« Eromenaren puzzlea | Ezkutuko trama »
Zazpigarren heriotza / Juan Gorostidi / Erein, 2016
Legearen aurrean jartzeko, gogoeta zubia Mikel Asurmendi / argia.eus, 2016-08-16
Juan Gorostidi (Berrondo) izen berria da euskal letretan. Lau kantari: Beñat Achiary, Mikel Laboa, Imanol Larzabal eta Ruper Ordorika (Pamiela, 2011) saioa kaleratu zuenean, “hara, nor da idazle hau?”, galdetu nion nire buruari. Zazpigarren heriotza irakurri ondoren, galderari erantzun ahal izan diot, hein batean bederen. Alegia, Juan Gorostidi pertsonaren berri badakit orain, beste edozein euskal idazleren beste.
Zazpigarren heriotza dela eta, lehen juzkua: idazle plazaratu berria izanagatik, euskara bere-berezkoa du saiogileak. Bere lehen saioa euskal kantagintzari buruzkoa izan zen, eta oraingo honen “musika” iragan mende erdi honetako “jendartearen doinuez” osatuta dago. Tira, esaldi horren literaltasunaren ifrentzua behar dugu. Ifrentzua Zazpigarren heriotzaren izen azpikoa duzu. Saioak autonomiaz eta bortxaz dihardu, dolu baterako arrastoak dakartza. Horien gainean ederki jardun du Gorostidik. Oparoa da saioa.
Attila József idazlearen Zazpigarren heriotza poemari aipu egiten dio saiogileak hastapenean. “Attila József langileen poeta” izan zen. Hori adieraztea funtsezkoa iruditzen zait Juan Gorostidiren nondik norakoa ezagutu aldera. Aipua ez da debaldekoa. Poemaren ondoren, 2011ko urriaren 21ean jartzen gaitu idazleak: “Alaba maitea…”. Irati alabari zuzentzen zaio idazlea gutun bidez. “2011ko urria” ez da edozein data gure herrian. Urriaren 20 hartan ETAk jardun armatua behin betiko utzi zuela adierazi baitzuen. ETA da gaia. ETA fenomeno sozio-politiko armatua. ETA edo dena delakoa, ez ETA soilik, alabaina.
Zer izan da baina, ETA? Hona arrapostu labur bat: 50 urteko espresio politiko bortitza, hamaika ildotan espresatua. Izerdia, odola eta malkoak isurarazia. Alde bitan ez ezik, hamaika aldetan barreiatua. Bost urte dira ETAk ez duela odolik isurarazten. Bizkitartean baina, izerdia eta malkoak ez dira eten. “Orain hasten da zailena” ziotson aitak alabari duela bost urte. Denborak arrazoia eman dio aitari, saiogileari. ETA, izenik izen, besteak beste, belaunaldi fenomenoa da. Saio hau lekuko.
Trantsizio ondorengo ETAtik gaur arteko ETAren porrotaz ari da saioa. Ez horretaz soilik, desobedientzia zibilaren porrotaz ere mintzo da. Hamaika esparru eta gai hizpide tarteko: 1970eko hamarkadaz oro har. Trantsizio politikoaz. Lemoiz zentralaren bilakaeraz, energia nuklearren aurkako mugimenduaz. Errenteriako fenomeno asanblearioaz. Gasteizko langileen aurkako sarraskiaz…
Nader y Simin, una separación filma hizpide harturik (fikzioaren ildoan) zuzendu zaio alabari saiogilea, baita horren ildoan ETA fenomenoaz bere aburua eman ere. Filmaren protagonistak iraniar familiako kideak dira. Nader eta Simin dira gurasoak, Tremeth berriz, alaba: “Protagonista nagusia”. Alta bada, eguneroko errealitatera etorrita, pertsonaia nagusia “legea” da. Halaxe uste du saiogileak. Filmeko pertsonaiek “Legearen aurrean” kokatu behar dute beren burua. Eta halaxe edo halatsu ETA fenomenoa protagonizatu duten hiru belaunaldiek ere. Hots, “legearen aurrean” jartzeko tenorea heldu da, heldu zaigu.
Zazpigarren heriotza aurkibidearen poema eta gutun bati baino ez diet aipu egin iruzkin honetan. Alabaina, saioa Juan Gorostidiren sorterriaren ondoan hasten da eraikitzen: Errenterian izan zen. Halaxe dio lehen atalak, edo halaxe ikusi dut neronek: Sorlekuak badu funtsa sorterrira bide egiteko, areago langilea izanez gero. Sortu, minez sortzen baita ezinbestez. Bigarren atalean datoz ezintasunaren arrastoak: kaltea, damua, konbertsioa, erreparazioa, fetitxeak. Oi fetitxeak!
Hondarrean Terra nullius-era heldu gara, inoren lurraldera iritsi ere. Errealitatearekin topo egin dugu bere hutsean: espazioa eta denboraren menpekoak bilakatuak. Izan ere, “demokrazia eta askatasuna” xede, “akastunak! gara. Ideologia absolutisten fetitxeak. Gure historia berria hain krudela ez balitz, akatsak gaitz-erdi. Juan Gorostidiren bigarren saioan —saioa izan arren— hamaika dira protagonistak. Protagonista errealak, hala fede! Saioak berez —literatur ekimenaz ari naiz, oro har— itaunak ekarri ohi ditu, arrapostuak nekez.
Anartean, ongi etorri Zazpigarren heriotza saioa. Legearen aurrean jartzeko gogoeta zubia da saioa. Honelako edo honen antzeko isuria ekarriko duten saioaz beste “hamaika” baletoz, hainbat hobe. Euskal Herria eta Beharrizan hitz kidekoak baitira, tamalez edo zorionez. Edo nik hala ikusi eta hala uste. Usteak erdi ustel! Ikusiak itsuski ikusiagatik ere!
P. S.: Zazpigarren heriotza irakurri ostean, inpresio bat, besteak beste: “Zazpi” edo “hamaika” bizitza ezagututa ere, pertsonok “hamalau” izan ohi gara betiere.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres