kritiken hemeroteka

8.357 kritika

« | »

Lanbroa / Pello Lizarralde / Erein, 2024

Memoriaren jabe denak bizitzaren gakoa dauka Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-07-18

Trama drama delarik

Eleberri bat, dena bat

Pello Lizarralderen Lanbroa nobelaren estetika ez da kontu berria. Estetikaren ordez, idatz dezadan estiloa. Idazlearen formak, alegia. Liburuaren idatz moldeak ikuskatzen ari naiz. Ez da berria idatzi dut. Izan ere, bere liburu ia guztien titulua hitz soil batez izendatuta daude. Azalak ere hagitz soilak dira. Azkeneko honena lekuko. Bi osagai ditu: lanbroa eta auto bat. José Ignacio Agorretak egina.

Izenburua eta 80 orrialde. Ez dago eskaintzarik. Ez inoren aipurik, ez literario ez filosofikorik. Ez dago atalik. Ez dago sekuentzien arteko bereizgarririk, ez bada, euren arteko hutsuneak. Pare bat retour teklatuan, hor nonbait. Pertsonaien arteko elkarrizketak narrazioak berak adieraziak edo iradokiak dituzu. Komatxorik ez. Komak, beharrezkoak. Maiuskulak, puntuaren ostekoak. Parentesik ez. Gidoirik ez, marratxoak hots. Kurtsibarik ba ote? Bat bera ere ez.

Tramaren lokalizazioak

Pello Lizarralderen nobelen lokalizazioak enigmak bihurtzen zaizkit. Kasuon, berriz ere, thriller honen berezko tentsioaz gain, istorioa lokalizatu nahi izateak irakurketa are gehiago tenkatu dit. Fikzioaren eta errealitatean arteko jolasa duzu, fikzioa eta erreala batzeko nahikunde hutsala. Ihesean doazen protagonistak nondik nora doazen asmatu uste dudanean —usategiak direla, leize bat dela—, idazleak nire irudimenaren pistak —espero ez nuen trenbide bat tarteko, kasurako— okerrak direla aditzera eman dit. Fikzioa ez da serioski hartu behar, idazlea kontatzen saiatzen dena aintzat hartu behar duzu. Formak edukia du, edukiak forma.

Bailarak, haranak, ibarrak, herriak, herrixkak, baita hiri bat hasmentan eta akaberan. Auzoak, bideak idoro dituzu, baina euren izenik ez. Nafarroan zaude, kasu. Euskal Herrian. Euskal herriak erdibitzen dituzten mugetan zaude. Kasuon, muga handienaren peskizan. Alta bada, muga oro helburu lausoa da, areago lanbroan barrena bazabiltza, are gehiago ihesean. Pertsonaiak mintzo dira, prefosta, baina ez dute zein hizkuntzan diharduten zehazki adierazten. Ez bada… Euren hizkuntzaren euskalkien berri izanen duzu, doi-doia emanda. Ibilgailuen errotuluak ere lanbroak kukututa daude. Lokalizazioak errealak dira oso, fikzioak are errealagoak bihurtu ditu.

Trama drama dela eta

Sinopsi moldeko bat

Hemeretzi sekuentzia zenbatu ditut liburua irakurri ahala. Baliteke zenbaketa okerra egin izana. Ez du axolarik. Bi dira narratzaileak. Gizonezkoa hasten da kontatzen, emakumezkoa kuxian. Aldizka ari dituzu. Lehen bi sekuentziak hirian gertatzen dira. Merkataritza-gune batean eta etxera bidean. Azken biak, pertsonaia horien beraien etxeetan. Bi dira protagonistak: ustezko etakidea eta honek bahitutako pertsona. Badaude beste pertsonaia batzuk: lehenaren emaztea eta alaba, eta bigarrenaren semea. Protagonista nagusiaren burkideak ere tartean daude. Poliziaren bat. Auto gidariren bat. Hoteleko langile bat. Lagunaren bat ere bai. Justu-justuan ageri dira. Euren izenen bat edo bertze ere kausituko duzu, gizonezko protagonistarena barne. Ez dizkizut salatuko.

Hogei urte pasa dira, bi protagonistek azkenekoz elkar ikusi zutenetik. Elkar topo egin dute. Iraganaren eta orainaren arteko leizea ttipitu da atoan. Inarrosaldi izugarria sentitu dute. Iraganean zenbait orduz bizi zuten esperientziaren oroipenak ez dituzte arras ahantziak; ez ondorioak ere. Atzenduak uste zituzten pasadizoak biziagotu zaizkie tupustean. Denbora borragoma itzela ei da. Denborak baina ez du iragana guztiz ezabatzen.

Iraganeko elkartze hura istripuzkoa izan zen. Hala izan al zen? Bai ote? Edonola izan zela ere, bi pertsonek topo egin zuten, baita ihesaldian talka egin ere aldian behin. Egungo topaketa ez-beharrezkoa al da ere? Saltoki-gunekoa ez-beharrezkoa izan ote da? Pertsonon arteko topaldiak/gertakariak ez ditu inork determinatzen, pertsonok historiaren bilakaerak determinatuta gaude.

Lanbroa historiaren bilakabidean Pello Lizarralde idazleak asmatua duzu. Istorio hau alabaina, gure historiaren partea duzu. Zure izatearena ere parte izan daiteke. Izate horren gutasuna nolakoa den zeuk ebatziko duzu, zuk irakurle horrek. Protagonisten nortasunaren erretratuak antzeman ditzakegu laburki. Ordea, istorio erreala izateko proportzio handia eskaintzen digu nobelak.

Kritikaz honatago edota haratago

Memoriaren jabe denak bizitzaren gakoa dauka. / Bideko —autoaren— giltza duena, hura nagusi.

Pertsonon oroitzapenek ebazten dute iraganean gertatua. Aspaldiko begiradek zedarritzen/mugatzen/adierazten dute orduan gertatu zena. Gure begiradek gurezko errealitatea eraikitzen dute ordea. Begiradek ez ezik, bihotz taupadek, arnasaldi estuek, digestio zailek, loaldi eskasek determinatzen dute errealitatea. Errealitatea berbera duzu betiere, bera eta bakarra. Kasuon, nobela honetan, bi prismatik eginiko behaketak dituzu. Bi angelutako soak. Errealitatea bakarra eta bera duzu, haatik.

Bizitza drama dugu zenbaitetan, halaxe duzu ere istorio honetako ordu gutxiren bizialdia. Bizitza ihesa bihurtzen dugunean/zaigunean, aitzina egiten dugu bizitza angelu itsuek determinatuta dagoela artean ikasi gabe. Eleberri honen trama, berez duzu drama. Nork bihurtzen du bizitza drama, ordea? Ba al dugu besteen bizitza determinatzeko eskubiderik? Zein ideiaren arau?

Lanbroa-ren edukia politikoa duzu. Bizitza oro da politikoa, bizitzan baina oro ez da “politika”. Politika suerte orok bere morala dauka. Nork bere arrazioa dauka. Nork bere morala eduki behar luke. Ez dago bizitzarik gatazkarik gabe. Gatazkak ez luke ordea, bizitzaren zioa izan behar. Etorkizunak baldintzen du gure oraina. Orainaren ezinak hondoratzen gure izana. Iragana bihurtzen zaigu zama. Bizitzeko ezina ihesbidea bihurtzen denean, jendartearen moralaren jabe bagina legez jokatzen dugu askatasunaren aitzakian. Autoaren angelu itsua nolakoa, halakoxea gure soakoa.

Bizitza ihesbidea denean, gogo zapuztua dugu nahimena. Zeruko paradisuetara ezean, lurreko paradisu helezinetara ailegatu ezinean, xendra guztiak ihesbideak bihurtzen ditugu. Gogoa eta oroia nahasten zaizkigu. Oroiak iraganean osatu ezin izan genituen iraganeko zioak dira. Bidaideak ez dira engoitik gogaideak. Memoria bete ezinezko zulo beltza da. Politikoaren politikak are beltzago eta sakonago egiten du memoriaren zuloa. Memoriaren jabe denak bizitzaren gakoa dauka. Bideko —autoaren— giltza duena, hura nagusi.

Post Scriptum

1/ Irakurri dut liburua. Film estandar baten denbora-luzeran sartu dezakegu. Bi orduko eserialdi batean akitu dezakezu. Nik, ordea, ezin izan diot tentsioari luzaz eutsi. Aldian-aldian laga dut, geroxeago itzuli naiz berriro. Itolarria sentitu dut zenbait unetan. Nago ez dela soilik tramaren eraginez izan. Film bihurtua ikusiko banu, osorik irentsiko nuke etengabe. Hala uste dut. Literatura alabaina ez da zinema.

2/ Egin dut liburuaren iruzkina, neurri/molde bateko kritika. Geroago, hurrengo batean, naski, idazleak nobelaz dioenaz irakurriko dut. Liburuaren gaineko beste iruzkinak eta kritikak ere bai. Nobela nola tratatu duten jakin aldera.

3/ Proposamena: Lanbroa zinemara eramatea.

Idazlea bera gidoilari: Pello Lizarralde.

Zuzendaria: Imanol Rayo.

Argazkigintza: José Ignacio Agorreta.

Musika: Imanol Ubeda.

4/ Idazlearen eta gidoilariaren baimenaz, filmerako titulu posible batzuk:

Tentsioa

Tentsioa lanbroan / Tentsioa lanbropean

Giltza duena, hura nagusi

Azken kritikak

Antzerkiaren labirintoan I
Ander Lipus

Amaia Alvarez Uria

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Jon Jimenez

Uztapide eta Xalbador
Pako Aristi

Mikel Asurmendi

Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio

Jon Jimenez

Monogamoak
Iñigo Astiz

Paloma Rodriguez-Miñambres

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Joxe Aldasoro

Lanbroa
Pello Lizarralde

Mikel Asurmendi

Sorginak, emaginak eta erizainak
Barbara Ehrenreich / Deirdre English

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Amaia Alvarez Uria

Presbiziak lagundu omen digu
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka

Aitor Francos

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Jon Jimenez

Itzulpena-Traducción
Angel Erro

Asier Urkiza

Artxiboa

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

Hedabideak