kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Gogoa ibiltari / Jaime Kortabarria / Elkar, 1988

Gogoa ibiltari Dabid Zuazalde / Argia, 1988-10-02

Ferdinand de Saussurez geroztik mundu osoak onartutako egia da —eta askoz lehenago edonork suma zezakeena— hitz baten alderdi fonikoaren eta esanahiaren ardeko lotura —adierazi eta adierazlearen artekoa hitz zehatzak erabiltzearren— arbitrarioa dela; patata den zer horri, kasu, berdin berdin dei geniezaiokeela “txirripi” edo nahi duzun legez, bere izanak ez bait du izen berezirik eskatzen.

Euskal Herrian ordea, beste ezertan ez baina hizkuntz bitxikeriatan beti izan gara aberatsak, eta ugari goiko hori ukatu duten jakintsuak; guzti horien buruzagitzat Astarloa durangarra aitortzen dugu, zeinak argi eta garbi frogatu zuen euskarazko izenek gardenki adierazten zutela bere izana, beraz euskara zela munduko hizkuntza perfekto bakarra, eta ondorioz paradisuan Adan eta Eva gure guraso zaharrek erabili zutena.

Guzti honek liburuarekin zerikusirik ba ote duen galde dezakezue. Bai, badu: nobela honetan, paradisuan agian ez baina hil ostean behintzat mintzo den hizkuntza euskara baita, bai hemengo hildakoek bai Hong Kongoek erabilia. Nobela bitxia beraz, hasteko. Bitxia baino, xelebrea esango nuke. Hara laburbilduta zer gertatzen den: lehen orrietan norbait hil eta gogo bihurtzen, espiritu, eta beste gogo batzuekin elkartuko da. Beste munduko izakiak baina mundu honetan bizi direnak, ikusten ez ditugula.

Hori esanda, garbi dago berezia dela obra hau. Ondo edo txarto burutua dagoen jakin behar orain. Nik neure eritzia emango dizuet: izugarri aspergarria da; benetako nekeak izan ditugu bukatzeko. Hasteko, ez da ezer gertatzen. Gogoen erresuma horretan, jakituriaren jerarkia bat dago: ikasi ahala gehiago dira, hezi ahala hazi egiten dira hitz eginaz.

Lehengo eritzi gogorra leuntzeko, esan dezadan liburuaren alderdi onena, aipagarriena hitz jokuak direla; hauek ez dira hornidura huts, ezta jolas huts ere: berauen bitartez izenen azpiko izana argitu nahi bide da, euskararen bitartez munduaren azalpen metafisiko samar bat eginez. Dena adarjotze bat bada, luzeegi deritzogu, eta benetakoa balitz harrigarria egilea injinadorea —zientzigizona— izaki.

Egilea aipatu dugu. Jaime Kortabarria da bera, gernikarra, bere lehen literatur lana idatzi duena, eta gainera iazko Azkue saria irabazi. Badu meritua Jaimek, eta aitortzen diogu: hizkuntz gaitasun aparta du berbekin jolastu eta berriak asmatzeko, eta lexikoan Bizkaiko altxor aberatsari sekulako probetxua atera dio, ikusi ohi dugun baino gehiago. Nobela hau burutzen lan handia hartuko zuela uste dugu, nahiz gure ustez emaitza oso gustokoa izan ez.

Eta gustoz ari garenez, iazko Azkue sariko epaimahaiarena bestelakoa da, dudarik gabe. Haiek saritu, eta Bilboko Kutxak Elkar argitaletxearekin duen akordioaren arabera hauek publikatu. Epaimahai horretan, besteak beste, Euskadiko kritiko quasiofizialtzat ihardun izan duena zegoen; eta horrek, artikulu batean zera zioen norbait aipatuz: literatura izenean beste zerbait egiten zuenari erantzunkizun politikoa eskatu behar zitzaiola, gutxi gorabehera. Epaimahaian dagoenari ere erantzunkizun bat eskatu beharko diogu, ezta?

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak