kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Hoteleko kontuak / Asier Serrano / Apokaliftin, 2001

Asier eta bere aingerua Igor Estankona / Gara, 2002-01-19

Sukar-amets baten antzeko liburu labur baina betea oparitu digute Apokaliftin Kultur Elkartekoek. “Putz” aldizkariaren eta hari lotutako produktu lotsagabeko guztien estalkia den elkarteak beste jauzi bat egin duela dirudi eta benetan espero dugu geroan bide honetatik jarraitzea, luma finak ez baitira falta inkorrekzioaren euskal taldean.

Xelebrea eta era berean patetikoa izateko asmoz egindako azaleko argazkian, idazle eibartarra bere aingeru guardako bizartsuarekin zigarro bat erretzen ari da. Barruan aingeru berbera kirol-zapatilekin ageri da. Eta badaude eskailerak ere, eta ateak, eta elurra.

Zaila da era horretako liburuak definitzea eta buruiritzia izan behar da hala edo hola kritikatzeko. Liburu han idazlearen ariketa sano pertsonala da, eta bere horretan hartu beharrekoa. Askatasun maila handiz idatzitakoa da, horren dudarik ez dago. Hotelek pertsonari ematen dioten izaera iragankorra aprobetxatuz idatzitako txatalak dira, leku batetik bestera egindako mudantzek bidaia itxura ematen diotelarik. Arrastorik utzi nahi ez baina bestalde hitz egin nahi digun liburua da. Bi alderdiotatik gozatzeko modukoa, beraz.

Denbora askoan esateko izan dituen hainbat gauza adierazten dizkigula uste dut, baina era berean joko bat ere bada, aurpegi, bizipen, duda eta abar nahasten diren joko konplikatua. Jokoaren piezak kolore guztietako pertsonaiak dira eta ez zaie erregelarik jarri, fikzioan diren bezalakoak izatea ez bada.

Pertsonaiez ari garela, gizartearen alboetako marra estuetan bizi direnak aurkituko ditu irakurleak: Serranoren hain gustuko diren hiltzaileak, prostitutak, beti pasean dauden hegaztiak. Denek daukate, hala ere, paparreari kabitu ere egiten ez zaien bihotza. Neurri bako bihotz horren ondorio dira, hain zuzen, pairatzen dituzten tristura izugarriak eta gozatzen dituzten poztasun erraldoiak. Tonu orokorra, ordea, eutsitako malkoena da. Bizitzak kolpeka konformismo triste batera eraman dituen bezeroak dira hotel hauetakoak. Horrek ez du esan nahi xamurtasuna edo zoriona ageri ez direnik, baina eszeptikoak dira arlo horretan. Bakardadeak zurratutako jendea da gehiena, atzera begira bizi dena. Hoteletako bezeroen artean egon ohi den korrekzio eta mesfidantzazko nahaste horrek giro egokia sortzen du.

Asierrek amamari egiten dion orrialde biko omenaldi sentituarekin idazlea bera ere pertsonaia bihurtzen da. Lerro eskas horiek irakurtzearren bakarrik gomendatuko nioke sinesgogorrari liburu hau.

Gelak —001, 512, 07—, hiriak —Paris, Donostia, Lisboa—, denak daude elkarrengandik bereiziegi. Ez du merezi mapan jarraitzerik, edo logika bilatzerik. Askotan ez du merezi logika bilatzerik gauzak kontatzeko erari berari ere. Hobe da, nire uste apalean, hiritik hirira edo hotel batetik bestera egiten diren aldaketa azkarretan berriro zerotik hastea.

Lehen aipatutako maketazio txukun horiek jakitera ematen dutenez, buelta batzuk eman ostean ateratako liburua da hau. Hala ere, irakurri ahala sumatzen zaion bat-batekotasuna garrantzitsua da. Hainbat hoteletako taberna bakoitzean hiruzpalau ohar idatzi dituenaren birmoldaketa lana dirudi, nahiz eta badakigun ez dela hala.

Paperezko zapietan inguruko errealitatea biltzen duen bidaiari bihurtu da Asier oraingoan. Gero, etxera heldutakoan, zapi horiek guztiak ordenarik gabeko mataza busti bat direla konturatuta, halaxe aurkeztu behar izan dizkigu, ordenarik gabe.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak