kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Joan da negua / Mikel Ibarguren / Susa, 2011

Aresti eta Zea Mays Igor Estankona / Argia, 2011-07-24

Negua igaro dela gaztigatzen digute Gabriel Arestik eta Zea Mays taldekoek poema liburua zabaldu eta berehala. Halako haize epel bat sartzen da orduan, iratzarri egiten da poetaren kontzientzia: “gure birikak esnatu berri dira / barrunbe suminduotan / ahanzturaren periferietan”. Lerrook irakurrikeran berritu egin zait Deserriko karrikak (Susa, 2002) irakurri nueneko sentipena: idazkera lehorra eta kiribil bakoa da Ibargurenena, hausnarketarako joera handia dauka, absentziaren gaiaren zapore mikatza dakar, eta mekanika bat ia-ia antipoetikoa.

Isiltasunak, minbiziak eta hasieraren zein amaieraren gai eternoek gurutzatzen dute Joan da negua. Idazleak berak esana da arrangurei eta sentipen gordinenei jarri dizkiela hitzak, baina tonu baikorrean. Alegia, berak bizi izan duen “barruko negu hori” joan dela, eta horren aldarri litzatekeela liburua.

Ez dakit. Mingostasuna ezagutu duenaren tristezia kontagiatzen du liburuak —batzuetan liluratu ere bai—, baina orokorrean huts egiten du, nire ustez. Ez dauka zintzotasunarekin zerikusirik —zeina esan barik doan—, baizik eta sinesgarritasunarekin. Artifizial xamarra bihurtzen du irakurketa irudien doitasun faltak: “ez da inor ageri argiaren haraindian / ebakuatu egin dituzte begiradak / begiak husteko abisua eman ostean”. Liburuko lehen zati moteleko pasarte honen antzekoek liburutik “irten arazi” egin naute sarri. Hitzen nahaste arraroek —begiradak ebakuatu—, subjekturik ezak, erredundantziak… hustasun sentsazioa eragin didate, kontrakoa eragin beharrean.

Joan da neguan usnatzen diren baikortasun malenkoniatsua edo baretutako ezkortasuna erretorikan galtzen dira, finean. “Ez dakit zure periferiara / trenik etortzen den paisaiak ekartzera” edo “taupaden denbora minerala” eta antzeko sinestesiekin liburuaren funtsa den bizitzaren poesiatik urruntzen da idazkera. Egunerokotik beldur unibertsalei zentzua aurkitzen ahalegindu diren autoreak asko izan dira, baina lortu dutenak gutxi batzuk bakarrik. Buruarekin baino areago bihotzarekin idazten ahalegindu izan direnak iritsi dira hizkuntzaren muga horietara, eta beharbada Ibargureni falta izan zaio zerbait polito esateko berba iradokitzaileak beste leku batzuetan ere bilatzea. Subkontzienteari kasu gehiago egiten dieten zoroek arrisku handia hartzen dute, baina eurek gutxienez, noizean behin, aurkitzen dute diskurtsoa. Joan da neguan, hori bai hori, egon badagoen eta barrunta daitekeen emozioa hitzek eurek hozten dute maiz.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak