kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Eguzkia ateri / Karlos Linazasoro / Egilearen edizioa, 2002

Txiki-txiki-txikia Gerardo Markuleta / Egunero, 2003-03-22

Autoedizioak ez du, denbora askoan, oso izen ona izan liburuzaleen artean. Bere orijinala argitaletxez argitaletxe eta ukaziorik ukazio ibili ondoren, amorruz poltsikoa astindu eta berak kaleratzeko tema hartu duen idazlearekin lotu izan dugulako, beharbada. “Egileak berak eginiko” edizioak orri fotokopiatu gaizki josiekin lotzen genituen.

Gaur egun, zorionez, autoedizioa lotuago ikusten dugu inprimatzeko prozedura informatikoez edo artisau antzeko prozeduren bidez sortutako liburuekin. Autoedizioak baditu egun, baita gurean ere, bere fruitu goxoak, artearen ederrez, ederraren arteaz umotuak. Horietako bat dugu, dudarik gabe, salgai ez dagoen liburutto hau, miniaturazko harribitxia, mini poesia liburua, hori guztia baita Karlos Linazasororen Eguzkia ateri.

Paper birziklatu sendoan inprimatua, orriak zulatu eta zuntz antzeko batez josi eta bistan lotua dago. Azalean, egilearen zuri-beltzeko marrazki bat: eguzkiaren azpian, mendi baten pean, giza-irudi beltz batzuk dantza zein borrokarako izan daitekeen higitze eroan. 150 aleko edizioa dela gaztigatzen du inprimatze-oinak.

Bere txikian (13×10 cm), hirurogei poema labur biltzen ditu Linazasororen liburukiak. Hiru lerro, hamazazpi silaba, dozena bat hitz gehienez: molde berekoak guztiak, haikuaren erakoak. Koblakariaren arima eta begien pareko paisaia batera biltzea eskatzen du haikuak, oso era labur, xume, arin, grafikoan. Ezinbestekoa da Natura begiratze eta deskribatzetik harago joatea, eta inspirazio dardarizo bat, Natura eta giza espiritua lotuko dituen zertzeladan: sarri, zentzumenen emaitzak nahasteko joera. Adibide batekin hobeto ulertuko ahal da: “Galsoroaren isiltasuna / zauritan: / amapolak”.

Linazasororen liburua goxoki bat da, berdin azalean eta mamian. Aurkikuntza fonikoa handik: “Ezerño ez zara adaskan, / txori; / hegan zara zu haragi” (ahots gora irakur bedi). Aurkikuntza lexikoa hemendik: “Aztorearen hegaletan / dantzan, urdinkiro, / airea”. Ederrik eder dabil irakurlea Eguzkia ateri xume baina dotorean.

Liburu iruzkin hau gonbidapen bat da, argitaletxeren bati edo besteri liburu hau lagun gehiagorentzako moduan berriz argitara ematera anima daitezen. Baina iruzkin honek, alegia, hain irakurle-multzo txikiarentzat eginiko liburu bati hainbesteko arreta emateak, metafora bat ere izan nahi du: egunkari txiki batena, herri txiki batena, txikerrena balitz ere ederretan ederra, txikiena izanik ere ezinbestekoa.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak