kritiken hemeroteka

8.754 kritika

« | »

Mandarin zaharra / Eça de Queiroz (Jesus Mari Lasa) / Ibaizabal, 1992

Galdera morala Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1993-05-15

Bada liburu honetan esaldi bat, moralari buruzko tratadu osoa laburtuko lukeena: “Txinaren barrenean bada mandarin bat, ipuinek edo historiak konta ditzakeen errege guztiak baino aberatsagoa. Ez duzu harenik ezer ezagutzen, ez izenik, ez aurpegiarik, ez jazten duen zetarik. Haren amaigabeko ondasunak jaraunsteko nahikoa duzu, zure ondoan, liburu gainean dagoen txilin horixe jotzea. Berak hasperen xume bat jaregingo du Mongoliako muga haietan. Hilotz bihurtuko da orduan: eta zuk lukurrero baten diruzalekeriak ames dezakeen baino urre gehiago izango duzu zure oinetan. Zuk, hau irakurtzen duzun gizon hilkor horrek, joko ote duzu txilina”.

Galdera horri era askotan erantzun ohi dio jendeak, denon ametsa baita inongo lan-nekerik gabe eta bat batean aberastea, beste inor baino ederrago eta indartsuago izatea den bezala. Hjalmar Söderberg, Suediako idazleen artean ospetsuenetakoa eta Eça de Queirozen garaikidea iritsi zen galdera hori planteatzera. Hala dio bere “Doctor Glas”, pesimismo fin de siecleko biblia gisako horretan: “Behin ere ez naiz saiatu galdera horri erantzuten, ez dudalako ezagutu, bere gordintasun eta minean, pobre izatearen malura”.

Pobrea, baina aristokrata, izan baitzen Eça de Queiroz, eta ez da harritzekoa haren sorgin ametsetan dirua barra-barra agertzea. Diplomatiko lanetan aritu izan zen La Hhabana, Newcastle, Bristol, Txinan eta Parisen. Parnasiarren estetikari asko zor diote haren lan ttikiek, eta handiek, “Basilio lehengusua” izeneko eleberriak, esaterako, Flauberti. Sarri aipatu izan da “Madame Bovary” eta haren arteko antza. Zolaren eritzian, hobea zen portugaldarraren lana maisuarena baino.

“Mandarin Zaharra”, ipuin fantastikoen artean kokatu behar da. Deabrua agertzen zaio gizon triste eta bakarti bati, eta deabruaren lana horixe denez, tentatu eta zirikatu egiten du. Aberastasuna eskaintzen dio. Baina deabrua tartean den negozio guztietan bezala, eskaintzak berak dakar berarekin iruzurra. Azkenean, mandarina hiltzea erabaki duena damututa ageriko zaigu. Istorioak erakutsiko digu gozoago dela eguna joan eta eguna etorri gure nekearen ordainez irabazten den ogia.

Eta zuk, adiskide, joko ote zenuke txilina? Erantzun aurretik irakur ezazu ipuintxo hau, ekialdeko perla bat bezain distiratsua.

Azken kritikak

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak