kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Etxeak eta hilobiak / Bernardo Atxaga / Pamiela, 2019

Ibileren segida Iratxe Esparza / Gara, 2019-11-30

Oraingoan Bernardo Atxagak eleberri korala argitaratu du. Pertsonaia ezberdinen bizipenak sei ataletan banatzen dira eta, aldi berean, izaera dialogikoa ematen diote testuari; hala ere, protagonista bakoitzaren istoriotik abiatu arren, eleberriak erabateko osotasuna lortzen du. Horregatik, eraikuntza konplexuaren ondorioak direlako, lerro hauetan pertsonaiei erreparatzeari zilegi deritzot. Esango nuke horien indibidualizazioa ezaugarri fisikoetatik baino harago joateaz gain, liburuaren indargunea direla, eleberria goraipatzeko arrazoietako sendo bat; besteak beste, haiengandik gainontzeko auziak sortzen direlako. Hori gutxi balitz, etengabeko garapena erakusten dute eta xehetasunez josita daude; izan ere, zenbait berezitasun ezinbestekoak dira protagonisten ekintzak justifikatzeko. Orduan, pertsonaiekiko muturreko sentimenduak pizteko asmoz, Atxagak pathosa baliatzen du eta pathosak eragindakoek —errukia, gorrotoa, erakargarritasuna, nazka, goxotasuna, ezinegona edo miresmena—, noski, ez dute irakurlea epel utziko. Aitortu behar dut, ordea, lehenengo ataletik unibertso literarioa ezagunegia egin zaidala, inkontzienteki, idazlearen beste lanen oihartzunak bultzatuta, testuak erkatzeko premia sentituz; alabaina, hasieratik ere nolabaiteko tentsioak harrapatu nau eta idazleak irakurlea jarri nahi duen tokian kokatu naiz, propio, gainera.

Atxagak bizitzaz hitz egiten du, nik uste helburu jakin batekin, pertsonaien barrua biluztea irakurlearen aurrean, alegia. Trama laburbildu beharko banu giza izaeraz idazten duela baieztatuko nuke, eta, helburu nagusiari zor, gizatasunak sei istorioak besarkatzen dituela. Egilearen hainbeste lanetan ohikoa denez, kasu gehienetan “akats” fisikoek bat egiten dute protagonisten nortasunaren idiosinkrasiarekin, perfekzioaren urrun dauden antiheroiak dira. Halaber, eraikuntzaren prozesuan nabarmentzekoa da ikuspegi psikologikoa, lagungarria akaso pertsonaien erabakiak ulertzeko, jokabideek ere protagonisten arteko harremanak sendotzen dituztelako, loturak saihetsezinak bihurtu arte. Narrazioen lanketan badaude aipatu gabe gelditu ezin diren beste bi elementu: espazioa eta denbora. Sarritan, kokalekuek pertsonaien aldartea arrazoitzen dute eta izaera eta portaeraren arabera aukeratzen direlakoan nago; hortaz, espazioak ez dira soilik irakurleak pertsonaiek ikusten eta sentitzen dutena aurrez aurre izan dezan; aitzitik, pertsonaiak jopuntuan jartzeak narrazioari sakontasun psikologikoa emateko balio du; agian, horregatik, topografiaren deskripzioetan erasan askatzaileak eta itogarriak suma daitezke.

Bestetik, denbora ere abileziaz eraikita dago, Atxagak distortsionatzen duelako koherentzia testuala apurtu gabe. Denboraren gezia erritmo aldakorrean iragaten da eta eten deskriptiboetan geldituz irakurketa moteltzea eskatzen du; edozelan ere, irakurleak aldaketak erraz identifikatzen dituenean eroso jartzea komeni da bizitzako geldotasuna dastatzea baita asmoa, lirismotik kontatzea. Horrez gain, aintzakotzat hartzekoak dira atal guztietan errepikatuta dauden erreferentziak, denboraren hausturan testua kohesionatzen laguntzen dutelako, eta goitik begiratuta, puzzle handi bat sortu beharko balu bezala, Atxagak piezak nahasi eta berriro ere ahokatzen ditu Ugarte herritik hasita. Azkenik, idazlearen ibilbide literarioa osatzen duten hainbat osagai identifikatzeak ez dio indarra kentzen eleberriari; alderantziz, ez fidatu, irakurle; ezaguna iruditu zaigun fikziozko eremura zuhur sartu behar da bizitzaren marra etenerrazean dabiltzan protagonistak besterena ez den mikro-unibertsoetan mugitzen direlako.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak