kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Pendrive / Arrate Mardaras / Susa, 2013

Ahaztu eta galtzen ditugun gauzen aitzakian (h)istori(o)a(k) berridazten Amaia Alvarez Uria / Argia, 2014-02-09

Narrazio sorta hau, istorioen sare hau, idazle batek ahaztutako pendrive batekin hasten da. Editore batek liburu hau osatzen duten zatiak topatu eta argitaratzea erabaki zuen. Maitasun istorioak biltzen ditu liburuak, zenbait garai historikotan sakabanatuta daudenak eta maitatzeko modu desberdinak agertzen dizkigunak. Egiturarekin jolasean ibili da idazlea, edo editorea, edo pertsonaien taldea, eta irakurlea balizko editorearen hasierako eta amaierako oharrekin gidatzen dute, baina baita tarteka azaltzen den Sinda pertsonaiaren ibilbideek lagunduta ere, edo idazlearen sormen prozesuan kiribilduta geratuz batzuetan.

Narrazio sorta honetako ipuin bakoitzari hizkera, testu mota eta ahots narratibo zehatzak eman zaizkio. Garaian garaiko lexikoa eta kontatzeko era berezia bilatu du egileak, aukera linguistiko eta estilistiko desberdinak eginez, adibidez, hikaren erabilera, latinaren eraginez euskarara heldutako hitzen baztertzea, gutun formatua, edo bigarren pertsonaren erabilera.

Gaia, esan bezala, maitasun istorioak dira. Hainbat garai historikotan irudikatu ditu narraziook eta bakoitzak du bere berezitasuna, baina errepikatzen diren ideia batzuk ere badaude, hala nola, askatasuna eta honen gabezia, denboraren iragaitea eta honen arrastoa orainaldian, eta bizi-aro desberdinetako pertsonen arteko (botere) harremanak.

Amodioaren gazi-gozoak agertzen zaizkigu maitasuna sua eta lotura bezala irudikatzearekin batera: arauen urraketa, banatu eta geroko berriro hurbiltzeko saioa, biolentzia eta jabetza, gorputzak edo buruak ekarritako sentimendua eta, azken ipuinean, euskal literatura garaikidearen ipuin ezagun baten jarraipena: Joseba Sarrionandiaren Narrazioak liburuko Ginebra erregina herbestean-en hurrengo eguna, hurrengo urtea, hurrengo amodio-gatazka.

Historiaurretik erromatarren arora garamatza, Erdi Arotik gerra zibilera, eta 2000. urtera ere ailegatzen da. Euskal Herrian kokatzen dira narrazio guztiak eta maitatzeko modu anitzak dakarzkigu. Bizitzarekin borrokan agertzen zaizkigu pertsonaiak, haien desira eta nahiei jarraika eta azkenik literaturaren altzoan bidaiatzera eta emozioekin hunkitzera gonbidatzen gaitu narratzaileak:

Ikusle hutsak izan gaitezke-eta! Ez al gara, ordea, protagonistaren azalarekin janzten gehienetan? Eta beste pertsonaia askoren azalarekin ere askotan? Horrela, bidaia ezezagun baterako izena ematen dugu. Inongo arriskurik ez duen bidaia baterako izena, edozein mementotan amai dezakeguna, irribarre batzuez edota negar anpulu batzuez ordainduko duguna. Pagotxa hutsa!”.

Beste pasarte batekin amaitu nahiko genuke kritika, lan honen sintesia izan daitekeena:

Pertsonaiei beste aukera bat eman behar diegu, eta gure buruari ere bai. Maitasuna lehergailu bat da, eskuetan leher lekizuke eta elbarri utzi, edo urre-meatze batean leher egin lezake, eta betiko aberatsarazi. Egizu ahalegina, Sinda, eta maitasunari beste bertsio bat eskatu, beste amaiera bat besterik ez bada”.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak