kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Ibaiertzeko ipuina / Oihane Amantegi Uriarte / Elkar, 2020

Ibaian behera ura nola Irati Majuelo / Berria, 2020-06-21

Oihane Amantegiren estreinako lana da Elkar argitaletxearekin plazaratu berri duen eleberri motz hau, ipuinaren eta nobelaren artean jolasten den narrazioa. Istorio labur bezain intentso batean, Amerikako Estatu Batuetako lurretara garamatza idazle zornotzarrak, Ochlockonee ibaiaren ertzera, bizitzak eta heriotzak elkar agurtzen duten bidegurutzera.

Ume baten begietatik ikusten dugu Alabamatik Georgiara aldatutako bikote gazte bat, ibaiertzean etxea zutitzearekin batera familia eta bizitza berri bat eraikitzera doazenak. Herritar xumeen bizimoldea, eta bizitza sinpleak sinple izateari uzten dionean dakartzan arantzak. Ochlockonee ibaiak landutako lurrak ur azpian hartzeko izaten dituen apetak, eta hondamendi horren fruitu, urtero udaberria gozotzen duen tupelo eztia. Ume baten begietatik ikusten dugu, era berean, bere jaiotza propioa, eta gertuko heriotza batek denboran zehar hartzen dituen formak: mina, tristura, berunezko pisua, hutsunea, alboan sentitzearen laguntza, agurra.

Hasiera batean bihurgunerik eta malkarrik gabea irudi dezakeen istorioak sakontasuna eta interesa irabazten du aurrera egin ahala, haurren inozentzia horren inozentea ere ez dela behin eta berriz berresteaz gain. Amantegik bere hitzetan harrapatu eta ur-lasterretan behera eramaten du irakurlea, helmuga ahaztu duenak bidearen xehetasunak gozatzen dituen gisan. Uraren murmurioaren eta erleen burrunbaren artean, ordea, galdera bat uzten du zintzilik AEBen hegoaldeko paisaiaren hondoan: ezer kentzen duen orok beste ezer desberdina badakar, ibaiaren uholdeek eztia nola, maite den norbaiten heriotzak zer dakar?

Heriotzaren misterioak zein hutsunearen fisikotasunak hartzen dute narrazioaren pisua, eta gainerakoa bigarren planoan geratzen da. Apenas baliatzen ditu Amantegik lau zertzelada istorioa Georgiako parajeetan kokatzeko: ibaia, etxea, herrixka, ez du gehiagorik behar. Harmonikaren doinuek eta landarako katiuska gorriek egiten dute gainontzekoa, gure memoria literario eta zinematografikoak bestela, berehala gorpuzten baita hegoaldeko paisaia ohikoa irakurlearen begietan. Denboran zehaztapen handirik gabe ere, badakigu noiz, zer, nola, badakigu ez dela orain, eta bereziki, ez dugula behar zehaztasunez jakin historiaren zein urte xehetan jazotzen den istorioa. Izan ere, ez da hain esanguratsua, heriotza, gai unibertsala izateaz gain, atenporala ere badelako. Narrazioa gerta zitekeen beste espazio batean, beste garai batean, baina ezin uka idazlearen hautuek, berezko soinu bandaz lagundurik, ukitu berezia ematen diotela liburuari.

Estilo propio markatua du Amantegik, bizia eta adierazkorra. Idazkera pertsonal hori da, ziur aski, lehendabiziko argitalpen honi haize freskoa ematen diona, betiereko gai bati bestelako begiratua eskaintzen diona. Mitikoa eta originala da, aldi berean, Ibaiertzeko ipuina-k dakarkigun giroa eta proposamena. Harmonikaren doinu erritmikoan aurkeztu eta, ibaian behera ura nola doan, aurrera eramaten gaituena ezinbestean, bizitzaren mugimendu etengabean baina hausnarketen zurrunbiloetan korapilaturik, txalupatik sekula jaitsi gabe, bake moduko batean itsasoratzeko azkenean.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak