kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Emakume oinutsa / Scholastique Mukasonga (Miren Agur Meabe) / Acnur, 2017

Oinutsik Ainhoa Aldazabal Gallastegui / Argia, 2026-09-27

Uda giroan aritu gara Euskadi Irratiko Faktoria saioan Afrikako emakumeen literaturari buruz uztaila eta abuztuko ostegunetan. Bederatzi herrialdetako bederatzi egileren bederatzi libururi buruz aritu gara, entzuleari interesatuko zaizkion proposamen askotarikoekin. Kolaboraziorako liburu berriren bat irakurri behar izan dut, eta urte batzuk lehenago irakurritakoak berrirakurri. Azken hauetako bat izan da Mukasongaren Emakume oinutsa liburua, Argian orain arte kritikarik jaso ez duena.

Chimamanda Ngozie Adichiek istorio bakarraren arriskua izeneko kontzeptuaz hitz egin zuen: pertsona, herri edo kultura bati buruzko kontakizun bakar eta errepikakorra da, estereotipoak sortzen dituena eta errealitatearen konplexutasuna eta aniztasuna ukatzen dituena. Eta genozidioarena da Ruandari buruz gehien ezagutzen dugun istorioa, agian bakarra.

Scholastique Mukasonga 1951n jaio zen eta bere familiako 37 kide, ama barne, hil zituzten. Mukasongak kontatzen du Ruandako genozidioa bezalako zerbait bizi izan ondoren “hitz egiteko gaitasuna” galtzen dela, baina “beharrezkoa” dela horri buruz hitz egitea. Eta zauria zeharkatzeko ariketa bat da liburua, nahiz eta hori bakarrik ez den.

Bere amari eskainitako liburua da emakume oinutsa. Eta amarengan oinarrituta perfilatu zuen protagonista, Stefania. Emakumeei egindako ereserkia da, eguneroko ustezko gauza txikiei (kozinatzeari, sendatzeari, ipuinak kontatzeari) eusten dietenei, finean. Genozidioak eragindako hauskortasuna eguneroko bizitzaren bitartez berregiten duten horien istorioa da. Eguneroko bizitzari eustea, ordea, lan mardula da sarri eta pertsonaiek bizi duten egoera itogarria ere salatzen du liburuak.

Estilo aldetik oinarrizko hizkuntza eta estilo poetikoa nahasten ditu. Lehenengoak arintasuna eta gertutasuna ematen dizkio. Poetikotasunak irudiak eskeintzen dizkigu, eta eguneroko hori altxatu egiten du, jaso; jantzi eta ondu: “ortzia, guretzat, ilargiaren bueltan urrezko maluten antzera dilindan ageri ziren hodeitxoak ziren”.

Liburua nahiko motza da, 120 orrialde inguru ditu. Sarrera txiki bat hasieran eta hiztegi bat amaieran. Miren Agur Meabek bikain itzuli zuen liburua da, sarean ere euskaraz irakur dezakeguna.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak