kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Poesia kaiera / Alejandra Pizarnik (Asier Sarasola) / Susa, 2018

Basoan barneratzea Peru Iparragirre / Berria, 2018-10-07

Kalean da dagoeneko Alejandra Pizarnik (Avellaneda, Argentina, 1936 Buenos Aires, 1972) poetari eskainitako kaiera, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak saileko 28. zenbakia. Lehenago ere irakurri ahal izan ditugu argentinar poetaren testu batzuk euskaraz. Kaier honetako poemak itzuli eta apailatu dituen Asier Sarasolak itzuli zuen poema bat Hitzen Uberan atarirako, 2010ean: kaierean jasota dagoen Esnaera; Danele Sarriugartek Pizarniken egunerokoaren pasarte batzuk itzuli zituen Elearazi atarirako 2014ean.

Aurten, bestalde, Idatz & Mintz aldizkariaren 63. zenbakian ikusi dute argia Xabier Bovedak itzulitako hamabost poemek, zeinetariko batzuk kaierean ere jasota dauden, Sarasolaren itzulpenean. Ariketa interesgarria da jatorrizkoa eta bi itzulpenak konparatzea, Pizarniken zorroztasun iradokitzailearen interpretazio ezberdinen bidez hizkuntzen zokoetan eta esanahien ertzetan barneratzea. Itzultzaileen hautuak konparatiboki balioesteko parada ematen du egoerak, laugarren bertsio bat sortzeko. Sarasolaren itzulpena leiala eta aberatsa iruditu zait, nahiz eta hautu batzuk zalantzagarriak egin zaizkidan alderatzean.

Antologia honetan osorik dakar itzultzaileak Dianaren arbola liburua, Pizarnikek 1962an Parisen idatzi zuena, eta horregatik bakarrik, beharbada, merezi du liburua eskuetan hartzeak. Beste aipamen bat egitearren, liburu horretako poema guztiak ere itzuli ditu Bovedak Idatz & Mintz aldizkarirako. Hala, Pizarniken obran berebiziko garrantzia duen lanaren bi bertsio dauzkagu euskaraz irakurgai.

MPK sailaren ohiko maketazioaren ondorioz, bata bestearen segidan daude pilatuta poemak. Kosta egiten da irakurtzerakoan poema bakoitzari behar duen tartea ematea, bisualki bada ere. Zorionez, poemek arreta eskatzen eta bereganatzen dute eta haietara berriro itzuli behar da irakurlea eta hitzetan barneratu, baso batean nola. Edizioaren mugak muga, beti da harrigarria Munduko Poesia Kaieren 60 orrialdeetan zenbat poema, zenbat poesia, kabitu daitekeen. Kasu honetan, behintzat, agerikoa da Pizarniken obra oparoaren hautaketa esanguratsua dela bilduma.

Jatorrizkora jo behar izan gabe edo itzulpenak alderatzen ibili behar izan gabe da gozagarri antologia hau, itzulpenak geruza bat gehiago ematen baitio Pizarniken poesiari, kontrasteen —are, kontraesanen— poetikaren elementu gehigarri bilakatuz. Ez da kasualitatea kaierean jasota dagoen azken poeman —Gau honetan, mundu honetan— idazketari eta hizkuntzari berari erreferentzia egitea poetak. Pizarnik, bera ere hainbat poetaren itzultzaile, kontziente baitzen hitzen garrantziaz eta hutsaltasunaz, hizkuntzaren mugez eta aukerez.

Saihetsezina da hainbat sinbolo edo irudi errepikatuta ikustea poemotan zehar, Pizarniken obran behin eta berriro agertzen direnak. Txoriak eta kaiolak, esaterako, edo odolaren isiltasuna, besteak beste. Dena dela, honela dio poetak Ispiluaren bideak poemaren XIII. atalean: “Eguzkia nahiz ilargia eta izarra esanda ere, gertatzen zaizkidan kontuez ari naiz.” Hain da indartsua bere ni poetikoa, irakurlea bere baitan hartzen duela, ni bakarra balego legez: poetarena, eta mundua, egiazko mundua, bere poemetakoa: txorietan kaiolak eta kaioletan txoriak erakusten dituena, ura esanez edaten duena.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak