kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Begoñaren itzalpean / Jose Inazio Basterretxea / Elkar, 2016

Memoriaren zirrikituetan aztarrika Amaia Serrano Mariezkurrena / Argia, 2017-05-28

Nobela honek berezitasunik badu, hori da azaleratzen duela 36ko Gerrari buruzko euskal eleberrigintzan (eta euskaldunon memoria kolektiboetan) agertu ohi ez den imajinario bat. Izan ere, gure iruditeri literarioan gudarien eta jazarrien memoriak fikzionatu dira gehienbat eta, zentzu horretan, eleberri honetako kontakizunak hainbat mito deseraikitzen ditu: euskaldunak ere frankisten bandoan aritu zirela (ez soilik errekete bezala), eta frankisten harrobi itxuraz homogeneo eta sendoan ere izan bazirela talde ezberdinen arteko tentsioak (errekete vs frankista; falangista vs frankista).

Narratzaile batek baino gehiagok osatzen du istorioa, eta ahots bilduma horrek Begoñako Basilikan gertatutako erasoa eta haren ondorioak ertz eta denbora-geruza ezberdinetatik azaltzen dizkigu. Gertaera hori bilakatzen da frankisten barruko gatazken sinbolo, baina pertsonaia guztiengan dago Gerratik 80ko hamarkadara arteko borroken arrastoa.

Eleberriaren hasiera indartsua da, ez soilik bi amoranteren arteko sexu-eszena bat irudikatzen delako, baizik eta istorioaren gako nagusia gordetzen duelako, intrigari ateak zabalduz. Egitura aldetik, informazioa dosi txikitan ematea da, hain zuzen, nobelaren alderdirik aipagarrienetakoa. Trukean, baina, badira istorioaren sinesgarritasuna kolokan jartzen duten zenbait gertaera; esate baterako, Kelenek bere esku duen informazio guztia Barandi ikerlariari hasieratik ez ematea edota pertsonaiaren baten justifikatu gabeko bat-bateko heriotza.

Kontakizuna bi ildo narratibok osatzen dute, eta horien arteko loturak askatuko ditu Alberto Barandiaran detektibeak bide horretan aurrera egiteko bigarren mailako pertsonaiak giltza izanik. Horrez gain, plano narratibo bakoitza genero literario baten arabera josia da: frankismo garaikoak eleberri historikoaren ezaugarriak ditu, eta 80ko hamarkadako istorioak eleberri beltz klasikoaren zantzuak. Azken hori, baina, topikoz betea da, eta horrek apurtzen du bestearen freskotasuna. Tamalez, gurasoak nortzuk dituen jakin nahi duen Kelenek ez du bere identitate pertsonalean arakatzen; maitasunaren bideetan galtzen da.

Ez dago heroitasunik, ez eta dramatismorik ere, frankisten biktima bilakatzen diren falangisten kontakizunean; epikaz betetako narrazio ofizialetik urruntzen da, beraz. Alabaina, horrek ez die gogortasunik kentzen pasarte krudelei, eta frankisten bandoko heriotzen kontakizunak haien sufrimendura gerturatzeko ahalegin gisa uler daitezke. Tzvetan Todorovek berak esana da ezen, iragan traumatikoko gizarte baten baketze bidean, bereizten bainoago elkartzen gaituzten narrazioak sortzea ezinbestekoa dela.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak