kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Mussche / Kirmen Uribe / Susa, 2012

Mussche Jon Kortazar / El Correo, 2012-12-22

Hainbeste laudaturiko Bilbao-New York-Bilbao nobelaren ondoren, Kirmen Uribek argitaratzen duen bigarren kontakizunaren izenburua dugu Mussche. Robert Mussche izeneko pertsonaia belgikar baten bizitzan oinarriturik, pertsonak eman dio izena liburuari.

2012ko azaroaren 2lean jaso nuen, Gorka Arresek, Susa argitaletxeko buruak, bidalita nobelaren pdfa. Nire Ipadeko Ebookean sartu nuen, eta hasi nintzen irakurtzen, baina ez nintzen eroso sentitzen eta bertan behera utzi nuen irakurketa, paperezko kopiaren zain.

2102ko azaroaren 28an Kirmen Uribek berak, Ander Lipusek eta Miren Gaztañagak nobelaren irakurketa aurkeztu zuten Bilboko Kafe Antzokian. Giroa hotza egin bazitzaidan ere, Ander Lipusen ahotsaren sakontasuna gozatuz at, testuak zuen erritmoa oso deigarria egin zitzaidan irakurketak aurrera egin ahala. Ez du herri ahozkotasunarekin loturarik, ez, baina esaldiak ur beherak bezala egiten du irrist, dantza egiten du irakurlearen begi-belarrietan. Ahots mamitsua dago testu guztiaren barnean hari guztiak ehuntzen, eta nobelako azken esaldiak adierazi duenez: “bihotzeko lagun bati”, 2011n desagerturiko Aitzol Aramaiori hitz egingo balio bezala jarraitzen du testuak ahotsaren aitorpen kutsua mantenduz.

2012ko abenduaren 4an hasi nuen irakurketa. Ezin da bat-batean aurreko nobela ahaztu Mussche irakurtzeko orduan. Orrialdeetan ageri dira aurrekoan landuriko zenbait teknika nagusi: zatikako kontaketa; egituran loturak egitearena (Euskal Herriko haurrak, Robert Musscheren historia, beste hirugarren istorio bat, batez ere lehen kapituluetan); zatien arteko lotura; ipuina ipuinaren barnean kontatzearena; historia nagusiak pertsonen historia txikian duen garrantzia (136-137 orrietan, eta orobat liburu osoan); errealitatea eta fikzioa nahasteko tasuna (99 eta 187 orrietan); hizkuntza txikietan idaztearen zama eta poza; prosa metafora poetikoz lotzearena (“Poesiarik gabe hankamotz geratzen da zientzia” 47. or; baina baita ere “tiraka mandoek arrantzaleen sareari bezala”), liburua Roberten hilobi gisa aurkeztea; errepikapenak: “zenbait gauza ez dira sekulan ahazten” lelo moduan; agian, irakurleari jarritako laxoren bat: Carmen aitarekin lotzen denekoa lehen kapituluan, adibidez; ideologia desberdinekoek elkar onartzea; eta argazkiaren nagusitasuna; narrazioari buruzko hausnarketa, nahiz eta orain mingots agertu “egile burges horiek idatzitako estilo ariketa arin hauekin”.

2012ko abenduaren 9an artikulutxo hau idazten ari naizen artean, pentsatzen dut Mussche aurrekoa baino kontaketa tradizionalagoa dela, datak ongi mantenduak (bateren bat akats txikiz agerturik omen dago) paragrafoaren lehen momentuan irakurketa gidatzeko mugarri gisa, ez dago abangoardiaren agerpen argirik. Erich Hackelen Adios a Sidonie gogoangarria ekarri dut inoiz aurrekari gisa, batez ere dokumentazio lana handia egin delako, baina nobelagile austriarra baino sentimenduz hornituagoa dago nobela hau. Ez dut uste Robert Musscheren heriotza unea nobelagile austriarrak horrela kontatuko zukeenik. Baina errealitatera hurbiltzeko ahalegina handia egin da, eta Bilbao-New York-Bilbaorekin elkartuz ez dirudi lana hemen txikiagoa izan denik, nahiz eta bilduagoa eta tradizionalagoa, liburuetara eta Mussche sendiaren artxibategira mugatua batez ere, eta hurbilketa horren adibide handia da azalerako erabili den benetako argazkia, testuan zehar (101. or.) komentatu egiten dena. Zentzu horretan sentimenduen harilkatzeak, Carmenek azken pasarteetan egiten dituen aurkikuntza sareak, puntu berezia eman dio liburuari. Ez dut ongi justifikatua ikusi Aitzol Aramaiori egindako azken pasarteko aipua, nobelaren zentzua azaltzeko ez bada, behintzat. Hau da heroi galdu baten historia kontatu nahi da, “mundua aldatzeko modua” aurkitu nahi zuen Robert Musscheren historia.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak