Hetero / Uxue Alberdi / Susa, 2024
Amore eman, ala ez Amaia Alvarez Uria / Argia, 2024-12-15
Negazionismoaren, manosferaren eta trollen aroan ezinbestekoa da literaturaren ekarpena, errealitatearen tolesei begira jartzeko tresna paregabea delako: inguruan ditugun zapalkuntza egoerak -sarri, zenbait pribilegioren ondorioz, igartzen ez ditugunak- begien parean jartzen dizkigu. Eta hori da, besteak beste, Uxue Alberdiren azken ipuin bildumak eskaintzen diguna: heteropatriarkatuak egunerokoan naturalizatu dituen zenbait mekanismo agerian jartzea.
Hetero berba grezieratik dator eta bestea, ezberdina eta diferentea esan nahi du. Heterosexual hitzaren laburdura da, baina, desira normatiboarekin batera, identitate ‘normala’ ere auzitan jartzen da; gizon eta emakume izatea zer den eta gizon-emakumeen arteko harremanen dinamikak planteatzen dira angelu ugaritatik (bikotekideak, lehen esperientzia sexu-afektiboak, gurasotasuna eta familia, militantzian, lan munduan, galeran…).
Zortzi ipuinetatik, aitortuko dut, nigan gehien eragin duena hirugarrena izan da. Buruan Pablo Milanesen Amo esta isla kantua izan dut, eta bularraldean zurrunbilo txiki bat eragin dit ipuinak irakurri nuenetik. Ezagunegia egin zait deskribatutako egora eta ipuin honen bidez egindako salaketa publikoak harritu egin nau -eta gustatu-. Zapalduzapaltzaileen afera, ostera.
Jorratutako gaiekin eta ikuspegiekin batera, hizkuntzaren malgutasuna eta bizitasuna, egiturarekin esperimentatzea, eta bizpahiru esalditako girotzeak dira lan honetako indarguneak (euskalkiak, erdarakadak, metaforak, elkarrizketak, atzekoz aurrerakoak, akotazioak, 1990eko hamarkada, haurren mundua, ibilbide luzeko bikote harremanak…).
Idazteak eta irakurtzeak elkar elikatzen dute beti eta horrekin jolastea posible da orriotan. Adibidez, niri, irakurle gisa, lehen ipuina irakurtzean Amelie Nothomb-en Katilinarenak etorri zait burura, eta bi lanak elkarrizketan ipini ditut; edo, Alberdi, idazle gisa, bosgarren ipuinean idazlea den protagonistak bere irakurketa batzuk aletzen ditu, inspirazio iturriak aitortzeko.
Finean, gaira bueltatuta, zer da hetero-amodioa?. “Furia denak batera esnatzen zaizkio eta inguratu egiten dute”, edo zer bestela?. Ala “urrundu egin zen irribarre behartuaren erruz ezpain gaina oraindik hortzoian trabatuta”?. Batzuentzat batzuetan, amore ematea ere bada. Edo ez.
Hetero
Uxue Alberdi
Amaia Alvarez Uria
Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo
Nagore Fernandez
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Asier Urkiza
Itzulpena-Traducción
Angel Erro
Jon Martin-Etxebeste
Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria