kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Bide izkutua / Hugo Wast (S. Berasaluze / J. Iturria / I. Unzurrunzaga) / Itxaropena, 1956

Bide izkutua Luis Mitxelena / Egan, 1957

Berri atseginak ekarri dizkigu liburutxo honek euskaldunoi. Ikusi dugu batetik goi-mailako liburuak ez ezik, beheragoko irakurgai polit eta askorentzakoak ere itzultzeko kemena eta astia gelditzen zaigula. Ez baita besterik eleberri hau: interesduna, ederki moldatua, esku trebez josia, arina eta edozeinek, eta gazte jendeak batez ere, gogoz irakur dezakeena. Eta pozgarri izan zaigu, bestetik, egileak, bere euskal jatorriaz oroiturik, itzulpen honi egin dion harrera sutsua. Hugo Wast-en eskutitz ederrak Donostiako egunorokoetan agertu dira eta hemen ere irakur ditzakegu Aita Villasantek sarreran ipini dituen hitz egokietan.

“Itunbe” izengoitiaren azpian izkutatu diren itzultzaileak, ez da gehiegi harritzeko, hiru frantziskotar gazte dira, lehen ere ongi ezagunak euskal lanetan: Iturria’tar Joseba, Unzurrunzaga’tar Imanol eta Berasaluze’tar Sabin. Txalo beroak merezi dituzte itzulgaia zorrozki begiz joaz gainera itzul lana ederki burutu dutelako.

Itzulpen honek Euskaltzaindiaren 1954ko sariketan bigarren saria eraman zuen, aurrenekoa Etxaideren Joanak joan-entzat zelarik. Ni baino duinago direnek ikusi eta sariztatu dituzte, beraz, lan bikain honen alde onak eta mereziak.

Euskaratua denez gero, hizkeraz jardun beharko dut hemen, labur bederen. Nere ustez El camino de las llamas-ek ez du askorik galdu gure hizkuntzara aldatzean. Itzultzaileek gorde dute, eta ez zen egiteko samurra, liburuaren bizia, arina eta erraza. Euskaraz pentsatuak eta esanak dirudite zati askok eta askok. Eta auzo-lanean egina izanik ere, eta, esan didatenez, nork bere zatia banaka itzuli duelarik, ez zaio gehiegi nabari batasunik ez hori. Nere begiak behintzat, zorrotzagoak ez dakit, ez ziratekeen konturatuko, aldez aurretik jakin ez banu.

Hizkera eta idaz-tankera maiz aldatzen dira gurean azkenaldi honetan. Zorioneko aldaketa, ez baikenezake idoro bizi garelako ezaugarri hoberik. Itunbe-ren hizkera nolabait esateko, berri xamarra dugu, baina ez berrienetakoa: bart arratsekoa dela esango nuke gaur eguerdikoa baino areago. Ez dut txartzat esan, ez bainaiz gaurkoek, gaurko direlako bakarrik, edozertan arrazoi dutela uste dutenetakoa.

Bart arratseko deitu dudan hizkera hori ezaguerazteko, ezaugarri hauexek aukeratuko nituzke: hitz-laburtzeak (“juten”, “erregin zirudin”, “laban txiki bat” “logurez”, “moitu”, “orduntxe”, “aberen bat”, “pentsa dezu”, “zer gerta da?”, etc.), adizki sintetiko gutxitan erabiltzen direnak edo inoiz erabili ez direnak (“dasan” ez “dion”, “damaizu”, “darantzuio”, “daukadate”, “Begola pake”), -ki atzizkia (“erantzuki”, “atzematera jarraituki”), aditz gabeko izen-esaldiak (Gerok ematen guretzako legeak, eta indarrez gorde-arazi), zukako hizketa elkarrizketaz kanpora (“metro pare bat galdu gabe zetorkizun”, “garalle gendun”), literatur hizkuntzan orain arte sarrerarik izan ez duten esaerak (“dantzalari” ez “dantzari”, “osta-zale” ez “ostalari” edo “ostatari”, “dijoazte, zijoazten”, “bai’du, bai’zuen”, “Pizarra igikor zirudin”, “Nikanor’k, Soler’k, Agilar’k”, “Matildetzaz”, “ortzaka”, etc.), lege jakinik eza zenbait puntutan (“etzun iñork jakin gero nork il zuan”, “arkitu ninduala ta laztandu nindula”), dialektu nahastea (ikusiren, ezkonduren, sendaturen, osatuten ). Azkeneko honek ondore kaltegarriak ditu, ez baita beti erraz jakiten nola mintzatzen diren beste euskalkietan. Hemendik datoz, noski, “betetzen ba’dezazu”, “oñ bat aurreratzen ba’dezazu”. “Entzun ondo, Pizarra, mutil trebe ta yayoa bazaitez” ta antzekoak.

Guztioi, eta neroni aurrenik, itzurtzen zaizkigun zenbait huts baztertuz gero, egileek poesi-prosarako duten joeran daudela deritzat itzulpen honen alde txarrenak. Hizkera-mota asko daude eta badu bakoitzak bere garaia eta tenorea: ez gara kulpitutik ari, ari direnak, sukalde zokoan bezala. Eta “Os Lusiadas” baten doinu jasoa destokitua ageri da, Mogelek esango zukeen bezala, honen antzeko nobela arrunt bat itzultzean. Poesi-prosa horretarako duenak ixuria nahiago izaten ditu esaera berriak, gutxi edo behin ere ez entzunak, ohiturazkoak baino. Hau da, nere ustez, lehen aipatu ditudan esaera frankoren iturburua, eta beste zenbaitena ere bai: “Gezur ari zatzait”, “Gidari zakidazu”, “Laster senar zaitudake”, “Emakume ori len aizpa zitzaidan”, “erantzun zion irri”, “tximista baten ariñez”, “gero il ninduzuke”, “maite al ninduzuke”, “Pazientzia inditarrena aña arkitzea”, “Teniente jaunarekin soilki zerbait esan bearra det”, eta abar.

Ez naiz honetan ari hutsak, edo huts-ustekoak, bilatzea maite dudalako. Lehen esan dut, baita berriro ere esango, Itunbek lan ederra eta onuragarria egin duela, erabat hartuz gero. Euskaraz poesi hizkera trebea daukagu, zenbait olerkariri eskerrak: prosa hizkera, berriz, ez dago, nik uste, behar lukeen mailan. Nolanahi ere, baditugu beheragoko hizkera arrunt eta egunoro egiten dugun euskararen antzekoago horretan zenbait gidari argi. Eleberrietan, esaterako, Mogel, D. Agirre, Kirikiño, orainengo Jon Etxaide eta, zenbait akats kenduz gero, Loidi bera ere bai. Horiena da, nere iritziz, bide jatorra sail honetan.

Hitzaurreaz bi hitz esango nituzke, Tolstoi-zalea naizenez. Ez dute lagunarte onean sartu, munduan izan diren dozena pare bat nobelista garairen artean aipa beharrekoa denez gero. W. Scott ez du lagun txarra. Pereda ere bere neurrian, tira. B. M. Croker, ordea, ez nuke nik behintzat horien aldamenean izendatuko. Naverry, berriz, ez dakit nor den. Eta nere ama zenak zioenez, maizago izan ditut nobelak esku artean, elizedo eskola-liburuak baino.

Liburu hau “Kuliska sorta”-k ohi duen, eta euskal irakurleek hain maite dugun, itxura ederrean azaldu da, Iriondok poliki apaindua.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak