kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Brodecken txostena / Philippe Claudel (Itziar Diez de Ultzurrun) / Igela, 2011

Zortzi arrazoi Philippe Claudelen “Brodecken txostena” irakurtzeko Gorka Bereziartua / argia.eus, 2013-10-21

Mereziko zuen harrerarik gabe pasatzen utzi genuen gure eskaparatetxoetatik (uler bedi, eskaparate mediatikoetatik: bi iruzkin baino ez) Philippe Claudelen Brodecken txostena (Igela, 2011). Duela gutxi irakurri dut eta baditut zortzi motibo edonori gomendatzeko. Beste hainbeste gauza ere nabarmentzen ahal zaizkio liburuari, baina kontua ez da nobela bera baino luzeagoa den gomendioak idaztea, beraz…

1.- Aurreneko esaldia: “Brodeck dut izena eta ez nuen zerikusirik izan”. Nobela bateko lehen lerroa azkenekoa bezain garrantzitsua dela badaki Philipe Claudelek eta horregatik, ondoren etorriko den ia guztia biltzen du zortzi hitzetan.

2.- Suspentsea: Brodecken txostenak ez dizu aulkitik saltaraziko orri-kantoi bakoitzean susto bat emanez, baina badauka halako tentsio sorgor bat, elkarrizketetan, narratzaileak bizi den herrian sentitzen duen arroztasunaz hitz egitean… Badakizu izugarrikeria gertatu dela. Badakizu izugarriagoa gerta daitekeela.

3.- Egitura: Eguneroko baten tankera dauka kontakizunak baina Claudelek abildade handiz egituratuta aurkezten digu, denboran atzera-aurrera ibiliz, iraganak pertsonaiengan daukan pisua dosi txikietan erakutsiz. Gako bakoitza behar den momentuan agertzen da eta ez lehenago. Asaltoka irabazten zaitu. Eta estruktura konplexu hori ez da inolaz ere istorioa ondo jarraitzeko traba.

4.- Kontzentrazio esparrua: Zein herrialdetan kokatua dagoen zehaztasunez esaten ez den arren, Europa erdiguneko nobela da, II. Mundu Gerrari egiten dizkion erreferentziek eta hizkuntzari buruzkoek argi uzten dute. Brodeckek lehen pertsonan kontatzen du kontinentearen muineko jendeek nola aldatzen duten beren buruaren kontzientzia, kultura ugari barnebiltzen zituen esparru izatetik “bertakoak-kanpotarrak” dikotomiara, azken buruan, kontzentrazio-esparruan amaitzeko.

5.- Amnesia kolektiboa: Baina istorioa gerra eta esterminio horren guztiaren ondoren hasten da eta beraz, ez nuke esango Brodecken txostenako gai zentrala Holokaustoa denik. Garrantzi handiagoa du giza erailketa masiboaren ondoren harekin kolaboratu zutenek edo, besterik gabe, gertatzen utzi zutenek darabilten ahanztura-mekanismoa. Komunitateak bere trapu zikinak estali behar ditu, baina horrek beti dauka prezio bat: zenbaiten historia ezkutatzea, Brodeckena kasu.

6.- Humanismoa: Herrikide gehienek egindako hautu amnesikoaren oso bestelakoa da Brodeckena. Pasa ditu gerra, umezurztasuna, jazarpena, bigarren gerra bat, esparruko bizimodua; bihurtu da zakur, Brodeck zakurra soldaduen zerbitzuko; biziraun du maite duen Emeliarekin bueltatu ahal izateko eta itzuli da etxera. Nola ez ditu herrikideak gorrotatzen, esparrura beraiek bidali bazuten? Zerk eutsi dio bizirik? Giza kondizioari buruzko galdera sakonak proposatzen ditu nobelak.

7.- Azpi-istorioak: Trama zentrala janzteko, irudi indartsuak eta azpi-istorio gogoangarriak baliatzen ditu Claudelek. Gerran hildakoei herrian egindako monumentuarena kasu, zeinari Brodecken izena ezabatu behar izan zioten, inork espero ez zuenean esparrutik bizirik itzuli zelako. Edo Zungfrost pertsonaia (“mingain izoztua”), txikitan adinkideen erruz ur izoztuan erori ondoren hitz-totel bihurtua. Edo Peiper apaiza, herritarrek konfesioan kontatutako bekatu sorta jasan ezinda alkoholari emana. Eta horrela beste hainbat.

8.- Itzulpena: Jatorrizkoa irakurri gabe ur hauetan sartzea ez da seguruenik oso egokia, baina esango nuke Itziar Díez de Ultzurrunek tentu handiz egin zuela lan nobela euskaratzen. Pertsonaia bakoitzaren hizkera ondo bereizten da lehen irakurritik, bustidura adierazkorrak, erregistro diferenteak, oro har nobelak daukan eite klasikoa… gozamena da euskaraz horrela irakurtzea.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak