, deserriratuarena dela idatzi du inork. Ez da besterik Maiak orri hauetan bildu duena, bere familiak hartu behar izan zuen erbesterako bidea ardatz hartuta. Bi atal ia simetrikotan banatuta, bi deserriratze beharturen testigantza biltzen du Riomundok. Tarterik zabalena Pedro Sierra albacetearra eta bere sendia erbestera, Euskal Herrira bultzako duen bidearen kontakizunak hartzen du. Antiklerikala, errepublikazalea, pikaro xamarra… gerrari buruzko film nahiz liburuetan maiz aurkitu dugun pertsonaia ereduari jarraitzen dio Pedro Sierrak ere, baina ezin ukatu berriz ere gustura irakurtzen dela xahartu arte egoskor mantentzen den komunistaren istorioa. Liburuaren bigarren erdia, gerrarekin batera dena galduta, Sierra eta bere emazte eta seme-alaben Euskal Herrirako emigrazioarekin hasi, eta beste emigrazio batekin amaitzen: Pedroren semeak, oraingoan Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokaren ondorioz, egin beharreko erbesteratzearekin.

Bizi irakurtzen den eleberria ondu du Maiak, eta esku trebea nabari zaio, batik bat, pertsonaien arteko elkarrizketak josterakoan nahiz istorioak eta pasadizoak kontatzerakoan. Ahozkotasunetik gertu dagoen hizkuntza eta estiloa darabil maiz eta, hala istorioaren jatorriagatik nola kontaeragatik, ahoz transmititutako istorio baten papereratzearen traza hartzen zaio Riomundori. Eta Hiner Saleemen Nire aitaren fusila eta gisako kontakizunak etortzen zaizkio gogora bati. Alabaina ahozkoan funtziona dezakeen estiloak hainbat arazo ditu, irakurle honen iritzian, eleberri honetan: ekintza eta anekdoten segida da nagusi, asko (gehiegi) dakien narratzailea da gidari, historia partikularraren eta orokorraren arteko lotura nabarmenegi geratzen da… Baina, batez ere, gertaeren zerrendatzetik dator liburuaren hutsunea, nire ustez: traszendentzia duen jazoera eta pasadizo hutsa dena maila berean aurkezten dira ia eta pertsonaien baitan gatazka eragin dezaketen egoerak eta tentsioak ez dira bere sakontasunean iristen irakurlearengana. Nobelaren erakargarritasuna eta berritasuna Espainiatik Euskal Herrira etorritako etorkinen ikuspegia lehen pertsonan eta euskaraz ematean datza, eta hala aipatu izan da Riomundo aurkezterakoan. Alabaina, nobelak ez du lortzen ertzez betea eta arantzatsua izan zen gatazka identitario, ideologiko eta kultural hori bere gorrian plazaratzea; ematen diren printzak eskematikoegiak begitantzen zaizkio lerrook sinatzen dituen irakurleari. Halaber, Sierratarren baitan gertatzen den aldaketa ideologiko eta kulturala, abertzaletasunera eta euskaltzaletasunera hurbiltzen dituena arakatzeak bazuen interesa, baina hori ere sinpleegi, lauegi dago azaldua, nire iritzian.

Potentzialitate handiko istorioa dago eleberriaren muinean, baina, jakina denez, istorioak adinako garrantzia du berau nork nola eta zein ikuspegitatik kontatzen duen. Distantzia laburrean ondo moldatzen den narratzaileak arazoak ditu ur sakonagoetan sartzean, gatazkak planteatzerakoan, eta narrazioaren oreka eta interesa mantentzerakoan. Agian arazoa da, iruzkinaren hasieran esan dudanaren kontra, eleberri bezala baino gehiago lekukotasun, testigantza bezala duela balioa Riomundok.

Azken kritikak

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak