kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Sortaldekoak / Hedoi Etxarte / Susa, 2021

Sormarka Igor Estankona / Deia, 2021-11-06

Hedoi Etxartek beti dauka, edo hori iruditzen zait niri, iruzkin egokia, diagnostiko zehatza, munduaren ikuskera kritiko eta era berean baikor bat, poesiara ekarri duena oraingoan. Aurreko liburuen aldean arean intimoagoa baina eurak bezain oldarkor eta zehatza, “Sortaldekoak” (Susa, 2021) borobil bat ondu du Hedoi Etxartek, hari asko dauzkana gurutzatuak eta are korapilatuak, zorrak kitatu nahiko balitu bezala orain arte bizi izandako guztiarekin: “Badakit hau ez dela momentua./ Baina oroitzapenak maleta batean/ sartzen ari naiz, presaka, denak nahastuta,/ biharamunean ihes egingo duen/ azken trenean joango den/ erbesteratuaren bezperan banengo bezala”. Ederra da ikustea zelan fintzen diren argumentuak eta estiloa bera, ikustea zelan ontzen den poeta baten idazkera printzipioei uko egin barik eta uko egin barik sormarkari.

Eta nora doa, bada, Hedoi Etxarte, eskarmentu horrekin guztiarekin, etorkizun horrekin? Entzundakoaren eta bizitakoaren subjektibitateaten bila batzuetan, eta kontatu ez denaren bila beste batzuetan: “Hori izan zen Gerra Hotza./ Hori izan zen hogeigarrena./ Gure mendea./ Aingeru bat, pertsona soil bat,/ munstro bat”.

Eta gure mendea jada atzean utzi dugunok poema hauek irakurriz egiten dugu negar, ateratzen zaigu barre txiki bat. Hedoi Etxartek abilezia hori dauka: badaki bihurtzen anekdota esplikazio. Azpiegitura eta gainegitura poetizatuak dira pasarte asko. Hedoi Etxarteren han izanik hona naiz zera bihurtzen da era horretan; han izan zirelako naiz ni hemen. Eta idatzi behar badu haur hilaz ospitaleko zuritasunean, badauka elegantzia bat berezkoa gaiari heltzeko, unibertsal bihurtuz pertsonala dena eta modu pertsonalean biziz gainontzekoen zama, Leninen amarena, Xabier Lizardirena, Audi A4 batean ametsetan joan ziren argonautena, txakurra hil zitzaion historiako irakaslearena… denek dute leku bat, segundo bat bederen irudiz iluminatua den bidaia honetan.

“Suzko Lilia” (Susa, 2008) eta “Sinplistak” (Susa, 2012) idatzi zituenak soilik idatz zezakeen, beraz, “Sortaldekoak”, eurasiar ukituko liburu kultu eta era berean langile auzoko erromantze antzeko hau. Eboluzio horretan Hedoik ez du biolentzia erabilgarria bazter utzi, ez dio artez idazteari muzin egin. Hala ere elipsiaren eta fabularen alde egiten du oraingoan, beharbada, nabarmenago. Hunkigarriak eta era berean hausnarketa eragiten dutenak dira liburuko poema luze eta ederrenak. Errealitate bat deskribatuz beste bat eraiki ohi baitu Etxartek, non kaleen izen ofizialek ez duten oihartzunik, non herriak soilik hitz egiten duen herriaren izenean, non sinbolismoak ez daukan lekurik, ezpada errealitatearen berezko lirismoak: “Orain, astelehen guztiak dira/ 2020ko urriaren 26a./ Donibanetik bizikletan atera,/ Arrasate okindegia itxita topatu,/ beste okindegi batean moldeko ogia erosi,/ Merced karrikara joan, sarreran ogia utzi,/ txirrina jo eta balkoira ateratzen zara/ Brasilgo izerditako urdinarekin./ Eta hitz egiten dugu azkenekoz/ Lolak, zuk eta hirurok”.

Liburu asko daude, hala ere, liburu honetan. Geografiak besteko garrantzia dauka garaiak, eta garaiak besteko garrantzia emozioak. Gizartea eta norbere kontraesanak zehatzago behatu, kritikatu eta dialektikoki aurkezteko, inoiz, poesiak ere balio izan du.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak