kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Ez naiz ondo akordatzen / Karlos Linazasoro / Elkar, 2024

Idazle (ez horren) santu honen bizitza zinezko asmakizuna da Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-07-11

Ongi baino hobeto akordatzen naiz, Ez naiz ondo akordatzen (Karlos Linazasoro) liburuaren gainean egindako irakurketaz. Haren gain-gainean paratu nintzen —iraganaz ari nauzu, harrezkero zenbait egun joan baitira— eta Autohagiografia bat 101 ataletan izenburuan erreparatzean —deus konpontzeko asmorik gabe, betiere—, Joseba Sarrionandiaren Markos Gimenoren 101 letrakartel liburuaz akordatu nintzen. Plagio zantzuren bat antzeman nahi ote nuen? Bai zera! “Karlos Linazasorok —idazle santua den aldetik— ez du halakorik egin(go)”, pentsatu nuen. Gero, liburua leitu ahala, 101 dalmata testuaren berri izan nuenean… Bla, bla eta bla. Blaga eta abar, eta abar luze bat (erdarakada). Alegia, “ez dago literatura egiterik inor/ezer plagiatu gabe”, pentsatu nuen. Egun batzuk joan dira eta pentsatzearen pentsatzeaz ari nauzu orain(dik).

“Ez naiz ondo akordatzen” esapidea, izenburua bera —orainean engoitik—, 100 bider irakurriko duzu liburuan. Ez harritu haatik, idazleak behin huts egin izanaz. Idazlearen egitasmoa baiesten duen hutsegitea duzu. Idazlea ere jende mugatua baita, motza alegia. Hagiografo honen zenbait pista (erdarakada) eman aldera, hona abiaburuko hainbat ildo (euskara jatorrean orain): idazlea Tolosa inguruko Altzetan bizi da, hor nonbait. Tira, bizi-bizi gorago bixi da, literatura-landetan (herrialde bat izendatzeko fundamentu gutxi nirea) bixi da, bixi-bixi bizi ere. Goi-goian bixi eta Uztapide du jainkotzat —hor nonbait, hori ere—. Bai, Manuel bera. Ez naiz okertu. Linazasorok Manuel Uztapide du guztizko idazletzat. Hain ziur ere, erredukzionismoan erori nauzu. Ez zaitez fida, beraz. Ez nitaz, ez idazleez, ez edozein ismo-z ere.

Autohagiografia honen zenbait ildo agindu dizut, beraz… Linazasorok Uztapiderekiko agertu debozioaz oharturik, apalategirantz altxatu nintzen Uztapideren Lengo Egunak Gogoan autobiografia liburuaren xerka; —gogora ezazu etzanda nengoela—. To eta no, hori amorrua. Ez nuen liburua topatu. Bertsolari-idazlearen Sasoia joan da gero aurkitu nuen, ordea. Hara, artean, nire sinesmen eskasa zela eta, Uztapide idazlea ere izan zenez jabetu naiz orain, Linazasorori esker jabetu ere.

Sarrerakoak eta gero

Sasoia —oroia— joan baino lehen ari nauzu, Manuel Uztapideren Noizbait lehenengo liburua ere aintzat harturik. Kalkulua ongi egina duzu, irakurle lagun horrek. Uztapidek hiru liburu laga zizkigun. Horra erredundantzia! (pleonasmoa). Horrako hori ez duzu erdarakada. Are, are… “Santua eta protagonista Linazasoro duzu, ez Uztapide” gogorarazi dit aingeru gaiztoak. “To, aingeru onak baleude legez”, nire buruarekin erronkan. Hor nonbait eta noizbait!

Karlos Linazasoro ez da “besteak” bezalako idazlea (orokorkeria bat idatzi dut. Endemas, orokorkeria hitza ez dago akademiak onartuta). Harira: ondo baino hobeto akordatzen naiz, Linazasororekin tête à tête (parez pare, buruz buru, bekoz beko) mundu honetan izan nintzen/naizen une bakarraz —ez naiz bera bezala, santua, eta ezin beste munduan egon, jakina—. “To eta no, izorra hadi kabroia”.

Gipuzkoako Herri Irratian izan zen, Komatxo artean literatura irratsaioaren aitzakian (horra eufemismoa) elkartu nintzen idazle honekin. Ez naiz akordatzen —ez ondo ez gaizki— zein libururen karietara izan zen. Alabaina, amiñi bat “hunkituta” bildu nintzen berarekin. Zergatik? Bada, lagun kultureta batzuek (erdarakada eta eufemismoa, biak batera) Karlos Linazasoro saiora “gonbidatu” nuela jakin zutenean, tankera honetako bitxikeriak (hitz hori berriz, onartuta dago) “eskaini” zizkidaten:

“Karlos Linazasoro gonbidatu al duk? Ausarta haiz gero, Mikel! Morroi hori ez zebilek burutik ondo jasan zian istripuaren ondoren [ez naiz ondo akordatzen. Baliteke auto batek aurretik —erdarakada ote?— eraman izana]. Hobe likek idazteari utzi eta Udal Liburutegiko lanari ganoraz ekinen balio”. Hori guztia —ez da luzea— kontatu dizut, hauxe jakin dezazun: “Gure” literatura gintzan, bitxikeriak ez ezik, perla ugari topa dezakezu. Dena erratera, ondo akordatzen naiz zein urtean izan zen. Madrilgo M-11 sarraskiak izan zirenean etorri zen saiora. Zehatzago izkiriaturik: 2004ko martxoaren 11ko atentatuak izan ziren astean. Asteburu hartan —Estatuko, Espainiako, Penintsulako… (sic)— hiriburura joatekoa zen familiarekin. “Joan edo ez joan…” zalantza adierazi zidan gizon apal —nahikoa altua da horregatik— eta xumeak. Liburu hau irakurri ostean jakin dut —berak hala idatzia— Austista Basterretxe —moduko bat— dela.

Linazasoro idazle santuaren liburuei gutxi-asko —beti urri— kasu egin diet. Baina ez merezi duen bezain bat. Ez naiz idazleak merezi duenaz ari —idazle honek dioenez, idazle denak ergelak baitira— haren liburuek merezi duten pozaz baizik. Hots, besterik barik, idazle honek merezi duen penarengatik (erdarakada berriz ere) gehixeago irakurri beharko nioke. Domaia duzu. Euskal literatura bere ttipian, alimalekoa da eta. Edonola ere, urri edo eskas, honatx Apenas liburuaren karietara hauxe idatzi nuena: “Idaztea bizitzen asmatzea baita”. Tira, horrela errezatzen du Apenas liburuaren gainean egindako komentarioaren —iruzkin iruzur-kin— izenburuan. Karlos Linazasorori apenas irakurri diot (ez dakit perpausa zuzen edo akademikoki zuzen idatzita ote dagoen), idazle tolosarra doi-doi irakurri dut, alegia. Alabaina, pena eta poza merezi ditu (erdarakadak). Idazle santu honen bizitza zinezko asmakizuna baita (beste eufemismo bat: idazlea eta santua).

Sarrerakoak eta gero… ondokoak

Egiari zor, luze idatz nezake liburu honen gainean. Testu honen irakurle zaren hori asperrarazi arte idatzi ere. Nobela bat idatz nezake liburu honen karietara, baina Linazasoro idazle poeta txiro kaxkarrak dioenez, eleberrigileak handiusteko batzuk dira (erdarakada enegarrenez). Ni ez naiz santua, ez eleberrigile izateko sortua. Hara, usteak ez dira betiere ustel, euskaldun jaio edota munduratu izan banintz, bertsolari sortu(ko) nintzelakoan nago.

Ez naiz erruz idazteko gauza, bainacontradictio in terminis— (nik ere) erruz idazten dut nire kulpaz. “Tira, tira…”. Egiari ez zaio deus zor, gezurrari zaio zor. Gezurraren zordun jaio baikinen —oraingoan nire uste ustelean—. Alegia —eta hau ez da fabula bat—, ez da santu izan behar horrenbeste txorrada idazteko (lerdokeria, ergelkeria, txorakeria… ere idatz daitezke, baina horiek ez dute txorrada hitzak daukan indarra eta xarma).

Oharra: nire buruaz ari naiz. Enkax ere idatzia.

Idazle izateko ez da santu izan behar, enkaxka eta porsiacaso errana. Inor ez da santua bere herrialdean (plagioa eta erdarakada, burutapena joaldi berean). Ni ez naiz santua, baina RIP delakoaren ondoan, epitafio baterako hitzak asmatuta ditut dagoeneko: “Ondo, hondoan”. Liburu honek ordea, bizitza ez baina epitafioaren asmoa aldatu dit: “Xume bizi eta ahal baduzu ez hil”. Orain zalantza horrekin bizi naiz, alors, ni ere Karlos Linazasororen antzo bizi naiz. Egiari zor —baita gezurrari ere—, ez dakit bigarren epitafioa liburuan aurkitu dudanentz (ez dakit ere ondo deklinatu dudan). Ez nuen behar bezala apuntatu (erdarakada) eta ez naiz ongi akordatzen horrela ote den (orain euskara jatorrean).

Ez naiz ondo akordatzen irakurri ostean, “esango nuke” —idazle santu honen kontrakarrera egin aldera— midorexia pairatzen dudala, hots, kontzientziaren bigorexia suerte bat bixi dut. Karlos Linazasororen irakurle guztiak bezala —hil direnak, jakina—, Stendhalen sindromeak akabatuta joanen naiz mundutik. Altzetara joan nahi nuke. Urepeleko artzainaren gisara, alhadurak unaturik, hots, lurrak jota.

Oi lur, oi lur! Oi Lauaxeta! Oi Altzeta! Bizi ororen gainetik edertasunak biziagotzen duen artista hunkiberen lur-eremua. Santuen landa-eremua, hor nonbait. Ez kexa, idazle santu hori! Zure prosopopeia endelegatzen dut, endelegatzen dudanez. Niri ere “bizitza normala” egiteko erran dit neurologoak. Eta “bizitza anormala” zer den ongixko dakidanez gero, ederki asko dakit zer den normaltasuna. Lauaxeta hil zutenerako, banekien zer zen normaltasuna.

Oharra: bai, bai, bai… Jakitun nauzu. Oi lur, Oi lur! Xabier Lizardi poetarena duzu. Zarautzen jaio eta Tolosan hil zena.

Ondokoen ostekoak

Atalak atal, kontuak kontu, luzaz… idatz nezake, baita eleberrigile neoplasta (gogaikarria, alors) bihurtzeraino ere, erotzerainokoa… Baina, ez. Ez, ez, ez… Ez horixe! Bego hementxe. Erotu barik, Linaza zoro hobe. Zoratzeko literatura behar dugu eta, ez erotzeko literaturarik. Izan ere, “idaztea maitasun-ekintza bat da”. “Maitasun ero maitasun zero“, beraz. Hara, esaera berriak asmatzen hasia naiz Karlos Linazasoro idazle santuari esker. Erromantizismoaz ari nauzu, argi gera dadin. Badaezpada. Akort? “Hau morroi pedantea! Tipo gogaikarria!”, pentsatu duzu irakurle lagun horrek (eufemismoa, enegarrenez hau ere).

Argipen santua: ea, ea, ea… Tira, tira, tira… Hara, ezin izango nuke komentario zoro hau idatzi, Linazosoak gogoan izan barik. Tolosan jaiotako Karlosen askazia Zumarragan ezagutu nuen. Karlosen aita Iñaki Linazasoro eta bere lehengusu Gurutz Linazasoro tarteko. Neurologoa, bigarren hau. Alzheimerren aditua. Horregatik akordatzen naiz horren ondo Gurutz Linazasoroz.

Post-scriptum

Post-scriptum, post-data, aspaldiko partez. Alta bada (hori lokuzio puska!), ez dakit post-scriptum delakoa erdarakada denez (denentz edo denetz behar ote?). Ez jakin, hobe. Ez erotu alafede! Alta bada eta haatik, honatx zioa eta akzioa: Altzeta aurkitu guraz ibili naiz —liburuaren gainean ari nahian, etzanda betiere—, baita Altzeta Karlos Linazasoro Maiztegiren izengoitia izan zela kausitu ere. Idazle ez horren santu honen aitona, alegia. Kausitu eta idoro ere dut Linazasorotarren leinua nondik heldu zen Zumarragara. Urte askotako lagunak. Urte askotarako, lagunak!

Azken oharra: “Idazle ez horren santu idatzi dut”, ez baitut santu ironiko, sarkastiko eta groteskorik… —zuzenek gorriz azpimarratu dit— ezagutu orainokoan “gure” literaturan. Erran nahi baitut: idazle honen literatura (h)umore humanistaren legatua dukezu. Bai horixe! Hori ironia! Tira, ea, hara… kontua ibiltzea da, ez etzanda egotea. “Todo se andará”, alegia. Erdaraz idatzia, baldin eta ulertuko bagara —badaezpada, diot—.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak