kritiken hemeroteka

8.417 kritika

« | »

Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da / Hasier Larretxea / Alberdania, 2024

Iñakiren gisakoak gogoan: betiko lagunak. Gisakoak! Zenbat? Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-12-03

Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da (Alberdania). Hots, idaztea norbera bere baitan sartzea da. Halakoxea duzu izenburu hori daraman entsegu-biografiko hau. Hitz joko bat abiaburuan: gure bizitzaren hasmentan, mendebaldeko euskara soilik ezagutu genuenontzat, ipar-ekialdekoa ezagutzean, gibelera eta atzera sinonimoak direla ikasi behar izan genuen. Gibelamendu gisako bat genekarren.

Gizakiok munduan gaude, baina gibelamendu suerte batekin munduratu ote ginen inpresioa daukat. Batzuk aurreratuagoak bizi dira, bestetzuk gibelatuagoak. Horixe gure patua. Batzuk aurrerazaleak/progresistak dira, bestetzuk atzerakoiak/kontserbadoreak. Ideologiaren seinaleak dituzu horiek.

Gizakiaren ezaugarri behinena eboluzioa da. Behinenetako bat. Eboluzioa, ordea, ez da lineala. Ez du beti goiti aldera egiten. Gizakion eboluzioa —ideologien markoan— gorabeheratsua da. Erran nahi baitut, konparazioenera, antigoalean, homosexuala izatea hainbat jendartetan —Grezia zaharrean, kasu— “normala” izatea omen zen, gaur egun baino normalagoa. Alegia, historiako zenbait unetan homosexualitatea modu normalizatuagoan bizi izan da. Hor nonbait hori ere. Edo ez? Historia kontatzea, non noiz eta nola izan zen zehaztea ez baita samurra.

Entsegu-biografiko honen egilea euskalduna da. Bistan da. Poeta da. Homosexuala da. Osasun-langilea —edo hala uste dut—. Gaurdanik ikusirik, liburua irakurririk, ez du ematen 1982an sortua denik. Bere nerabezaro eta gaztaroko bizipenak duela hogeita bost urtekoak direla “dijeritzea” kostatu zait. Alegia, “atzo goizean” bizitakoak. Hasier Larretxea Arraiozen jaioa da. Baztanen barnean hazia. Iruñera joan ohi zena aldian-aldian, ihesian. Madrilen egokitua. Hor nonbait horiek ere.

Ikusi sentitu pentsatu uste batez, biografia honen egileak, auto-biografoak, larre mundutik hiri mundura bidaia egin ostean, bere izatea pairatzetik bere izatea normaren barnean bizitzera iragan behar izanen zukeen. Ez duzu, bada, guztiz halaxe. Liburua irakurtzea bertzerik ez duzu. Liburua, poeta batek idatzia duzu, hitz lauaz idatzia ere. Hala izanik ere, zenbaitetan aizkoraren laua sentituko duzu, eta bertzetan, enborraren ezpalen latza.

Idazle honen taxua, oraingoz bederen, ez da eleberrian errenditzen. Hainbat idazleri errealitatea fikzio bidez azaltzea nekeza(go) egiten zaio. Horixe dukezu Larretxearen kasua. Poesiaren bidez ebaki ohi ditu eleak. Aitak enborrak aizkoraz ebakitzen dituen legetxe. Poesiaz bertze, poesiaren kontrakarrean, idazleak enborrak ere landu ditu. Liburu hau, kasu. Enborrak edo txatalak dituzu bere izkribuak. Demagun, enborraren ezpal finak poemak badira, txatal hauek enborrari erauzitako ezpal lodiagoak. Ganoraz ebakitako bizitzaren puskak horregatik.

Bertsolari —jaio— izan balitz, bere ezpalak bertsetak lirateke. Alta, bada, bertsolaritzan baino aizkolaritzan urratu zituen lehen-bideak eta plazak. Aita halakoxetarako jaioa eta iaioa izaki. Abiaburuan honela bizi izan zen, ziren —modu motz batean erranik—: mina ezagutu zuen, minak ezagutu zituzten, berak, baita aitak eta amak bizi ere. Bide malkarra urratzeko munduratu bide zen, baita urratu ere, halabeharrez. Hitzak falta zituen, baita horiek antzeman eta atzeman ere. Beno, eleak hitzak berbak xerkatzen segitzen du. Berauek ehuntzen segi ere. Liburu honen taxuketa lekuko.

Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da, afektuaren bila ari denaren saioa duzu —pertsonok bizitza osoa pasatzen dugu afektuen xerka—, bere identitate bilatzen ari den pertsona batena. Homosexualitateak estigmatizatua gizarteratu zen, tira, “estigma arriskutsu” hori bizkarreratu zion jendarteak, hau da, aizkora-ahoaren arriskua bizkarrean eraman ohi den bezala eraman zuen. Afektibitatea aizkora-ahotik iragan ohi da egunero. Aizkoraren taxua metafora egokia dukegu bizitzaren bilakabidean: aizkora-aho, aizkora-buru, aizkora-begi, aizkora-joko, aizkora kirten, aizkora ukaldi…

Bizitza-buru, bizitza-begi, bizitza joko, bizitza-kirten, bizitza ukaldi… Zenbat buru hainbat aburu. Begiak begi, denak ez dira zilegi. Jokoak joko, jolasak zoko-moko. Buruak buru, hainbat kirten. Bizitza ukaldiz jotako esperientzia da. Sufrimenduaren eraginez —tamalez hori ere— eraikitzen dugu gure identitatea. Horixe gibelera zenbatzen ikasten aritzeak eman didana. Gibelera egitea gibelan eragitea da.

Zer gehiago irentsi nezake? Bada, ahalaz, sufrikarioaren eraginez jasotzen dugun poztasuna, ezta? Alabaina, ez dago arrosarik arantzarik gabe. Barka ezazue topikoa edota klixea. Nor da klixe eta topikoetatik libre, ordea? Nor da librea? Elkarren aurkakoan eraikitzen dugu pertsonok nortasuna, etengabeko talketan. Progrea aitzinean, retrogradoa gibelean. Retrogradoak baina, buruan buru eraman nahi du berea, alajaina.

Bitasun-saioen ariora osatzen dugu nortasuna. Hasier Larretxeak bitasun hauen bitartez osatu ote du berea: Aita-Semea. Ama-Semea. Aizkora-Enborra. Mendia-Hiria. Herria-Hiria. Irakurri-Izkiriatu. Idealismoa-Errebolta. Herabea-Ausarta. Hauskorra-Gogorra. Egoak-Hegoak. Senarra-Senarra. Zuri-Lodi. Anitza da bere nortasuna. Askorendako bere maitasuna. Askotarikoa bere identitatea.

Nehor akiarazi gabe, akitu alderat, azaleko irudia hizpide —Zuri Negrínena da—: hor duzue Hasier Larretxea haur-nerabea. Musugorria. Lodi taxukoa. Artean praka motzetan. Naturaren erdian, —erdian behar ote?— jendartean kokatu ezinik. Mutiko marjinatua. Maritxua. Mutiko jaio zen eta jaio zitekeen neska. Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da. Bai horixe. Jaio ohi dira berriak, baita zaharrak nola gazteak —berriak— hil ere.

Iñaki: ezagutu ez dudan, baina liburu honen bitartez amiñi bat irudikatu izan dudan Hasier gaztearen laguna. Atzo goizeko laguna. Haren gorazarrean ari naiz ni ere, gibelera zenbatzen ikasten, Iñakiren gisakoak gogoan: betiko lagunak. Gisakoak! Zenbat?

Azken kritikak

Hetero
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Nagore Fernandez

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Asier Urkiza

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Jon Martin-Etxebeste

Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak