« Errealitatearen itxura | Bizitzaren hutsala »
Urrutira bidalia / Li Bai (Albert Galvany, Pello Otxoteko) / Alberdania, 2005
Li Bai gogoan zeruertzean Iñigo Roque / Gara, 2005-07-23
Halaxe hasten da Du Fu-k, Tang dinastiako beste poeta handiak, Li Bairi eskainitako olerkietako bat. Ez da modu txarra, Li Bairengana hurbiltzeko, komeni baita liburuari estutasunik eta larriminik gabe heltzea.
Alberdaniaren edizio benetan zoragarriak lagundu egiten dio testuari: ukitu leuna, txinerazko eta euskarazko poemak ondoz ondo… Dena den, baten batek pentsatuko du “Zertarako, baina, edizio elebiduna?”. Bada, poesia eta pintura bat eginda datozelako, zaldi-ilez marrazturik, eta, gainera, laukoen simetriak iradoki egiten digulako nolako ahalegina egin behar izan zuen poetak.
Bestetik, nabarmentzekoa da itzultzaile bikotearen lana. Txinera ei da gaur egun ideogramak erabiltzen dituen munduko hizkuntza bakarra. Horrez gain, ez dauka flexiorik; alegia, izenek ez dute deklinabiderik, ez aditzek ezelako markarik. Guztiarekin ere, Pello Otxotekok eta Albert Galvany-k pasarte gogoangarriak eskaini dizkigute, hoskidetasunez eta erritmoz beteak (ezin jakin txineraz ere halakoak ziren). Adibidez: “Adats urdinak hamaika urrats”; edo “Ilinti goriak musu beroak ditu argitzen”; edo “Horra, haizea orrazi, urre-loreak makurtu”; edo beste hamaikatxo. Eta halako soinu-jolasekin batera, beste mila irudi eta berba liluragarri eskaintzen dizkigute “ile urdinak urtero oihanduz” joaten diren lurralde horretan, honetan.
Itzulpenek etoikeria puntu hori ere izaten dute, noski: ezin jakin zer den idazlearena eta zer itzultzaileena, baina mendeak eta miliak zeharkatzeko beste modurik ez dugu. Hala ere, igar daiteke paralelismo-jokoek edo paisaien deskripzio sentiberek, behintzat, gainditu dituztela hamahiru gizaldi.
Utz ditzagun albo batera teknikak eta itzulpenak, gogaikarri izan aurretik. Nor zen Li Bai? Li Bai poeta erraria izan zen, poeta gehienak funtzionario izaten ziren garaian. Hark, ordea, uko egin zion bizimodu horri (edo, agian, gogoz bestera onartu behar izan zuen patu hori), eta bidez bide ibili zen bizitza osoan. Poemetan, horrenbestez, agintearen aurkako kritika sotilak ageri dira: Meng maisua goraipatzen du, funtzionarioen kapelari uko egin diolako; beste horrenbeste egiten du He Zizhang gogo-askearekin, ardoa erosteko dortoka (funtzionarioen ikurra) saldu zuelako…
Zergatik argitaratu horrelako liburu bat, orain, hemen? Berdin-berdin balio digulako guri edo orduko txinatarrei. Naturaren eta gogoaren arteko lotura hori ere oso gure garaietakoa delako, Taoaren esanahia zulatu ezin dezakegun arren. Gure denboran, bizitza aurrera joan badoalako, harenean legetxe, eta urtaroak txandakatzen direlako, klima-nahasmenduak gorabehera. Lagunei “ikusi arte” esaten diegulako; zahartu egiten garelako. Oso estimatuak direlako Taoismoaren askatasun-grina eta naturazaletasuna. Horrexegatik esaten zaio “Poeta Hilezkorra”.
Ezin aipa gabe utzi Li Bairen ardozaletasuna eta hordialdien bindikazioa. Izan ere, Li Baik penak itotzeko edaten zuen, eta, poeta galegoaren kontrara, atsekabeek ez zekiten igerian. Ezin konta ahala mozkorraldi aletzen dira, mendi-kaskoetan gehienak, ermitauekin, edo Ekialdeko dorrean… Alkoholak eragindako kontzientzia lausoa atsegin zuen, juzgu moralik gabe.
Nekeza da nitasuna hain garaturik daukan orduko poeta europarrik aurkitzea, ia ezinezkoa; alferrekoa, Jainkoaren beldur bizi ez zen poeta mendebaldarrik kausitzea. Beste pentsamolde bat aurkezten digu Li Baik, erlijioen eta heresien epaietatik urrun, bizizalea, hezigaitza, lagunen laguna, malenkoniatsua…
Mendi urdinkarei begira geratuko naiz, Du Fu eta tximino erregea euskaraz berbetan noiz etorriko Landaberdera.
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Maddi Galdos Areta
Poesia kaiera
Frank O'Hara
Asier Urkiza
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Nagore Fernandez
Beste urte batez
Samira Azzam
Maialen Sobrino Lopez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Iraitz Urkulo
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Mikel Asurmendi
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres