kritiken hemeroteka

8.736 kritika

« | »

Emakume bat / Annie Ernaux (Itziar de Blas Fernandez de Gamarra) / Txalaparta, 2012

Kontatzen duen honen ama Iratxe Esnaola / Berria, 2012-04-08

Pasio hutsa, Gertakizuna, Lekua. Hiru tituluok ziren gaurdaino Igela argitaletxeak Annie Ernaux-ri euskarara ekarritako lanak. Duela ez asko irakurri nuen Une femme obra hau erdaraz, eta, eragin zidan efektua tarteko, ingurukoei liburuaren berri eman nahi bai, baina istorioa zertan zetzan adieraztean, ez nintzen gai haren indarraren misterioa transmititzeko. Euskaraz, bigarren irakurraldi honetan, zirrara bera eragin dit, eta uste dut hobeto ulertu dudala hain laburra den narrazio honen grazia berezia. Kontakizun hasierak, lehenengo pertsona narratzaileari amaren heriotzaren berri ematen diotela, Albert Camusen Atzerritarra dakar gogora. Kasu hartan bezala, amaren heriotzatik sentimentalki urrun delako irudipena ematen du narratzaileak, heriotzaren ingurumariei aipu eginez. Ez pena adierazpenik, saminik, itxuran. Laster amaitzen da, ordea, erreferentziaren oihartzuna. Ondo neurtutakoak, bai, baina maitasun eta dolu adierazleak agertzen hasten dira alabaren partetik. Norbere ama hil ostean haren historia kontatu nahiari erantzuten dio liburu esperimentu honek. Baina ez da biografia bat, eta ez da eleberri bat.

Badakigu narratzaile eta idazleak hamar hilabete eman dituela idazten. Haren helburua norbere amaz beste baten ama balitz bezala hitz egitea da. Alegia, amaren istorioa alabaren ikuspuntutik ez, baizik emakumearen historiatik ekartzea. Horrek eskatzen du egoera sozialean txertatua ikustea haren izaera, eta, ama ulertzeko, alabaren oroitzapenak baino zerbait gehiago baliatzea. Horri guztiari amaren heriotza gertatu berriko doluak zailtasuna areagotzen dio, eta historia eraiki nahi badu ere, ni-alaba ezin du erabat iragazi. Amaren historia kontatu nahiagatik, alabaren historia, bere historia propioa, ezin du ekidin eta azkenik ama-alaba harremanean sakontzen amaitzen du. Merituzko bi puntu. Bata, norbere amaren eta familiaren ezaugarriak berak bezain hitz gutxirekin eta zorroztasun trinkoarekin deskribatu ahal izatea. Bestea, hain egoera tenkatuan amarenganako distantzia hartzeko adorea eta eskuzabaltasuna izatea. Narratzailearen samina sakona da, bai, baina esku artean dugun dokumentu hau idazteari esker, amaren hasiera eta amaiera lotzea lortzen du, horrela itzuliz munduratu zuena gabeko bizitzara.

Nola egiten da hori? Nola hartu distantzia norbere amaz hitz egiteko? Hainbat eratan. Argazkiez baliatuz eta haiei buruz hitz eginaz. Amak esandako esaldiak kakotx artean txertatuz eta zabalagoa den jendarteko eta garaiko testuinguruan ulertzen saiatuz. Oroitzapen zaparradez, irudiekin. Amaren jaiotza, gaztetasuna, bizibidea, heldu aroa, zahartzaroa zein heriotza. Miresgarri gertatzen dena, memoriaren txokoetako irudiak aurkitzea baino gehiago, horiei zentzu objektibo bat emateko erakusten duen tenplea da. Zuzen-zuzenean harira doan narrazioa da hauxe. Bizitzako mugarri garrantzitsuenak hautatzeko zalantzarik egin ez balu bezala transmititzen dizkigu amaren pasarte hautatuak, esan bat eta aurrera segi, atzean uzten duen ubera gertakizun berri baten pisuaz berehala estaliz. Estilo arrunt zuzenean, esaldi motz zorrotzekin adierazten digu zer izan den beretzat ama bat. Hotza eta neurtua omen Annie Ernaux-ren idazkera. Bai formalki, baina hunkipenari ez dizkio ateak ixten, inolaz ere. Zehaztasuna eta konkrezioa bilatzen du, baina hunkipenak agertzea beharrezko bada, pintzelada soil batez izanda ere, agerian uzten ditu bere efektua egin dezaten. Estilo ez joriko sentimendu agertze zuzena esan genezake. Aski eragingarria, haren mezua gogoan har dezagun: “narratzaile izateaz gain, kontatutako guztiak bizitakoa ere banaiz, eta idazteak, tarteka, sendatu egiten gaitu”.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak