kritiken hemeroteka

8.535 kritika

« | »

Pendrive / Arrate Mardaras / Susa, 2013

Aldamioa eta etxola Alex Gurrutxaga / Berria, 2013-12-29

Arrate Mardarasek bere lehen liburua argitaratu du berriki, Pendrive, eta apustu ausarta egin du bertan. Ausarta, diot, bi arrazoirengatik. Batetik, idazleak goi-literaturaren jokalekua hautatu duelako —liburuaren erlazio estratestualak eta baliatutako errekurtso andana lekuko—. Bestetik, borgestarretik asko duen jokoa delako liburuan dagoena eta, egun, Jorge Luis Borgesen literaturaren oihartzuna duen ezer saiatzea ausarta delako.

Zertan da joko borgestarra? Liburuaren oinarrian izkribu aurkituaren jokoa dago; lehen atalean narratzailea editore gisa aurkezten zaigu. Ez da gauza berria, egia, baina kasu honetan pendrive bat da narratzaileak topatu duena, eta esaten zaigu liburuko testuak pendrive horretakoak direla —epilogo bat ere egiten du, oso borgestarra hau ere—. Joko honek inplikazio nagusi bat du: ilusioaren haustura. Alegia, irakurleak etengabe du gogoan aurrean duena ipuina dela, constructum-a, fikzioa. Horrez gain, badaude ilusioa are gehiago hausten duten matizak. Hala nola, Demagun-eko irakurle inplizitua, Nola zuen izena? ipuinaren hasierako “zirriborroa” —azken bertsioaren aurre-testu gisa aurkezten dena—, edo ipuin batzuen amaieran dauden oharrak (Okelaerrea eta Ihesi dabilenak). Hau guztia joko interesgarri eta zaila da baina, akaso, ahul xamar gauzatua. Aipaturiko “zirriborroak” deus gutxi eskaintzen dio ipuinari —koordenada metaliterarioaz gain—, eta oharrak, filologikoak eta ez literarioak, ez dira literatura irakurleak maite dituen gauza.

Ipuinetako gai nagusiak maitasuna, maitasunerako zailtasunak eta ihesa —fisikoa eta norbere baitakoa— dira. Kontakizunak euskal herriaren historiaren une desberdinetan gertatzen dira, eta horrek batasun moduko bat sortzen du tonuari dagokionez. Gainera, dokumentazio lan handia dago. Hala ere, badago zalantzan jar daitekeen zerbait: dokumentazioak eta lan historikoak literaturaren mesedetan egon behar dute eta, hemen, tarteka literatura ezkutatu egiten da datuen atzean. Adibidez, Nola zuen izena? ipuinean Frantziako Tourra Donostiara iritsi zela aipatzen da; kontu interesgarria, baina esangura gutxikoa ipuinaren baitan. Aldiz, ipuinek dotore egiten dute aurrera narrazioa biluziagoa, istorioan bertan zentratuagoa denean.

Badaude liburua gurutzatzen duten lerro interesgarriak. Gai konstante batzuez gain, han eta hemen agertzen diren pendrive-ena litzateke horietako bat. Beste bat Sindaren istorioa da, ingelesez short story cycle deitzen dutenaren antzeko zerbait; ildo konstante bat markatzen du, liburua hasi eta buka, hainbat ataletan agertzen baitira pertsonaia honi loturiko aferak.

Oro har, Pendrive-n errekurtso asko ikusten da, batasunaren zainketa eta aniztasun izugarria forma eta tonuetan, lanketa handia gai historikoetan, eta “egilearen intentzioa” usna liteke. Erreferentzia testualak ere ez dira makalak: Borgesen eta Cortazarren airea, Sarrionandiaren Ginebra paregabeari omenaldia, e.a. Dokumentazio lana, esan bezala, nabarmena da, eta baliabideen erabileran idazleak duen ahalmena eta egindako lana bereziki azpimarratzekoak dira. Baina, horiek horrela izanik ere, emaitza zalantzagarria da. Izan ere, literaturan, baliabide orok medio izan behar du, eta irakurleak ikusi behar du errekurtsoak literaturaren mesedetan daudela —baita metaliteraturaz ari garenean ere—. Hemen, ordea, medioak emaitza estaltzen du maiz: literaturaren mekanismoekin egindako jokoek ipuinetan dauden istorioak indartu beharrean, higatu egiten dituzte. Aldamioa oso nabarmena da, idazle askok beretzat nahi lukeen ahalmenez jasoa. Haatik, hartatik sortzen den literatura ez da hain ikusgarria.

Azken kritikak

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Pleibak
Miren Amuriza

Mikel Asurmendi

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

Hedabideak