kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Zakurraren poema eta beste hezurrak / Martin Etxeberria / Elkar, 2011

Labirintoan bizirik Mikel Asurmendi / Berria, 2012-04-15

Hiru Etxeberria dira Zarautzen, idazleak alegia. Aitziber da lehena, bikiak beste biak: Martin eta Xabier. Poeta nor den? Haren begiradan antzematen da: Martin Etxeberria (Zarautz, 1974). Hiru poesia liburu kaleratuak ditu: Katiluaren ipurdia (Alberdania, 1999). Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin (Elkar, 2005) eta Zakurraren poema eta beste hezurrak (Elkar, 2011).

Hamalau urte zituela idatzi zuen lehen poema Martinek: Autopsia xume bat. Maite ez zuen neska baten izenarekin izkiriatu ere. Etiopia (Utopia) lehen aldiz, irakurri zuen garaia zen. Poesiak, zigarroak nola, adikzioa sortzen duela gaztigatu zuen/zigun. Aitziberrentzat poeman, kasu: “Kontuz ibil hadi, arrebatxo, tristurak adikzioa sortzen din. Begira niri bestela”. Katiluaren ipurdia-ren lekukoak ditugu hitz horiek.

Bigarrenean, maite zuen neskaren izenarekin bizikleta bat egin zuen/zigun. Katiluaren eta hautsontziaren (h)ondoan kafearen eta zigarrokinen arrastoak usaintzen ditugu oraindik ere. Artean, “gure” poeta minotauroa legez dabil munduan, labirintoan: “Labirintoa erditik zeharkatzen duen kale zuzen horrek nahastu zaitu: aspalditik zabiltza galduta”. (Soukenická poema). Mundua oso arraroa dela ere gaztigatu zigun: “…buruz behera jarritako plater bat”.

Horiek horrela, Zakurraren poema eta beste hezurrak paratu digu oraindik orain. Kantauriko Zarautz dugu Mediterraneoko Kretako Knosos. Martin poetak begiekin idazten du bereziki, begiekin pentsatzen du. Pertsonen —eta animalien— azalean aurkitzen ditu hitzak, horiexek iradokitzen dizkiote egia handienak.

Zakurraren azalez heldu zaigu poeta, saguzarrek zulatutako arratsetan tximela zatarrek legez hegan. Zarauzko espaloietan barrena dabil, farolen zapatetan hanka bat pausaturik, bestea altxatzen du lotsagorritua. Bere patuaz lotsagorritua da, bere hitzak gaizki ebakitako euli-bizarrak antzo begitantzen ditu-eta. Mundua arraroa zaio, eiki. Eskua zabalik du poetak, halere. Txorien begiak ditu lagun, haizeak irakurtzen diona begiekin idazten du. Larrugorritasunean paratuta ere, lotsa atsegin zaio poetari, Martini. Haren beste ni alboan dabilkio-eta. Tristura masturbatzen zaio bere baitan. Jainkoaren ukenduaz gozatzen du bizitza. (Jainkoaren olioa poema). Heriotza amaigabea zaio, amaia izan arren. Bizitza zulo zaio, azalekoa izan arren. Hobe dena ez ulertzea, diosku: “Bizi nahi dut nire heriotza, nire begien zeruan”. Oraindik ez dakiela ikasi duenarekin zer egin, diosku baita ere. Anartean, kafearen, kearen eta laranjen arratsaldeek laguntzen diote labirintotik ihes egiten. Errinozeronte bat da, itsua eta astuna. Karakolaren labirintoan dabil. Bere buruaz beste egiten saiatu da munduko labirintoan, labana boligrafoa bihurtu zaio alabaina. Arratseko hego haizeak dakartzan euliak uxatzen ditu eta arrainen begietan paratzen ditu bereak, Kantauriri begira: “Olatuak masturbatzen pasa dut arratsalde osoa. Begira, isilik. Memoriaren ahur zipriztinduak itsasoz hustu nahian. Gatza da, baina, izan nintzen ura ahaztea” (Gatza poema).

Poema —objektua— izakaria bihurtu du engoitik. Infernua itsasoaren azpian dagoela ohartarazten digu Martinek. Sartre lagun. Jean Paulek arrazoia baitzuen. Bere erara, noski. Marmokak ditu ere lagun poetak. Hitzen ametsaren zain (liburuaren 3. zatia) geratu da. Nahizena naiz (Jon Benitori eskainia) poeman biltzen da poetaren izaera —eta izaria—. Izan nahi duena da bera ere: “Nahizena naiz ni ere. Azken Portuko mutila. Lotsatzen zena eta lotsatzen dena, bere lotsaz”. Labirintoan bizirik irauteko ateak baino gauza gehiago behar direla jakitun da honezkero Martin Etxeberria poeta.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak