« Zubi baten isla | Big Bang argitsu bat »
Berbelitzen hiztegia / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2024
Letren errepublika Asier Urkiza / Berria, 2024-12-15
Itzulpenaren gaiarekin bueltaka dabil Anjel Lertxundi azkenengo urteetan. 2019ko Itzuliz usu begiak hartan gaiari bete-betean heldu ondoren, ostera ere du gogoetagai nagusi Berbelitzen hiztegia-n. Oraingoan, gainera, itzultzaileen tresna ohikoenaren itxuran datorkigu liburua; hiztegiarenean, alegia. Alfabetikoki ordenatuta daude liburuko testu laburrak, edo testu bakoitzari izenburua ematen dioten hitzak. Itzulpengintzaz bai, baina beste zenbait kontuz ere badihardu Lertxundik: literaturaren irakaspenez, auzi artistikoez, hizkuntzaren erabilera askotarikoez eta bere ahalmen infinituaz, eta abar.
Liburua ez da saiakera betea, halere. Narrazio kutsua ere badu. Berbelitz ezizeneko pertsonaia da protagonista, itzultzailea lanbidez. Lagun idazle bati agindu dio urtetan pilatutako idazkiak hiztegi itxurako batean atondu ditzan, lagunak berak atarian aitortzen duenez. Hala, sarrera laburretako itzulpengintza zein bestelako auziei buruzko hausnarketetan tonu intimista ere igar liteke, narrazio molde batek lagunduta: Elene bikotekide zenduaren oroitzapena, Juan Garziarekiko lehia umoretsua edota Xujeto tabernariarekin izandako elkarrizketa biziak. Kanporakoak, hau da, munduaren gaineko juzguak zein hizkuntzaren nolakotasunaz esandakoak barrura begira jartzeko gaitasuna du Lertxundik. Gaiak beren pisu abstraktuan hondoratu ez daitezen, etxeko ukitua ematen die autoreak, hurbileko ahotsez janzten. Hori horrela, ez dira gutxi haurtzaroa gogora dakarten gogoetak, norbere buruaren kritika ezkutatzen duten esaldi ustez inuzenteak.
Era berean, Lertxundik urtetan bere egindako estiloa da liburukoa. Testu laburrak dira, irakurraldi batean leitzekoak. Prentsako artikuluen tankerakoak iruditu zaizkit. Maisua da Lertxundi laburrean, badaki gertaera zehatzetik abiatzen begirada zabalera eramateko, baita gaia orokorretik konkretura ekartzen ere, sarritan pasadizo umoretsu edo oroitzapen intimoetara joz. Idazkera aberats eta koloretsua du —hizkuntzaren kolorearen gaia sarritan azaltzen da testuetan—. Haatik, tarteka neka dezake Lertxundiren esakerak, hainbat ideia adierazteko modu erretorikoegiarengatik eta noizbehinkako trinkotasun gehiegizkoagatik, errepikapenek areagotua. Edozein kasutan, testuek banakako irakurketa eskatzen dute, patxadatsua eta egunetan luzatutakoa. Liburua ez da eserialdi batean irakurtzekoa, hasi eta buka irenstekoa. Horri ere egotz dakioke, akaso, gorago aipatutako tonuarena.
Gogo-pizgarriak dira Lertxundiren sarreretako batzuk, jakingarriak bestetzuk. Guztiek ematen dute, baina, plazer literarioa. Lertxundiren prosak lortzen du hori, testuetatik isurtzen den hizkuntzarekiko mirak eta lilurak. Horrekin batera, liburuak halako ildo gizatiarra ere badu, hizkuntzen alderdi ludiko-afektibo-estetikoa goratzeaz bat manipulazioa eta hitzen erabilera merkea salatzen duena. Izan ere, hizkuntza munduan kokatzeko leku gisa dakusa Lertxundik, norberarenetik letren errepublika unibertsalera. Egun zinez unibertsala den errepublika bakarrenetakoa.
Hetero
Uxue Alberdi
Amaia Alvarez Uria
Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo
Nagore Fernandez
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Asier Urkiza
Itzulpena-Traducción
Angel Erro
Jon Martin-Etxebeste
Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria