« Heldutasunezko poesia | Ardo zahar ederki ondua »
Zureak egin du / Iñaki Friera / Susa, 2009
Txotxongilo jokoa Mikel Ayerbe / Berria, 2009-12-13
Helduei zuzenduriko Lehorreko paterak (Susa, 2001) nobelan Iñaki Frierak egungo gizarteko auzi bat aukeratu zuen fikzioa eraikitzeko, behin pateraz Europara iritsi ostean etorkin horiek bizi duten infernua, hain zuzen. Oraingoan, Zureak egin du nobela berriak gizartea jotzen duen beste arazo bat du oinarri, Frierak emakumeen aurkako indarkeriaren gaia aukeratu baitu thriller moduko bat osatzeko.
Izan ere, gai honek gizartean oihartzun eta erantzun gehiago duen neurrian, nabaria da azkenaldian gure liburuetan ere ageriago dagoen gaia dela. Hori deritzot, behintzat, Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana, Miel Anjel Mintegiren Berriz ere hutsetik hastera edo, aldeak alde, Nunila Lopez eta Myriam Camerosen Marizipristinek ez du zorioneko galeperrik nahi liburuak irakurtzean, hiru adibide oso ezberdin aipatzearren.
Zureak egin du nobelako argumentuan zentratuz, protagonista eta narratzaile kazetariari emakumeen aurkako tratu txarrei buruzko erreportaje-ikerketa sakon bat egiteko agindua emango dio nagusiak, eta horrekin batera, gutun anonimo bat jasoko du erredakzioan. Gutunean, gizonezko batek jipoitzen duen emakumearen bideo irudiak eta ondorengo oharra: “Zergatik biktimaren bila ibili, erasotzailea zigortzea bilatu beharrean?”. Kazetaria tranpan erori eta Sofiaren kasu bitxia ikertzen hasiko da. Horrela ezagutuko ditu auziaren atzean inplikaturiko biktimak, baita gizonezko baten indarkeriaren ondorioak ere, eta ohartzerako, istorioan hasieratik korapilatuta dagoen hari bat besterik ez dela jabetuko da protagonista.
Liburuaren egiturari dagokionez, bi planotan banatzen da kontakizuna. Batetik, istorioa linealki jarraitzen duen narrazioa dago; eta bestetik, Sofiaren kasuan zerikusiren bat izan duten pertsonaien adierazpenak gehitzen dira —itxuraz, epaiketa batean transkribaturiko deklarazioak liratekeenak—. Adierazpenen pasarteek istorioaren linealtasuna hausten dute, trama nagusia osatzeko balio dute eta argumentuaren garapena amaierara gidatzen laguntzen dute; eta, gainera, bukaeran aipaturiko bi planoek batasun eta erabateko zentzua dute.
Eta hala ere, liburua eskuetatik erori zaidala aitortu behar. Emakumeen aurkako indarkeria jasaten dutenen inguruko alderdi asko azaleratu eta fikzioa egiteko intrigazko generoko zenbait ezaugarriz baliatu arren, idazleak trama bihurri bezain artifizialegia eratu duela begitandu baitzait.
Bestalde, nobelako pertsonaien inguruan ere antzeko zerbait esan daiteke, hezur-haragizkoak izan beharrean trapuzkoak baitirudite zenbaitetan. Amaiera aldeko narratzailearen hitzak dira honakoak: “Manipulatua sentitu nintzen ostera ere, ulertzen ez nuen joko bateko txotxongilo. Nork mugitzen zituen sokak? Nork idatzi du antzezlana? Nor da zuzendaria, nor jardulea?”. Eta zinez, protagonistaz gain, beste hainbat pertsonaiarengatik ere pentsatu dut nik txotxongiloarena, soilik trama korapilatzeko balio duten neurrian agertzen eta desagertzen baitira —batez ere, bigarren edo hirugarren mailako pertsonaiak, eta bereziki neska-lagunaren rolak, nire onetik atera nauenak—.
Aipatu behar da nobela osoan izen propio bakarra agertzen dela, Sofia biktima nagusiarena, eta gainerakoak izen generikoen atzean ezkutatzen direla (aita, ahizpa, idazkaria, psikologoa…). Izan liteke anonimotasunaren bidez auziaren unibertsaltasuna aldarrikatu nahi izatea idazleak, baina esango nuke, besteak beste, pertsonaiak zein gertaerak irakurleari are arrotzago egiteko ere balio duela aukera honek.
Esandakoak esanik, eta erraz irakurtzen den liburua izanda ere, Zureak egin du nobelak hutsune asko dituela azpimarratuko nuke.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez