Ardi galdua / Resurreccion M. Azkue / Jesusen Biotzaren elaztegia, 1918
Azkueren “Ardi galdua” zentsurape 1918 gn. Eusebio Erkiaga / Idatz & Mintz, 1985-05
Gure herrikide lanzale hau jaio zala 120 urte bete diranean, Lekeition beredin jaikune zertu dabez, eta haren hazur hondakinak hango Basilikako kapilla baten ehortzi.
Norbaitek noizbait haren biografi osoa eta zehatza egin dagian, beharrezko da zerzeladak eta zernolak batzen guztiok ahalegin egitea; arean ere, 1964g. urtean eskatu genduan guk Udalak bere kabuz eta laguntzaz burutu egian. Ostera, alperrik izan zan, tamalez.
Horretarako orain, puntu bi jorratu gura ditugu.
1) Azkueren atsekabea “Ardigaldua” nobelea eleiz zentsurape geldierazo ebenean.
2) Barriztau dan zalantza bateri aurpegi emotea. Zera, R. M.Azkue beti euskalduna izan ete zan. Koldo albistari eta edasleak zirikatu dau ikuspegi hau, dendu-eza agertuz.
“Ardi galdua” Gasteizen geldi
Aspaldion erdi ahazturik geunkan zertxu honeri ere, ikutu egin gura deutsagu. Ikutu, zeharo azaldu ahal izateko asmoz, bidea edegiz edo. Gehienbat ez-jakinean dagoan zera da, Azkueren “Ardi galdua” elabarria 1918g. urtean argitaratu eban arren, eleizearen espenak dike lehorrean apurren baten geldierazo ebala.
Aspaldietan burutik urrundua, bapatean jakin-minaren eztenak ziki egin deusku barruan, idiari narruan akuluak lez.
Bai, ba. Nobela hori, orrialde bitako lerroak zirala-ta, zurrun, gogortuta geratu zan, hobeto esan, geratu eban, obispaduko espengilearen luma gorriak.
Irakurleak jakin daki elabarri honen egiturea karta bitartezkoa dana. Hau da, hamairu eskutitz, beste hainbeste kapitulu dira. Bederatzigarren eskutitzean gerta zan ezetza. Zehatzago, 91 eta 92g. orrialdeen edukirik larriena.
Zentsuran oharra egitea zegaitik izan ete zan jakingureak zirkin eragin deusku, kezka ilintitxua hauspetik argitara nahian. Sinismen gaietan esaera urtenen bat; orduko moral arloan gordinkeria ikututxuren bat?… Horrelakorik iruntsi ezinez gengozan. Arean ere, eskuar ez geunkan “Ardi galdua” bilatu, eta hona hemen, mahai ganean.
Eta hasieratik sailean irakurri dogu. Bide batez, “Morfologia”ren egilearen urratsen ondorik ibiltea beti ere, jakingarri dalako. Ez horraitio Azkue besterik ez lako hutsezina izan gendualako, haren alde onak eta txarrak ere —guztiok ditugunak— irakasgarri izaten jakuzalako baino. Eta beste hau ere, bidenabar. Nobela hau egiteko bidea kartagintzea izatea, behar bada, nekagarri zan irakurlearentzat. Halan ere, modu horretan zegaitik egin harek berak jakingo.
Sailean irakurteari ekin, eta heldu gara 9 g. eskutitzera. Abade egin barritan Leon, Leaburuko bere senide abade zaharraren ondoan egon da aste luzeetan. Baina, orduko jaurpideari adi, Arabako uriska baterako bereter izentau dabe. Faido uriskako abade. Senide abade zaharra mandoak hilda geratu da, kikilduta, okildurik, lobatzakoa beragandik urrundu deutsenean. Leon gaztea Leaburura ekartea, zelan lortu ahal izango?
…Ene! hementxe datza untzea. Koxka honek ekarri deutsa egurra Azkueri. Beraz, sinismen gai edota moral eta ekandu arloko ezer ete danik, ez dirudi. Zein da ba, horretara ezkero, agiraka edo errezpearen susterra?
Azkue jauna mindu samar geratu zan. Atsekabe barria sortu eutsoen, ordurarte ere, bateko eta bestekoek emonikoak gitxi bailirean. Zori onez, ereti haretan eta beti ere, Azkuek eroapenez jasan zituan hainbaten adarkadak. Berberak hainbat bider aitaturiko berezko gogaro onak errime laguntzen eutsalako. Odol gorria zan arren, umoretsua zan. Berotasunetan beheko ezpana dardaraka jarten jakon arren, sarri bai sarri irribarre gozoa erakusten ekian. Haren idazlanak lekuko.
Zentsura lerrokadea gauza larria ez zan ezkero, Azkue arbindu eta zerbait garraztu ebana hauxe zan: liburua moldiztegian eginda egoanean, kalera baino lehen lorrinlana egin beharra: liburuaren bizkarra hausi, saihetsak -orriakatara eta azal barria ipinteak ekartsozan lan, neke eta galtzaiak. Ale guztiak hausi-urratu eta azalbakotu beharra… barriren barri, orrialde barri bi trukau ondoren, liburua atonduteko.
Asarre samar Azkuek bai idatzi ere: “hamazortzi urte lehenago -irudimenez- jazorikoaz, eleizzentsureak zerbait ezabatubeharra”.
Zirriparrea sortu zan. Idazlearen txirristadea ete zan; obispua, harako edozeini ez baina, nor dan bati men-egiteko, amore emoteko prest edo, jarten ete eban nobelagilearen lumeak? Ausaz,… “con la iglesia hemos topado, Sancho”?
Azkuek atsekabetxu hori iruntsi, eta berrogei lerro inguru -ez jakin zenbat- barriro asmau eta idatzi zituan. Kendu behar eban zatiaren truke.
Ezer jakin ezean, irakurleak “Ardi galdua” nasai zertu, eta ezeren susmorik hartu ez, gehienbat. Edozeini jazorikoa. Ustez, Azkuek azterrenik laga ez eban-eta. Hori, 91 eta 92 orrialdeetan barik, atzerago, Edirenguan datza.
Aurkibidea Etxeitak bere “Josetxo” lanean jarri eban antzera burutu eban don Resuk ere. Kapitulu bakotxeko edukiaren laburpena ipini.
Azkuek, horraitio, konturatzeke seguru asko, 164g. orrialdean hiru berba ez zituan kendu, eta… irarririk lotu ziran. Cursiva hizkiz dagoz: Condesa de Burunda.
Hona hemen idoro, guk bilaturiko giltza. Idazleak, edatsiaren harian, obispuagana bitarteko lez bialdu gura ebana, andere hori edo zan. Nor dan bat zan, ez edonor.
Azkuek men egin eban. Baina ez zan turdiduta, mutu geratu.
Idatzirik laga eban Gasteizera joan zan gutun baten: “hurrengo nire nobelan, destinoa dalakoa lortzeko bitartekotzat, ez dot ez Kondesarik, ez Markesik, ez Ministrurik, ez Osiorik ta ez Paulorik izentauko.”
Are gehiago zan harek idatzia: “nazana nazanez, promes egiten dot lan barriaren orrialdeetan ez sotanarik, ez habiturik, ez beaten mantilarik eta ezta latinazo txikerrenik ere, sartuko ez dodala.” Eutsi horri, ondarrutarrak.
Eta azkenik, zein zati kendu eban eta zein truke ezarri jakiteko, azterrena utzi eban. Liburu lehenengoetarik lau, hau da, zentsurabakoetarik lau zabaldu zituala. Bata, barriro eskuratuko ebala uste eban. Ostera, beste hirurak
Baiona eleiz-barrutiraino joan zirala.
Gure eruditoren batek argitu begi noizbait testu jatorra zein izan zan, eta zein, aldatu behar izan ebana gure Azkue handiak. Eskerrik asko.
Koldo San Sebatian eta Azkue euskalduna
Idazle azkar honek zalantzan jarri gura izan dau Azkue ea beti euskeradun izan ete zan. Abuztuko zenbaki baten, 1984 urteaz dihardugu, “Euzkadi” aldizkarian hain zuzen.
Irakurleak ba daki 1868g. urtean, Bizkaiko Aldundiak halakoren baten Euskal-irakasgoa eratu gura izan ebala. Horretarako deia egin eban. Irakasle izango zana, konkurtso moduz izen au eban. Ez zan lehiaketa hutsa, oposizino gordina izan: konkurtsoa soilik. Ez eben azterketarik egin, izena emon eben sei irakaslegeiek.
Resurreccion
Maria Azkue izentau eben. Haxe irakasle.
Esames handiak izan ziran. Ez da harritzeko. Toki baterako sei… Erabagite jokaldi haretan Aldundikoek esku ona izan ete eben? “Geroak esan beza…”
Koldok zirikada bi daukaz aitaturiko aldizkariko lanean. Batak, Sabin-en berbak ditu oinarri: lekeitiarrak lantxu bat agertu ebala; aitaren olerkaritasunaren gerizan agertu zala: Azkuek, euskerea inoiz ahaztu jakon Azkuek, ez ebala ordurarte, 1888g. urterarte gramatikaz ikasi. Besteak… ez dauka zuribiderik; arinkeria trauskila da: “y aquel curita que no sabía euskera, llegó a ser…” eta abar.
Guzurra dirudi harik geroetara honelako ganorabakokeriak astindutea.
Azkuek konkurtso haretara “Grankanton arrantsaleak” irakurgaia agertu eban. Ordurarte euskal-gramatika arloetan sarturik ibili ez zana, berberak idatzia da.
Baina hortik… euskeraz ez ekiala… eta euskerea inoiz ahaztu egin jakola… Tira, tira! Horrelako lelokeriarik zelan idatzi lei inok… 1984 g. une honetan?
“Grankanton arrantsaleak” hogetalau une izanik idatzi ebanak, euskeraz ez jakin? Hamalau urterarte ama euskaldun hutsa zanagaz bizi, orduko Lekeition bizi, eta urtero-urtero, 87 bete arteko guztian udan bere jaioterrian asteak aste emoten zituan don Resuk, ez eban euskera ahaztuteko aukerarik izan… ez astirik… ez gogorik.
Gure arrantzaleak esan ohi daben lez: “samea egingo neuke” esanbarri doguna egia dana. Eragusgarririk…? “Grankanton arrantsaleak” bera!! Eta ez gaitezan liliputekoentzat idazten hasi.
Ez dakigu lan hau inoiz inprentan jarri dan. Harek berak eskuz egindakoaren xero bat eskuratu deusku, adiguritsu, Arana Martija adiskideak. Lan hau inoiz ikusi izan genduan Erriberako etxean. Baina, gure kaltetan, ez irakurri. Jakingarria dalako.
Hori idatzi eban mutil gazteak, -abade egin barri zan Azkueba ekian bai, euskeraz. Are gehiago; jasean idazten ere, ba ekian. Euskerea gramatikaz sakondu ez eban gazteak, euskerea menpe eukala erakusten deusku. Ordurako ere, idazlea zan ganera, artista ikutua eukana, eleder zelaian itsumustuan ez ebilena. Gaia, ezagun eban; eta jantzia, hizkerea, egia esan, “Ardi galdua”-ngo hizkerea baino biziagoa, herrikoiagoa ez ete dau? Txomin Agirrek “Kresala”-n laga euskun lan horren azterrena; zenbat bider irakurri ez ete eban?
Bai. Gure aldundikoek esku ona izan eben harako jokaldian. Geroak argi ta garbi esan deusku Azkuek euskera jakin ebala eten barik. Eta… etenak egin zituala besteoi irakasten. Gure esker ona. 1984.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres