kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ez adiorik / Raymond Chandler (Xabier Olarra) / Igela, 1991

R. Chandler: Marlowe ere gerraren ondare Anjel Lertxundi / El Diario Vasco, 1991-11-20

Philip Marlowe detektibea ez zen hasiera bateko Raymond Chandler-en (Chicago, 1888 – La Jolla, 1959) nobeletan akzioa bideratzeko aitzakia besterik. Akzioak behar izaten du haritik tirako duen protagonista bat —kazetari edo polizia, modu batez zein bestez ikertzaile papera beteko lukeena…— eta Chandler-ek, bere belaunaldiko idazle enparauen eszeptizismo berberarekin, detektibea hautatuko du: independientea da halakoa, bai diru iturriei dagokienez, bai horrek eskaintzen dion iritziekiko askatasunean ere.

Eskematismoaren arriskutik libratu ezinik, Marlowe ezkertiarra da, Mc Carthy gartzelara bidean pozik asko jarriko zukeen horietako komunistoidea (gizartea zalantzan jartzen duen oro bezala) eta antiamerikarra (eredu amerikarrarekiko eszeptisizmoa agertzen duena).

Baina eskematismoa saihestu beharra dago Marloweri buruz mintzatzerakoan, eta hartarako 252. orrialdean ageri den pasarteak lagun dakiguke. Cocktail batean dagoela, neskato bat inguratuko zaio Marloweri eta galdetuko dio:

—“Komunismoa interesatzen zaizu? Denek interesatu behar luketela uste dut. Baina hemen dabiltzan gizonezkoei galdetzen badiezu, esku sartzen hasten zaizkizu besterik gabe. Eta ongi eginez gero, ez zait gehiegi axola”.

Eta Marloweren erantzuna, ekiboko ironiko batekin dimentsio berriak eskainiz pertsonaiaren eszeptisimoari:

—“Ez fidatu nerekin”.

Mundu klase hau daukagu

Halere, bi motiboak uztarturik daude, noski: gizartea zalantzan jartzen duelako da eszeptiko detektibea eredu amerikarrarekiko ere. Marlowek ondo ezagutzen du legea. “Arau liburua ezagutzen dik”, dio polizia batek Marloweri buruz, segidan eransteko: “baina ahaztuta zebilek”.

Arrazoi sakonak ditu legeaz ahaztu ez, baina lege ustelduaren eta delituaren arteko oreka gordetzen ahalegintzeko Marlowek, eta ez da kaskarrena Gregorius kapitaina bezalako lege-zaintzaileek (?) eskaintzen diotena: “Delituak argitzen dituena argi fokoa eta porrak erabiliz, eta giltzurdinetako ostikoak, belaunkadak hankartean, ukabilkadak plexo solarren, eta ipurtxuntxurrean makilkadak emanez”.

Egun batzutarako gartzelara sartzen dutenean ere, Marloweren burutazioek atxilotuaren nortasun zanpatzailetzat jotzen dute gartzelaren funtzioa: “Espetxean gizonak ez du nortasunik. Antolaketa-problematxo bat eta txostenetan sarrera batzuk, pertsona horixe besterik ez da han. Inori ez zaio axola nork maite duen, edo nork gorroto, zer itxura duen edo bizitzan zen egin duen. Inork ez du erreakzionatzen, istilua sortu ezean”.

Marlowe, bestalde, ohart da mundu modernoa eskuratzen ari den arma berriaz, informazioaren indarraz, eta ohart da kostako zaiola Lennox bere bezeroa libratzea hilketa salaketatik: Lennox-en emaztearen gorpua hilda aurkitu dute eta Lennox bera da susmagai nagusi… kasua itxi nahi izango den arte, Lennox-ek bere buruaz beste egin duelako aitzakiapean.

Lennox-en aitaginarreba, Harlan Potter —“kanpo aldera dena duintasun viktorianoa, barrendik Gestapoko borreroa bezain gupidagabea”— hiriko egunkari nagusienen jabe da.

Irakurlea berehala ohartuko da bide horretatik ezagutuko dituela eragozpen larrienak Lennox-i gertatuaz susmo handiak dituen Marlowek, prentsak kontrolatu eta manipulatu egingo bait ditu legea, polizia, eta beharrazkoa den oro: —“Egunkarien jabeak gizon aberatsak izaten dira, eta haiek argitaratzen dituzte”—; gertakizunek hala adierazten dutenean, berriz, baita isilarazi ere begien bistan dagoena: —“Norbait Lennox kasuaren inguruan harresi bat eraikitzen ari da (…) Ongi erabiliz gero, adiskide, isiltasun pila haundia ere eros daiteke diru horrekin”—.

Nobela honetako azierto nagusi bat da Lennox gerrako beterano gisa aurkeztea, Mendy Menendez eta Randy Star makarrekin batera. Trintxeran daudela, obus bat erori da hiruen erdian. Ez da lehertu. Lennoxek obusa hartu eta trintxera-zulotik aterako du. Jaurti urrutira eta ezpal batek aurpegiaren alde bat harrapatu zion Lennoxi.

Baina Lennox-ek berak, hil aurretik, hala zurituko du bere bi adiskideren bizitza legez kanpokoa, Marlowek adierazten dionean jentilaje hori ez zaiola gustatzen:

—“Hori hitz bat besterik ez da, Marlowe. Mundu klase hau daukagu. .Bi gerratek ondare hori utzi digute eta guk huts egin behar”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak