kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Ohe hutsetan / Izaskun Gracia Quintana / Balea Zuria, 2018

Ohe hutsetan Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2025-11

Zer aurki dezakegu ohe huts batean? Neguan, gupidarik gabeko maindire hotzak. Udan, espazioaren amaigabetasuna. Bizitzan, bakardadearen ohartarazpen bihozgabea. Heriotzan, hilobiaren atseden betierekoa. Poetak, berriz, galderak aurkitu ditu ohe hutsetan. Erantzunik ez, akaso itaun horiek erantzun zehatzik ere ez dutelako.

Latza izan daiteke ohe hutsaren presentzia, gogorra, gordinegia delako haren egia, mingarriegia batzuetan gure beldurren taupada-hotsa, ozenegia munduko hainbat jazoeren ankerkeria. Halere, ohe hutsak abantailak ere baditu. Bertan lo egitera ohituz gero, adorea ematen diote izuak gainditzeko xerkan dabiltzanei, baita ihardespenak ere norbere burua ezagutzeko ahalegin eternalean dabiltzenei. Arazoak erlatibizatzeko tokirik aproposena izan daiteke, horizontalean edozeren tamaina aldatzen delako.

Nekeza da mundua ulertzea geure burua ulertzen ez badugu. Handia ezagutzeko, alegia, txikia ezagutu behar da, txiki hori bere baitan ikaragarria izanagatik. Gure kezkak, gizakiak garen heinean, sentimenduak eta pozak ulertzeko, berriz, ezinbestekoa da jakin-mina izatea, hori izan ezean, ez baikara helduko gure buruaren ezagutzarako bizitza oso bat gutxiegi dela ohartzera. Horren erakusle izan daiteke letra larrien, puntuazioaren edo izenburuen gabezia. Poemak muga oroz biluzteak bizitzaren aldakortasuna isla dezake. “gurea ez den lurrean bizi gara / itsu eta gor / betiko bideak ibiltzen”.

Artista askok hutsunean aurkitu izan dute euren sormen-lanetarako ardatza. Bilbotar poetak ere ohe hutsetan bilatu nahi izan ditu inoiz ibili gabeko bideak, galdutako orainaldiak, etsipenak eta bizitzaren beraren erredurak. Hutsak ez du beti izurik sortzen. Edo izutik sortzen dugu hutsunea betetzeko beharra. “itsaso zuria desiratu / eta mendi gorria aurkitu nuen”. Ezagutzen ez ditugun logeletan ere hutsik geratzen dira oheak inork haien beharrik ez dutenetan.

Hutsunea, baina, bi eratara sor daiteke. Batetik, berez. Alegia, elementuen arteko zulo bat izan daiteke, betidanik hor dagoena, edo denborak berak sortu duena, denboraren izate hutsagatik. Eta, bestetik, lehen izandako zerbaiten gabeziagatik. Hau da, lehen zegoenaren nostalgiak eraginda: “ez dut zure falta sentitzen / zure bila nabil baina / nire zimurren artean aurkitu duzu lekua / eta / bion bizitza astiro laburtuz / betetzen duzu airea”. Hutsunea suma dezakegu, hain zuzen, atzera itzultzeko edo lehengoratzeko grinagatik: “nortzuk garen ahaztu eta gero / jaio ginen lekura itzuli / eskuak askatu / eta hutsetik abiatu”. Hutsunea onartzea eta berarekin bizitzen jakitean datza sarritan bizitzaren muina.

Saminaren oihartzuna agerikoa da Graciaren poema gehienetan. Galerak eta deserrotzeak eragindako nahigabearen zantzu poetiko dirdaitsuak. Bizitza bera etengabeko arroztea da, zein herritik, zein harremanetatik, zein geure nortasunetik, “baina isilduko digu negarra bere burua hil zuenak / eta isolaturik lo egingo dugu / hark prestatutako ohe hutsetan”. Atzerrian bizitzeak ere eragin nabaria izan du idazlearen poetikan. Behin eta berriro ume izaten ikastera behartzen baitu beste herrialde batera bizitzera joan den edozein. Identitatearen galera da ziurrenik arrotzaren beldurrik nagusiena, eta poema-bilduma honen hari etenezina.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak