kritiken hemeroteka

8.592 kritika

« | »

Poemak pluralean / Fernando Pessoa (Iñigo Roque) / Denonartean, 2012

Pessoaren pisua Igor Estankona / Deia, 2012-11-17

Iñigo Roque Eguzkitzak klasiko portugesetan klasikoena dakar berriro, eta berriro gozatu dugu, gure tonuan, Lisboako tonu malenkoniatsu eta inteligente hori. Gogoan dut Joseba Sarrionandiaren Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (Pamiela, 1985) gogoangarrian nola nabarmentzen ziren Pessoaren poemak, nola ziren pisurik bakoak baina sakonak, aingurak bezala: “Gu, hemen gautzanok, amoranteak ginen. / Geure egoerak ukatzen gaitu. / Ene esku galdua bere bularra / falta den lekuan desegiten da”. Eta Iurretakoari esker euskarak ordutik badu lotura Lisboakoaren ametsezko mundu bitxiarekin, non batera bizi baitiren, luma berean, Alberto Caeiro, Ricardo Reis eta Alvaro de Campos: Poesias de Fernando Pessoa (1942), Poesias de Alvaro de Campos (1944), Poemas de Alberto Caeiro (1946), eta Odes de Ricardo Reis (1946).

Euskal literaturan nahiko ondo ordezkatua eta sano fonderatua den Pessoaren poesigintza, ordea, atomizaturik dago liburu eta aldizkarietan. Iñigo Roqueren lan honek erremedioa jartzen dio horri hein batean. Oraindik asko falta, baina, argazki osoa izateko. Aitaordekoa kontsul izan zen Hegoafrikako Lurmutur Hirian, eta hamazazpi urterekin egin zuen aldantza Lisboara Pessoak. Bertan Letretako karrera utzi eta bulego batean hasi zen beharrean, gutun komertzialak itzultzen. Eta zeregin gris horren kontra egiteko edo, literaturan murgildu zen. Zaletasuna ingelesez azaleratzen zitzaion, alderdi ugaritatik. Irakurgai eta gustu oso desberdinak zeuzkan Pessoa gazteak, eduki ere. Heterodoxia horretan zerikusia izango zuten, seguru, Nietzsche, Milton eta Shakespearek. Baina askoz erreferentzia gehiago ditu. Sinbolismoa maite du, Pope maite du, Shelley, Yeats, Byron. Ingelesak maite ditu, eta erromantikoen bidetik Grezia zaharrera itzultzen da, klasiko zaharren defentsa eginez.

Ahots berezia garatu eta surrealismo portugesa inauguratu zuenetakoa izen zen Pessoa. Edo sensazionalismoa. Izan ere, pertsonaren sakoneko sentipenen eta sentsazioen poeta izan zen: “Sentitzea da ulertzea. Pentsatzea da okertzea. Beste inork pentsatzen duena ulertzea, harekin ados ez egotea da”. Beraz, Pessoarentzat, inoren azalean jartzea eta besteak sentitzen duena ulertzea, beste pertsona hori izatea da. Panteismo humano horretan, beraz, jokoak amaigabeak izan daitezke, korapilatuz desagertu daiteke norbera, kaleko beste edonor bihurtzeko. Alvaro de Camposek, esate baterako, pertsona guztiak bere baitan biltzeko nahia zeukan.

Eta hain zuzen idazle portugesaren heteronimoetan galtzeko aukera paregabea daukagu berriro, Denonartean argitaletxearen apustu honi esker. “Umea nintzenetik nire inguruan fikziozko mundu bat sortu nuen”, zioen autoreak, eta guk ispiluen joko hori dugu maite. Ez dakigu existitu ziren edo ez Pessoaren ahotsak, edo ez ote den idazlea bera existitzen ez dena. Hain da lausoa eta arina bere idazkera, non bere buruari idazten dieten kanpoztarrekin osatzen duen diskurtso bat ikaragarria, bakardadea iradokitzen duen jendetzaren erdian. Era berean, bere poesiak emozionatu egin zaitzake inoiz sentitu ez duen zerbait deskribatzean: “Niri dagokidanez, nire bertsoetako prosa idazten dut / eta aski dut horrekin, / badakidalako natura kanpotik ulertzen dudala; / eta ez dut barrutik ulertzen, / naturak ez baitu barrurik; / bestela, ez litzateke natura”.

Azken kritikak

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Irati Majuelo

Herioa Venezian
Thomas Mann

Aritz Galarraga

Azken batean
Lourdes Oñederra

Ibon Egaña

Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Amaia Alvarez Uria

Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain

Jon Jimenez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Paloma Rodriguez-Miñambres

Lakioa
Josu Goikoetxea

Mikel Asurmendi

Lur mortuak
Nuria Bendicho

Irati Majuelo

Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"

Paul Beitia Ariznabarreta

Akabo
Laura Mintegi

Joxe Aldasoro

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak