kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Tantaka / Peru Magdalena / Balea Zuria, 2020

Haizea dator, gure ileak nahasi, eta badoa Igor Estankona / Argia, 2020-12-06

Peru Magdalenak zerbait dauka berezia, ohikoena ezohiko bihurtzeko abilidade berezko bat. Kapaz da enegarren haikuak idazteko eta irakurleari sentiarazteko lehen aldiz ari dela irakurtzen poesia deskriptibo hiper-laburra. Berak inauguratu du Balea Zuria argitaletxearen “Urrezko saila”, poxpolo kaxa baten tamainuko erdi liburu erdi arte-objektu batekin. Hirurehun ale bota dituzte. Nirea da berrehun eta hirurogeita hamazazpigarrena.

Poesia deskriptibo hiper-laburra esan dugu baina, badakizue, ondo landutako haikuek filosofiarantz egiten dute halabeharrez, durundu berezi bat sortzen baitute gure baitan, esaten dutena baino gehiago esango balute bezala. Harria uretara botakeran lez, uhinek luzetu egiten dute Magdalenaren poesia: “eurite motza/ hostoak busti dira/ enborra siku”, edo “larre moztua/ elkarren ezberdinak/ belar guztiak” edo, Matsuo Basho maisu handiari omen eginez, “basho bete ur/ haikuan izoztuta/ irakurtzen dut”.

Haikuak bere iturburu literarioa antzinako Txinako erlijio nagusietan dauka: budismoa, konfuzionismoa eta taoismoa. Pentsamenduok Asiako eskualde ugaritara hedatu ziren, eta Japoniara iritsi gero idazkera eskema laburrok, jakinduriaz jantziak eta eragin handikoak. Japoniarrek lehendik zeuzkaten euren poesian —katauta, sedoka, txoka, tanka— halako eiteak. Haikua gurean berandu loratu zen, baina oreka prekario eder berean dago oinarriturik, Busonen tximeleta hura bezala: “Tenplu-kanpaian/ Lotan da geldi-geldi,/ Pinpilinpauxa”.

Igerabidek, Linazasorok… askok praktikatu dute arte delikatu hau, baina niretzat maiteenak Peru Magdalenarenak dira, aszeta bat delako, detailearen zilargin behinena. Berak badaki ekartzen natura destilaturik onena gure espirituarentzat, Fuji mendia Anboto dela ebatzita: “anboto hortxe/ sugandila hementxe/ udaberrian”. Berak badaki keinu literario bat jartzen leku egokian —“maitea dator/ gure bihotza nahasi/ eta badoa”—. Meteoroak, ibaiak, mendiak, zuhaitzak. Animaliak, landareak, norbera. Arkatza, haikua. Sentitu egiten du poesia Peru Magdalenak, eta hori igarri egiten da; tantaka doa iragaziz-iragaziz mundu miragarri bat.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak