« “Memoria historikoa” delakoa oximoron baita | Saint Mary Street, 7 »
Kantu leuna / Leila Slimani (Nahia Zubeldia) / Alberdania, 2026
Haurtzaina: etxeko, baina ez senide Maialen Sobrino Lopez / Gara, 2026-06-14
Leila Slimani Rabaten sortu eta Parisen hezitako idazlea dugu. Erraten ahal da hasiberria zela duela hamar urte “Kantu leuna” obrari esker Goncourt saria irabazi zuelarik, eta ordutik are ezagunagoa egin da, hamaika lan plazaratu baititu. Lehendabiziko aldiz dugu aukera euskaraz irakurtzeko, Nahia Zubeldia itzultzailearen eskutik. Ez da liburu erosoa, ez soilik hasi orduko bi haur erail dituztela kontatzen digulako, baizik eta etxe barneko bizitzaren disekzioa egiten duelako, argi eta ilun guztiak xehe-xehe aztertuta.
Pertsonaia nagusia haurtzaina da, Louise, eta orbita hurbilenean ditu bai Myriam eta Paul ama-aitak bai Mila eta Adam haurrak. Intimitatea politikoa dela aldarrikatzen du egileak eta arrazoitzen saiatzen da. Batetik, amatasunaren arrakalak deskribatzen ditu; amen erbeste soziala izendatzen du, “berriki erditzeagatik munduaren bazterrean kokatua den horrek”, eta amatasuna zeharkatzen duen errua definitzen du: “Ohartu zen ezingo zela gehiago sekula bizi osatugabea izatearen, gauzak gaizki egitearen, bizitzaren alderdi bat beste baten onerako sakrifikatzearen sentimendu hura gabe”. Bertzetik, doike, aitatasunaren identitate gatazka ageri da.
Dena den, haurtzaina da figura zentrala. Etxeko zaintza lanak (haurrak, elikadura, garbiketa…) hartzen ditu, baita ederki egin ere, baina denboran dependentzia harremanak eratzen dituzte. Etengabe arriskuan dagoen pertsonaia da, indartsua eta hauskorra, haurren heziketa bezain ardura garrantzitsua izanik ere, edozein momentutan desagertzen ahal dela badakiena: “Txirristaren eta hondargunearen inguruan, baule, diula, arabiera eta hindi notak, filipineraz edo errusieraz ahoskatu maitasun hitzak entzuten dira. (…) Urteak iragan ahala, haurrek ahanzten dute, eta joan zen haurtzainaren aurpegia eta boza ezabatzen direlarik, etxeko inork ez daki gehiago nola erraten zen ‘ama’ lingalaz”.
Obrak bikain ekartzen ditu gai unibertsalak gaur egun Ipar Globalean bizi diren tentsio domestikoetara. Erraterako, irudiaren gizartean zeinen garesti ordaintzen den normaltasunaren antzerkiari eustea. Edo nola egiten duen talka emakume buruaskiaren irudi aspirazionalak amatasunak dakarren interdependentziarekin. Edo produktibitatearen amarruan nola erabiltzen diren zaintzak klase sozialak katean azpiratzeko.
Idazkera argia da, gordina, neurtua. Baldarki errateko, badu Marguerite Durasetik eta badu Dostoievskitik, nahiz eta ezin uka estilo propioa duenik. Kontatzeko moduak ipuingintzatik edaten du, eta gai da erritmoa zein tentsioa mantentzeko. Funtsean, liburuak ez du irakurlea askatzen azken hitza irakurri ondotik, aitzitik bultza egiten dio femeninotzat hartzen diren espazioei bertzela begiratzeko: “Emakumeek parkea kontratatze bulego eta sindikatu, eskabide eta iragarkiendako gune bilakatzen dute”.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi