« Taupaden doinua | Plok-plok-plok »
Galdeak eta baleak / Josetxo Azkona / Pamiela, 2014
Ongi, baina ordekan Alex Gurrutxaga / Berria, 2014-06-01
Ezer izatekotan, askotarikoa da Josetxo Azkonaren poesia. Elkarren oso desberdinak dira haren azken hiru lan poetikoak, Koilara bete hitz (2001), Arbola naiz, eta zuhaitza (2009) eta Ez naiz Fujin izan (2011); janaria zuen ardatz lehenak, metafora nagusi bat zegoen bigarrenaren erdigunean, haikuek osatzen zuten hirugarrena. Galderak bota ditu oraingoan, zalantzak eta kezkak jaulki, eta baleak bilatu.
Hain da era askotakoa Azkonaren poesia, zaila baita haren lumaren lerroa definitzea. Galdeak eta baleak lanean, zazpi ataletan banatuta daude poemak. Asko dira gaiak, baina, halere, estiloa gutxi aldatzen da: nahiko poesia fina aurkituko du irakurleak, baina ordekan egingo du aurrera, ez zaio tontorrik bistatuko.
Poemategiaren euskarri nagusia pentsamenduaren egituraketa da. Indargunea ez da tropoen erabilera, ez fantasiaren indarra edo iruditeriaren joritasuna. Ez da erritmoa ere; badago, eta nabaria da, kadentzia prosodikoa zaintzeko nahia, askotan prosa poetikotik gertu, baina ez da hori poesia honen alderdi aipagarriena. Pentsamendua da poemategiaren ardatza, eta berau antolatu eta lantzeko errekurtsoek eusten diete poema gehienei —erretorikaz ari gara funtsean—: epifrasia, metaketa, dialogismoa, dubitatioa, eta abar. Juntagailuei begiratzea nahikoa du irakurleak esandakoa sumatzeko: alabaina, horrela, zeren eta, halatan, hortaz, eta abar. Esanahiari begiratuz gero, adierazpenezko poesia dela esan daiteke, baieztatzailea. Esate baterako, Zenbait gezur mota poeman dozena erditik gora dira izan aditzaren forma bakunak (da, dira, eta abar). Bestalde, poema laburrenak Harira ez datozen galdeak ataletan daude; atal nagusi bakoitzaren amaieran galdera solteak sartu ditu poetak, eta horietan jolas eta absurdo gehiago dago.
Pentsamenduaren lanketa azpimarratu beharrekoa izanik ere, ezin esan daiteke beti nahikoa denik. Irakurleak epaitu beharko du molde poetikoan aurkeztutako gogoetok zenbateraino diren balekoak beretzat, baina batzuetan ahula da ideien garapena: gaia aurkeztera bakarrik iristen dira poema batzuk (Buffet); beste batzuek gaiaren inguruko pintzelkadak ematen dituzte (Orainaren haraindiko mezua), eta badira pasadizotik harago joaten ez direnak ere (Emea eta Kadiraren froga). Poema batzuek, hasi eta buka, bilakabide gutxi dute (A zer esnatzeko manera!), eta beste zenbaitetan argudioen garapena nahiko lausoa da (Hau aspertzea! eta Begiak).
Badago, jakina, maila oneko poemarik ere, hala nola Leihotik begira eta Infusioa lausotu zenekoa. Liburuaren amaiera aldera dago poemategiaren sorpresa onentsuena. Gaia emanda: XL atalean, Xabier Leteri eskainitako hiru poema txertatu ditu Azkonak, hirurak dotoreak. Lehenak Habanera (1981ekoa) bertsionatzen du, Leteren poemaren elementu antagonikoekin jolastuz; bigarrenak, hamarreko handian, poetaren bizitza du ardatz; azkenak, narratiboa berau, Letek Planetarioan emandako errezitaldi hunkigarriari heltzen dio.
Horiek eta beste batzuk, badaude poema finak, baina ez dira nahikoa liburuak distira manten dezan. Azkonak badu luma, lerro okerrik ez du kausituko irakurleak hemen; baina poetaren galde eta baleek irakurlearen barne-asaldura sorrarazi nahi dute —arteak oro har—, hunkidura une bat, bihotz zimiko bat, tontorrak eragin ohi duen arnas etetea, eta hori, pentsamenduaren egituratze poetikotik sortzen den neurrian, gutxitan sumatuko du irakurleak.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi