kritiken hemeroteka

8.358 kritika

« | »

Uztapide eta Xalbador / Pako Aristi / Erein, 2024

Euskaldunak, joan badoan herri bat Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-08-14

Sar-hitza

Lotsa naiz. Lotsaz heldu diot liburu hau irakurtzeari. Lotsa ematen dit orain haren gainean idazteak. Gure ipar-ekialdeko lotsa elearen adieran ari nauzu, batez ere. Behin eta hasteko, bertzeak bertze, liburua —saio-biografiko molde bat— ez baita fikziozkoa. Fikziozko lana balitz, naski, lasaiago/aiseago helduko nioke.

Iraganeko herri honen —parte baten— bizimoldearen gainean taxututako kazetaritza-kronika da. Idazle iaio honen usaiako abileziaz gauzatua. Jendarte bateko errealitatea azaltzen duen testigantza-saio bati buruz jardutea ordea, ez da samurra.

Liburuaren protagonistak aspaldi zendu ziren. Hartaz, errazago behar luke haietaz idaztea. Ezta? Izan ere, hainbaten ustez, denborari joaten utzi behar zaio memoria egiteko. Bizitzeak sorrarazten dituen urratuak —sufrikarioak eta doluak tarteko— orbaintzen laga ostean, ernatzen omen da bizi izandakoaren gaineko memoria. Oroitzapenek ematen dute aditzera iraganean bizitzakoa. Hala ote? Euskal(dun) herri hau “uste” horrekin bizi delakoan nago. Beno, funtsean, hala bizi gara mundutarrok. Erran nahi baitut: balizko “zeru” edo “lurreko paradisu” baten menturan bizi gara, bizitzan esperimentatutako ezintasunak “eden hartan” erredimitu/erremediatuko ditugulakoan.

Euskaldun —euskal jendarte— suerte baten iraganaz ari naiz, oraineko euskaldungoaz baino. Hain ziur, nolabait hau ere, euskaldun osokoa izan den azken izakariaz ari nauzu. Kasurako, bi lagunek aditzera eman ziguten molde-modu hori: Uztapide eta Xalbador bertsolariek. Mugaz gaindi jardun zuten bi adiskide. Merke-zurrean idaztera, honatx euren izenen ariora interpretazio txoro bat:

Manuel Olaizola Urbieta Uztapide zestoarrak bizitzeko uzta erdiesteko bidea nola urratu erakutsi zigun —hegoaldeko eta iparraldeko adieratan ulertu ezazu erdietsi hitza edota elea.

Fernando Aire Etxart Xalbador urepeldar-odol-beroak, berriz, joan zihoan herri baten sena erakutsi zigun, salbatzaile izatera deitua izan baitzen. Nork deitua? Haren —jendarte euskaldun haren— jainkoak, ezta?

Oharra: Xalbador Les Basques, un peuple qui s’en va premonizioaren/bihozkadaren “protagonista” izan zen. Obra erreal baten “pertsonaia”.

Uztapide eta Xalbador —liburuaren nire interpretazioaren arau betiere— euskaldun fededunaren arketipoa dira arras. Joan zen jendarte baten isla/eredu/etsenplua. Liburuak sorrarazi dizkidan hamaika galderatik bat, hauxe: euskaldun haiek bizitzari zentzua emateko landu zuten moduaren ostean, zein zentzu ematen diogu gaur egungo euskaldunok bizitzari?

Sar-hitzaren segidakoak

Pako Aristiren Uztapide eta Xalbador / Bi adiskide mugaz gaindi dut hizpide. Bi eratara interpretatu dut liburuaren izenburua. Lehena: herri hau erdibitzen duen muga fisiko handienaren zentzuan. Bigarrena: bi lagunek beren adiskidetasuna gauzatzeko esperimentatu zuten mugaren ildoan. Bi muga: baga, lurraldearen muga fisikoa. Biga, pertsonen buruen arteko muga.

“Bidasoaz gaindi” deitu ohi dugun muga fisiko horretaz, burutazio bat: hainbaten —euskaldun zintzoren— arabera muga fisikorik ez dago, muga hori gure buruan dago. Hartara, euskaldunon muga “mentala” da. Hartaz, euskaldun zintzo-molde horien ideologia txatxuaren arabera, euskaldunon pentsamoldeak psikologiara deribatu du. Hau da, euskaldunok mendez mende pairatu izan dugun “muga” hori “muga psikologiko”-tzat jotzen dute.

Beraz, ez dezagun aintzat hartu giza-historiaren bilakaeran, hego nahiz iparreko euskaldunok geureganatu ditugun hizkuntzak —espainola eta frantsesa, oroz gain—, baita era guztietako soziologien eta kulturen eraginez gauzatu dugun euskaldun moldea.

Oharra: azken paragrafo hori modu ironikoan entelegatu ezazu, otoi eta arren.

Pertsonon bururen arteko muga da bestea. Alegia, adiskidantza zertzeko ditugun mugez ari naiz. Uztapide eta Xalbador adiskideen arteko mugaz ari gara, kasuon. Liburu saio honen bitartez zaila izan zait adiskidetasun molde hori taxuz hartzea. Alta bada, hona ale bat edo bertze. Honela dio saiogileak: “Bizitza pribatuan izan zituen jokamolde oker eta garratz batzuen ondorio zen Xalbadorren pentsamendu deseroso hori. Baina, pasadizo horiek haren pribatutasunari dagozkio eta ez ditugu hemen aletuko”.

Beraz, gauza bat da obra eta bertze bat obratzailea. Betiko dilema. Arte espresio oro juzgatzean jalgitzen den dilema. Bigarren galdera: baloratu al daiteke egilearen arte-lana, haren obra, egilearen bizimoldea juzgatu gabe? Horixe duzu liburu honen interpretazioa egitean interpelatu nauen itauna. Itaunetariko bat, noski.

Aburu bat: “Herria da gorputza, hizkuntza bihotza; bertzetik berextean bitarik bakotxa, izaite horrendako segurra hil hotza” izkiriatu zuen Xalbadorrek.

Haren segidan, honako nire hau: “Obra da gorputza, haren egilea bihotza. Ba al dago izaterik, biak bereizita?

Ezin da dena kontatu ez komentatu. Jabetzen naiz, bai. Laguntasunean biziko bagara, “politikoki egokiro” jardun beharra daukagu lagun aixkide hori. Izan ere, kasurako, ez da zuzena adieraztea, jainko ahalorotakoaren araberako taxututako Xalbadorren aiurria integrista-ortodoxo bati zegokiola. Nire juzgu hori baietsi ahal izateko, ez dut haren bizitzako pasadizoren bat edo bertze hemen paratuko. Horiek pertsona(ia) horren pribatutasunari dagozkio eta.

1967ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa (Donostiako Anoeta pilotalekuan jokatua) Xalbadorren bizitzaren mugarria izan zen. Mugarrietarik bat, prefosta. Nolanahi den ere, Xalbadorrek Anoetan jasan zuen bost minutuko txistu-orro-aldia orduko euskaldun jendarte haren ispilua izan zen, baita miraila ere. Gertakari hark euskaldunon mugak islatu zituen zinez eta artez. Lur-muga fisikoa eta buruko muga. Aldian behin, muga “mentala” deitzen dugun hori.

Oharra: pasadizoa hura hagitz ezaguna da euskaldunon historian. Berau hobeto ezagutu eta ontsa oroitzeko irakurri ezazu liburua —iruzkin honen segidan—.

Gertakari haren harian segitzen dut. Pasarte hau azpimarratu dut —Pako Aristiren hitzak dituzu—: “Arraroa da bere lagun kuttunaren aipamenik edo defentsarik ez egitea”. Uztapidez ari duzu saiogilea. Izan ere, pilotalekuan zeuden lau mila piztia haien aurrean, Uztapide adiskide kuttun hura mutu geratu baitzen —pentsatu nahi dut, den-denak ez zirela txistuka eta orroka ari izan—.

Uztapide Xalbadorren adiskidea zela ukaezina duzu —liburu hau lekuko—. Adiskidea baina koldarra izaki. Jainko guztiahaldunaren doktrinak barkatzen duen koldar giristinoa. Isiltasun hura premonizio bat izan zen, bertsolari zestoarra geroago mutu geratu baitzen. Xalbadorri geroago bihotza gelditu zitzaion legez, Uztapideri halaxe eten zitzaion mintzoa ere.

Uztapide mutu geratu zenerako, bihotz-barrunbeak arrunt hunkituta zeuzkan. Hala berean, Xalbadorren bihotzak aspaldian iragarria zion bere heriotzaren hil hurrana. Horiek horrela, bertze galdera bat: zer moldeko jendartea zen bi bertsolari adiskide haien bihotzak “mugaz gaindi” paratu zituena? Nik ez dakit adierazten. Sumatu egiten dut jende haren taiua. Bego. Euskaldun molde hura ahituz joan zen, “euskaldun fededuna”-rena, alegia. Haatik, euskaldungo haren segida eta ondorengoa duzu gaur egungoa. Aldeak alde, bistan da.

Erran nahi dudana entelegatu aldera: liburu honen euskarri lekuko eta laguntzaile Xabier Amurizak —1980 eta 1982an bertsolari txapeldun izan ostean— jasan behar izan zuen jendarte integrista —kasuon, ulertu integrista-marxista— molde haren ortodoxiaz ari naiz. Hein batean, oraindik euskaldunon baitan bizirik dirauen jiteaz ari nauzu. Jakina, ez duzu euskaldunon jite esklusiboa, ezta gutxiagorik ez.

Ohar zenbait, sar-hitzaren segidakoen ondorenean

1. Egiaren egarriz bizi den euskal(dun) herria gezurrean ari da, bete-betean bizi/ari ere. Euskaldunaz ari naiz, zentzu zorrotzean. Prefosta, hau ere ez da euskaldunaren jite esklusiboa. Faltaría más, faltaría plus!

2. Hain ziur ere, irakurleak liburura hurbiltzeko taxuzko iruzkina idaztetik urrun aritu naiz.

3. Hori erranik, liburuaren testuingurutik kanpo hau ere, hona azken gogoeta:

Oharra: liburu honen interpretazio hau egin dut. Egin nezakeen zenbaiten artean, batto.

Azken gogoeta

Bertsolaritza loraldian bizi da egun. Tira, hori zalantza-balantzan idatzi dizut. Alegia, Jon Sarasua herritar pentsalari bertsolariak bertsolaritzari buruz honako hauxe erran duen arte: “Marko ideologiko jakina dago txapelketan, eta pobrea”. Sarasuaren erranek 1967ko euskaldun txistu-orro-egile zenbaiten arima biztuarazi dute. Egia erran, balizko debate horretan nekez sar naiteke. Edonola ere, Jon Sarasuaren hitzaldia entzun ostean Lazkao Txiki heldu zitzaidan akordura. Behinola honela galdetu zioten:

— Zenbat senide zarete Joxe Migel?

— Zazpi. Hiru arreba eta lau anaia.

— Eta bizi?

— Bizi ni bakarrik, besteek lan egiten dute.

Oharra: Joxe Migel Iztueta txiste zale bezala gogoratzen da/dugu batez ere. Batez ere, eta tamalez. Izan ere, haren pentsamendua txiste soil gisara ulertzen badugu, nekez ulertuko dugu Sarasuak —nire interpretazioaren arau, betiere— egungo bertsolaritzaz/txapelketaz aditzera eman duen aburua.

Pako Aristi idazleak deskribatu duen jendarteak hauxe ere ekarri dit akordura: “Ez dugu arrazoirik, gutxi garelako” kantatu zuen Pedro Mari Otañok. “Ez dugu arrazoirik, gutxi garelako, eta are arrazoi gutxiago berau orroz eta txistuz adierazita bada”, gehitzen dut nik.

Uztapide eta Xalbadorren inguruan biltzen zen jendarte hura joan da, aspaldi joan ere. “Euskaldunok, joan badoan herri bat” gara. Jendarte hark —euskalduna stricto sensu hartua berriz ere— euren jainko omnipotente haren doktrinaren ildoan gauzatu zuten bizitzeko arrazoia. Gaur egungo euskalduna, berriz, usteak uste, arrazoibide hura utzita, bizitza interpretatzeko kredo berri baten xerka ari da. Alta bada, eta domaiaz, asko eta asko, anitz, “arrazoi baten jabe balira bizi edota ari dira”.

Iraganeko jainko haren arrazoia bazterturik, bestelako arrazoibide batean ahalegintzea bertze erremediorik ez duela ohartu gabe bizi da egungo euskalduna; hor nonbait hori ere. Haatik, “arrazoia ez dago edukitzerik”. Ez naiz hori erraten lehena, bistan da. Honako hauxe bai, ordea: “Arrazoia ez dago izaterik, haatik, arrazoibidea urratu beharra daukagu baitezpada, inor izanen bagara”.

Azken kritikak

Detaile xume bat
Adania Shibli

Jon Jimenez

Antzerkiaren labirintoan I
Ander Lipus

Amaia Alvarez Uria

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Jon Jimenez

Uztapide eta Xalbador
Pako Aristi

Mikel Asurmendi

Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio

Jon Jimenez

Monogamoak
Iñigo Astiz

Paloma Rodriguez-Miñambres

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Joxe Aldasoro

Lanbroa
Pello Lizarralde

Mikel Asurmendi

Sorginak, emaginak eta erizainak
Barbara Ehrenreich / Deirdre English

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Amaia Alvarez Uria

Presbiziak lagundu omen digu
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka

Aitor Francos

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

Hedabideak