« Egia dela ziurtatu didate | Itxaropenik eza »
Bizkarrean tatuaturiko mapak / Harkaitz Cano / Elkarlanean, 1998
Cano bidaiak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-06-20
Bidaiatzeko era asko daude. Agian, bidaiatzeko erak gizaki motak adina daude. Hala ere, bidaiatzeko orduan, gizakiak bilakaera bat jasan duen bezala, bidaiatzeko erak ere asko aldatu dira. Orain orokorrean da bidaiatzen, turismoa baizik ez da egiten. Horregatik, Bidaia agentzia hitzek ez naute konbentzitzen. Ni behintzat, hauetako bulego batean sartu naizenean, ez didate bidaiarik eskaini, turismoa egiteko aukerak baizik. Ondorioz, bulego hauen errotuluetan bidaia hitzaren ordez turismo hitzak azaldu behar luke: Turismo agentzia.
Bai, badakit errua nirea dela. Hots, bidaia eta agentzia hitzak antonimoak direla eta ez nukeela bizitzatik horrelako gauzak eskatzen joan behar. Baina inoiz ez dut itxaropenik galdu eta azkenean nire eskaerak entzunak izan dira. Lerro hauen bitartez aditzera eman behar baitizuet azkenean Bidaia agentzia bat ireki dela: Cano Bidaiak. Bai, bai, hemen Euskal Herrian eta, gainera, euskaraz jaramon egiten dizute.
Nolakoa da bere eskaintza? Beno, nahikoa bitxia. Bidaiatzeko beste kontzeptu bat da, modernoa gainera, oso hiritarra. Bere katalogoan hiriak soilik azaltzen dira, 49 hiri hain zuzen. Hiri hauek, ordea, mundu guztian hedatuak daude: Kairotik Amsterdamera, Erromatik Hong Kongera, New Yorketik Zantzibarrera, Reykjaviktik Rio de Janeirora. Ikusten duzuen bezala; eskaintza zabala da. Mota eta kolore guztietako hiriak daude gainera: lehen mundukoak, hirugarrenekoak, beroak, hotzak, aberatsak, pobreak…
Nola funtzionatzen duen agentzia honek? Modu errazean. Bulegora joaten zara eta lehenik hiria aukeratu behar duzu. Gero, bizkarra biluzten duzu eta aukeratutako hiriaren mapa bizkarrean tatuatzen dizute. Lasai egon, oraingo tatuajeak ez dira lehengoak bezalakoak, orain ez dute minik egiten eta nahikoa azkar egiten dituzte. Baina hemen ez da bukatzen guztia. Bizkarrean mapa tatuatzen dizuten bitartean, bulegoko langileek hiriaren inguruan belarrira kontakizun bat xuxurlatzen dizute. Helburua zera da, aukeratutako hiri horren inguruan zure adimena eta irudimena prestatzen joatea, gero zuk zure bidaia egin dezazun. Horrela soilik izango baitzara gerora bizkarrean daramazun mapa hori ulertzeko gai.
Nolako emaitzak eskaintzen ditu agentziak? Oso onak. Nik, honezkero 49 hiriak bisitatu ditut, eta orokorrean bidaia politak izan dira. Hiri batzuetan besteetan baino hobekiago pasa dut, baina guztietan zerbait berria ikasi dudala ere esan behar dut. Eta azken finean hori da bidaia batek eskaini behar dizuna: lekuetaz gozatzeko parada, ezagutzen ez duzun zerbait ikusteko aukera eta, batez ere, adimena eta irudimena garatzeko aukera. Eta Cano Bidaiak bulegoak hori guztia eskaintzen dizu.
Non dago bidaia agentzia hau? Ez du bulego finkorik, ez duzu gure hirietan aurkituko. Hala ere, gure artean dagoela egia da. Baina bidaiak berak kutsu magikoa duen bezala, bidaia agentzia hau ere ezin dugu egunerokotasunaren errealitatearekin ulertu. Bidaia agentzia hau aurkitzeko kanpoan baino gehiago gure barnean begiratu behar dugu. Zaila da, gure gaurkotasunak ez baitu horretara asko laguntzen, baina posible da, saiatu baino ez da egin behar.
Nola saiatu, ordea? Kontatu didate Elkarlanean argitaletxeak bidaia agentzia honetan belarrira xuxurlatzen dituzten hirien inguruko kontakizunak kaleratu dituela liburu batean bilduta. Ez dakidana, liburu honen azalean azaltzen den egileak, Harkaitz Canok, zer ikusirik izango duen Cano Bidaiak agentziarekin. Agian bai, idazlearen abizena eta agentziaren izena berdinak baitira, baina beharbada kasualitate hutsa besterik ez da. Baina beno, hori gutxienekoa da, bizitza, bidaiak eta irudimena bera ere kasualitateaz hornitzen baitira.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez