« Poesiaren gorazarrea | Izuaren muinean »
Iazko hezurrak / Unai Elorriaga / Susa, 2014
Basakeriaren normaltasuna German Kortabarria / hiruka.eus, 2015-02-20
Basatasunaren itzulera normaltasunaren itzulera baino ez da, esan du David Rieff historialari amerikarrak azken urtarrilean Parisen gertatutako hilketen harira. Munduaren —gizakion— basatasunaren normaltasunak ardazten du, hain zuzen ere, Unai Elorriagaren Iazko hezurrak liburu bikaina.
Bi planotan garatzen du Elorriagak bere narrazioa: batean, Irene Arriasen bizitzaren berri ematen digu, 1971ko urtarrilaren 25ean Borreguero doktorearen Algortako avenida del Ejércitoko klinikan jaio zenetik; beste planoa zabalagoa da, bortxaren mural moduko bat osatzen baitu munduan zehar, handik eta hemendik, bildu dituen odol eta samin puskekin. Aldian behin bi planoek bat egiten dute denboran edo espazioan: “Irene Arriasek amaren titiburua aurrenekoz harrapatzen asmatu zuen unean bertan, abiatu zuen estatu-kolpea Idi Amin Dada jeneralak Ugandan”, edota “segundotan heldu zen (Irene Arrias) Fadurarako tunelera. Handik hurbil, metro batzuetara, hil zuten Eustakio Mendizabal 42 urte lehenago”. Arriasen istorioa eta izugarrikerien katalogoa albaintzen doazen lau atalen tarteki gisa “atzerriko egunkarietan aurkitutako” zortzi narrazio sartzen ditu Elorriagak, ipuin ilunak, ospelak, hainbatetan Elorriaga berak euskaratutako Ádám Bodorren Artzapezpikuaren bisita eleberriko giro gozakaitza gogorarazi didatenak.
Ez da erraza Iazko hezurrak klasifikatzen, hari buruzko iruzkinek nabarmendu duten moduan. Nobela deritza eta bada, Irene Arrias alegiazko pertsonaiaren bizitza eta gorabeheren berri ematen baitigu. Askotariko iturrietatik jasotako gertakari historiko bortitzen bilduma ere bada, kontalariak maisuki aletu duena dokumentazio lan eskergak ez dezan dorpetu kontakizunaren jarioa.
Gizakion izaerari buruzko saiakeratik ere badu liburuak: agintearen aurreko moldakortasuna, jokabide basatienak geure egiteko gaitasuna, edota bestearekiko —urrutikoa zein gertukoa izan— enpatia arrasto txikiena ere ezabatzeko erraztasuna, agerian jartzen zaizkigun ezaugarriak dira; Elorriagak ez du, baina, konklusiorik proposatzen, barrenak harrotzeko moduko gertakariak kontatzen dizkigu, irakurlea hausnar-bidera bultzatuz.
Orain artekoa gutxi balitz, gure herrian —batik bat euskal komunitatearentzat— garrantzia handikoak izan diren gertakari eta bizipenen oroimena ere badakar liburuak: gerra eta gerra ostea, errepresioa, ikastolen sorrera eta garapena, ETA, Guardia Zibila eta enparauak, hildakoak —batekoak, bestekoak edota auskalo nongoak—… Algortan gertatutakoak kontatzen ditu Elorriagak —“benetan Algortakoa” den hain jende gutxi duen herriaren memoriak behar ditu horrelako ekarpenak—, baina banago asko direla Euskal Herrian oso antzeko bizipenak izan dituzten herriak.
Idazkera garbia eta adierazkorra du Elorriagak. Euskara ulerterraza darabil, gure hizkuntzan irakurtzeko erreparoa dutenek ere hiztegi premiarik gabe irakurtzeko modukoa. Ez da, ordea, liburu erosoa, denbora-pasa edo ihesbiderako irakurketa, irakurlea larrimineraino astintzen duen literatura baizik. Espanturik gabe kontatzen dira izugarrikeria lazgarrienak ere, izugarrikerien egileek bere eginbehartzat dutena espanturik gabe betetzen duten moduan, berdin jaun kondeak Bereterretxe hiltzera bidalitako hirur dozenak, nola tutsien ehizan 9:00etatik 18:00etarako lan-ordutegi zehatza zintzo betetzen duten hutuen taldeek: Iazko hezurrak-en bortxa eginbeharra da, gehienbat, ez plazer iturri; kontatzen diren basakerietan ez dago sadismorik, hotzikara eragiten duen enpatia eza baizik.
Mundu berezia sortu du, beste behin, Unai Elorriagak, oraingoan ez kartoizko ezlekuan, Algortan jaio, hazi eta bizi den protagonistaren inguruan baizik. Bortxak eta hark eragindako saminaren obsesioaz bizi da Irene Arrias, haietan du jarrita arreta eta haien ikuspegitik begiratzen du mundua, harik eta hainbesteko grinaz arakatutako bortxak Arrias bera ere harrapatuko duen arte. Irakurlea pozik uzten duten amaiera borobilak maite ez omen dituen egilea zorrotz lotzen zaio printzipio adierazpen horri. Iazko Hezurrak-en amaiera latzak koherentzia ideologiko osoa du bortxaren nonahikotasuna erakutsi digun kontakizunean: basatasunaren normaltasuna, azken batean. Fikzioaren aldetik, ordea, behartu samarra —nolabaiteko deus ex machina— iruditu zait bortxaren arakatzaile obsesibo izatetik bortxaren biktima izaterainoko aldaketa gertatzen den modua.
Azkenik, iruditu zait hainbeste samin eta ankerkeria biltzen dituen liburuan umore printzak ere utzi dituela Elorriagak. Horietakotzat hartu dut, behintzat, protagonistaren Irene Arrias izen-abizenarekin egiten duen jolasa: grezierazko Bakea, batetik; Algortako erdi-erdian kokatutako ehorztetxearen Sarria izenaren aldaera, bestetik. Banago ez dela Elorriagak tartekatu duen bihurrikeria bakarra izango.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres