kritiken hemeroteka

8.549 kritika

« | »

Soneto hautatuak / William Shakespeare (Juan Garzia) / Alberdania, 1995

Udarako nire irakurketa-gomendioa Joxerra Garzia / Euskaldunon Egunkaria, 1995-07-23

Liburu irakurterrazak gomendatu ohi dira udarako. Horra nik sekula ulertu izan ez dudan gauza (gauzetako bat). Ez al dugu, bada, udan beste inoiz baino asti gehiago izaten? Ez al gaude beste egin-eta irakurri beharrekoetatik libreago? Uste jenerala omen den horren kontra, beraz, irakurterreza ez den liburua,gomendatu nahi nuke. Eta uda baino lehen irakurriz gero, hainbat hobe.

Eta zein da irakurterrezaren antonimoa? Irakurgaitza ez behintzat. Irakurzaila? Irakurnekeza? Hiztegi hutsari erreparatuta, akaso. Nik gomendatu nahi dudan liburuari, ordea, ez dagokio adjektibo horietako bakar bat ere.

Anaiarena gomendatu nahi dut, eta ez anaia dudalako. Aitzitik, anaia dudalarik ez nukeen bererik gomendatuko —badakizue, “inoren zer esangoak mozten dizkigu zangoak”— baldin eta uste izango banu hoberik argitaratu izan dela joan deneko… aspaldi —utzi dezagun zehazkabe— honetan.

Anaiarena, eta itzulpena, gainera, ea itzulpen-zaleak eta sortze-zaleak elkarren arteko lehian jarrizaleek eskarmentu hartzen duten, ez dut uste baina.

Kosta zait, baina hona boskarren parrafoan nire gomendioa azaldu: “William Shakespeareren soneto hautatuak Juan Garziak itzul-antolatuak”. Alberdania argitaletxean duzue. Hemendik aurrerakoan saiatuko naiz nire hautaketaren arrazoiak azaltzen.

Lehenik eta behin, William bera dago, duela lau mende gaurko hainbatenak baino gaurkotasun handiagoko gauzak idazten. Arte benetakoak hori baitu, arte-nahi guztiek bezala Aldiarekin, Denborarekin izanik borroka, gainerakoek ez bezala etsaia mendean hartu eta bere garaiko bezain betiko eta betirako (barka euskaltzainok) izatea, betikotasun hori gauza litekeen modu bakarrean eta benazkoenean: aldian aldiko izatea, aldian aldirakoa. Adibideak, nahi adina ugal litezke, baina hona hemen bat, ikaragarria:

Oroz gogait, nabil herio eske:

ikusirik nor dena behar gorri

eta deus ez den hori bikain-uste

eta Leialtasun zin-hautsi larri

[…]

eta artea Agintek lotua

eta Sasiko jakintsuen gailen

eta egia zozotzat hartua

eta prestua mende gaiztoaren.

Ustelkeria ez da zenbaitek uste bide duen bezain oraintsukoa.

Baina ez da William, Juan baizik, nire gomendioaren arrazoirik behinena. Izan ere, Williamek duela 400 bat urte euskaraz idazteko zoria izan balu (euskarak, noski), halaxe, Juanek idatzi dituen bezalaxe idatziko zituzkeela uste dut sonetook. Baina egin dezagun kontu, nire hipotesia ez, baizik eta benetan idatzi zituela Shakespearek bere sonetoak euskaraz.

Imajina ditzaket ingelesak, ingelesez hamalaukodunik, sonetorik eraikitzerik ba ote dagoen eztabaida bizian, Arte Ederretako Komunetako Ganbara edo dena delako horretan. Pobrearen ametsak, ordea, beti amets dira, eta honetan ere aski bekigu lau bat mende beranduago datorren hau.

Sonetoen shakespearetasuna bermatzeko Juanek erabili dituen hizkuntza-baliapideak argi eta garbi azaldu ditu egileak hitzaurre mamitsuan. Arau estuak ezarri dizkio bere buruari, eta gero arauok guztion begi-bistara jarri zorrotz asko, bi Koldorenekin (Mitxelena eta Izagirre) bakarrik alderatzeko moduko prosa eta estiloan.

Denbora-gabetasun moduko bat darie sonetooi euskarazko bertsioan. Adizki trinkoen lerroarteko begiratu metafisikoak izan lezake irudipen horretan eraginik, baina uste dut hitzaurrean maisuki azaltzen dituenez gainera, gramatikaz haratago doan literatur-sen aparteko bat gabe ez zukeela Juanek lortu duen emaitzarik lortuko.

Liburua, esan bezala, ez da irakurterraza. Nik neuk, lau irakurketa gomendatuko nituzke, elkarren jarraian egitekoak:

1. Irakurketa fonetikoa. Hartu soneto bat, eta goratik irakurri, aditzen trinkotasunean, errimen sinfonian, elipsi eta zeharresanen txinparta-festan, neurriaren kadentzian mozkortu eta mozkortzearren.

2. Esanahiaren irakurketa egiteko, lerroz-lerro, hitzez-hitz joan beharko duzu. Gutxitan izango duzu hiztegi-beharrik, zailtasunak ez baitatoz hitz exotikoen erabileratik, gure artean utzixea dugun euskal senari aitzakiarik gabe lotu izanetik baizik. Gose greban luzaro egonari irenstezina zaio mokadurik arinena ere. Zeresanik ez, antigualeko errezeten arabera eginiko ehiza denean jaki.

3. Zentzuaren irakurketa letorke gero, hitzez-hitz ez baina Shakespearerentzat irudi bakoitzak, esamolde bakoitzak, soneto bakoitzak bere bakarrean, sonetoen arteko segidak… izan zezakeen zentzua, horri igartzea lor litekeen neurtian. Juanek berak ematen ditu arrasto batzuk hitzaurrean. Inglesezkoa alboan izatea ere lagungarri gerta liteke horrelakoetan.

4. Irakurketa integrala, azkenik, aurreko hiruren sintesi gisan, soinu, esanahi, zentzu, hirurak batean dastatuz, goratikako irakurketan.

Soneto bat horrela irakurri eta hurrengoa irakurtzeko grinarik sortzen ez bazaizu, emaiozu zeure buruari beste aukera bat, hurrengo sonetoarekin, adibidez. Grina hori behin piztuz gero, berriz, alferrik esango diozu zeure buruari zeregin premiazkorik baduzula eta uzteko albora soneto madarikatuok.

Izan ere, Juanengan berpizturiko Williamen izpirituak mendean hartu zaituen seinale izango da hori, Literaturaren gaitzak jota, zeinaren aurka ez den orain artean abstinentzia beste erremediorik asmatu, Eliza Katolikoak HIESarako nahi lukeen bezala.

Hor duzu, beraz, Shakespeareren idazketa euskaraz. Eta hori gutxi balitz, ez daukazu William hark, euskaldun izan balitz, zernolako itxura izango zukeen imajinatzen nekatu beharrik: idazkerarenean Juanek bezala, itxurarenean Olariagak egin baitu zure ordez ahalegina. Eta hau bai, ikusterraz bezain ikusgarri atera zaio.

Azken kritikak

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak