kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Piztiarioak / Txiliku / Elkar, 2012

Piztiaren xarma Iratxe Esnaola / Berria, 2013-04-07

Tradizioaren barruan Bestiarium vocabulum deitu izan zaio piztiarioari, hots, piztien bildumari. Horietan, deskribapen fisikoaz haraindi, kreaturen ohitura eta izaera dira aipagai, izan piztiak benetako, irudimenezko, zein hibrido. Txilikuren zaletasunen artean genuen, jada, piztienganako jaidura hori, 2009. urtean Juan Luis Baroja Collet artistaren grabatuekin batera osatu baitzuen egile zarauztarrak lehen piztiario bat. Handik ekarri ditu ale berri honetara fikziozko kreaturak, nahiz oraingoan alegiazkoen ondoan benetako piztiak ere paratu. Bi zerrenda ditu, hain justu, liburuak. Irudimenezko izakien zerrenda eta benetakoena, izan ere, autoreari aurrekoek adina irrika sortzen diote bigarrenek. Lagun ekarri ditu, gainera, Jose Belmonte Rocandioren marrazkiak eta mundu honetako piztien argazkiak, Interneteko orrialdeen loturez gainera, irakurlearen entretenigarri. Naturako izakien ezagutzak aniztasun kontzeptua barneratzen lagundu izan dit, beharbada, ideia uniforme eta zingiratuak astintzen laguntzen duelako bertako aberastasunak, eta, azken buruan, aniztasun horrekin gizakionganako begirada itzulikatzeko aukera dugulako. Gizakiok animalia benetakoak zein asmatutakoak deskribatzen baditugu, zein da interesa ez bada gure jakintza eremutik haiek sailkatu eta harrapatzea? Alegia, gure marka inprimatzea? Piztiek erakartzen gaituzte gizatiarretik dutenagatik, edo hobe, gizatiartasuna atxikitzen diegunetik. Elizak eta predikari moralek piztiarioetako adibideak baliatu izan dituzte lezio moralak emateko, haien ekintzei atxiki usteen bidez. Ez dira bakarrak. Denok uzten ditugu gure ideia fosilak.

Egileak kreaturen gainean pilatu duen jakintza xehe eta argi dakarkigu. Ikasiz entreteni gaitezkeelako ideia eskolakoa oroitarazi dit irakurketak, Natur Zientzien ikasgaia, ez gutxitan, ikertzearen pasioaz gain irakastearena transmititzen duelako, apika. Biologia, anatomia, soziologia, biografia, historia nahasten dituzten testu hibridoetan barrena goaz bidaian itsas azpira, zeru zabalera, mende batetik bestera, kontinentetik kontinentera, mitologiatik mitologiara. Jakintza hau, alabaina, ez dator (ezta halakorik bilatu ere, nik uste) ustezko objektibotasun premisetatik. Zientziaren aurkikuntzek planteatu izan dituzten dilematan posizionatzen da egilea, Darwinismoaz eta Kreazionismoaz, zientziaren merkantilizazioaz, edo enpresen patente grinaz. Gero, jakintzaren ondoren, dator iritzia. Aspaldiko piztiarioetan ondorio moralak emateko ohitura baldin bazen, eta, Txilikuk dioskunez, berak joera hori ekidin nahi izanagatik ere, hainbat kasutan ezin du. Baiki. Irakaspena azpimarratzea tentazio du ni-ak. Beraz, egilearen iritzia dugu ezagupen; zer iritzi du kontrazepzioaz, zer ugalketaz, zer harreman sozial zein intimoez. Egia bada gizakiek garai bakoitzean begi ezberdinekin egin diotela so piztiei, ez da egia txikiagoa garai bereko biren arteko begiradaren aldea. Egilearen interpretazio hainbatekin ez naiz ados egon, eta egileari kontra eginez jardun naiz, kontrakotasun adiskidetsuan edo ikuspuntu deman, nahi bada, nire begiek askotan hark ikusitakoa ezin ikusirik, edo ni neroni aieruetan erabat urrundurik. Ezezagunaren eremuak (piztiez ez dakigunak) duen erakargarritasun behinena hutsuneak gure printzipio moral, balio, utopia eta bestelako detrituz betetzen ditugula da, eta, noski, ezin bik bat bera ikus. Errealak diren piztiek gogobete naute gehien disputa entretenigarri horretan, eta, ikasi ere, haietaz ikasi dut gehien. Nolanahi dela, nago izaki mitologikoak eta benetakoak nahasten amaituko dudala gogoan, kariñoa edo higuina, beldurra edo kitzikapena eragiten didaten munstroen eitea nahastuz, eta, nork daki, irudimenean piztia hibrido berriak ahalbidetuz.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak