« Eleberriari buruz | Iparraldean zehar »
Denboraren izerdia / Xabier Montoia / Elkar, 2003
Saldo basatia Aingeru Epaltza / Nabarra, 2003-09
Muturreko biolentziarekin poesia ere egin daitekeela erakutsi duten zinema zuzendari estatubatuarretan ezagunenetarik dugu Sam Peckinpah. Nor ez da, pantaila handian nahiz tikian, haren “Saldo Basatia”z gozatu? Oroit filmaren lehen eta azken 20 minutuez: zinemagintzaren historian inoiz eskaini den odol-bestarik ikusgarriena eta ederrena, heriotza ederra izaten ahal bada bederen.
Tomate-saltsa xahutze merkea baino zerbait gehiago dugu “Saldo basatia” eta horrek egiten du Peckinpahren lana ezberdin, bertze zuzendari batzuenaren aldean. Haren pertsonaiek ez dute hurkoa akabatzeko gupida handirik erakusten, baina ez berez hiltzaile zikinak direlako, haien patua horixe delako baizik: bertzeen heriotza egin, bertzeek heriotza eman arte. Ikusleak bat egiten du beren artean hain jator, hain lagun eta hain adiskide agertzen diren Pike, Dutch eta gainerako gaizkileekin. Aldiz, zealdo egiten du, errukiaren eta gaitzespenaren artean, banku-lapurren jazarleei bildu zaien Thornton saldokide ohia epaitzerakoan. Hura baita traidorea, hura damutua, hura nekatua. Hura ere bizirik geldituko dena, bertzeen hilotzek lur idorra emokatzen dutenean.
ETA ote da gaur egun herri honetako “saldo basatia”? Etsaiaren lerroetara pasatutako Thornton duintasun gabe baina biziraulearen pareko ote dira Iraultzari eta Aberriari uko egin zieten polimili eta “euskadiko” izandakoak? Horrelako zerbait iradoki nahi digu Xabier Montoiak Denboraren izerdia bere azken eleberrian.
Euskal literaturak kasik ezezagun zuen paisaia eta jendartea —Gasteiz— ez ezik, alderdi mingarrienetatik ere gure historia hurbilenari eta gure orainari beldurrik gabe heltzeko gogoa zor diegu, bertzeak bertze, Xabier Montoiaren literatur lanei. Bide horretatik barreiatu gabe, koska bat estuago egiteko guraria nabari zaio Denboraren izerdia honetan: Estatuko establishment politiko-kultural-mediatikoak balakaturik esne-mamitan bizi den ekintzaile ohiak bere sorterrira itzulita iraganarekin eginen duen topaldi latzaren kontakizuna.
Gai horrekin ohiko kontu-garbiketa literarioa abiarazten ahal zuen Montoiak, on eta gaizto istorio bat, finean, salduak eta fidelak ongi bereiziz. Idazlea, ordea, ez da zepo horretan erori. Estilo inpertsonal eta urrunena erabiliz eta labanaren aho hotzak zizelkaturiko hizkeran, halako pertsonaia batek eta halako egoera batek ager ditzaketen tolesdura guztiak azaleraztera saiatu da, Peckinpah bidelagun, duela hogei bat urte bereizi ziren bi mundu ikuskeren ezkonezinaren konstatazio eder bezain tristea egiteko. Gure orainaren parabola: duintasunaren ala zoriontasunaren artean hautatu beharra. Nonbait, heriotzan baizik ez gara berriz elkartuko.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi