« Gauaren muturrerainoko bidaia | Iraganaren arrastoan oraina auzian »
Beldurra bera zaldi / Bixente Serrano Izko / Pamiela, 2002
Askatasunaz Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2003-03-09
Beldurra bera zaldi, esaldi zaharra, beldurra akuilu baita, beldurra zentzumenen mugiarazle baita, beldurra bultzatzaile. Beldurrari buruz idazten du Bixente Serrano Izkok, baina ez bakarrik beldurraz, baita askatasunari buruz ere. Beldurra izan da aspaldidanik, nik dakidala Hobbes baino lehenagotik, Tuzididesengandik hona, pentsatzeko gaia. “Beldurra eta ni biok batera jaio ginen”, idatzi zuen Thomas Hobbesek. Egia da, Felipe IIaren gerraontzien mehatxupean jaio zela Hobbes, eta beldur horrek baldintzatu zuela haren bizitza osoa, halako moldez non “Leviathan” tratatuaren oinarrian beldurra dagoen; nola egin beldurrari aurre, hobe esan. Hobbesen iritzian beldurrak bultzatzen ditu gizakiak haien gaineko botere bat sortzera, eta hari ematen diote denek agintea beldurretik gordetzeko. Spinozak ere beldurrari buruz idatzi zuen, besteak beste.
Beldurra eta esperantza biak kateak, zioen, beldurra eta esperantza erabiltzen baititu boteretsuak mende dituenak are gehiago menderatzeko. Beraz, pentsamendu filosofikoak ez du saihestu beldurraren gaia. Bixente Serrano Izkok ere ez. Askatasuna, ongi ulertu badiot, beldur batengatik sortzen baita, naturak berak ematen digun beldurrarengatik. Gero, natura gainditu eta beldur asko sortzen dira. Eta beldurra gainditzean datza askatasunerako lehen urratsa. Pentsamendu klasikoak esaten baitigu, gizaki askea beldurrik ez duen gizakia dela. Baina zaila da askatasuna, zaila askatasunaz pentsatzea, beldurra baitiogu berari (Fromm, gogoan). Bixente Serrano Izkok askatasunaz hitz egiten du. Askatasuna ihes egitean datza, dio, eta arrazoi du, neronek ere askotan pentsatu izan baitut askatasuna hori besterik ez dela, etengabeko, amaigabeko, norabide gabeko ihesa. Spinozak, estoikoen modura, idatzi zuen gizon jakintsua libre izan daitekeela baita diktadura baten azpian ere. Barne askatasunaz ari zen, noski, baina nago barne askatasunik gabe ezin daitekeela askatasunaz mintzo. Askatasuna gauza desberdinak aukeran izatea baino zerbait gehiago baita. Askatasuna, errate baterako, aukerak ikusi ala ez, beti aukera bila joateko izpiritu eta nahia dugulakoan nago, idatzi du. Eta ados nago.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez