kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Nor bere bidean / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2010

Zuhaitzaren adarrak Leire Zubeldia / Gara, 2010-12-03

Zuhaitz batekin alderatu zuen Juan Mari Irigoien idazle altzatarrak Orbetarren trilogia: Bestea da mundua lehen liburuan Orbe familiaren hastapenak kontatu zituen, sustraiak beraz; Haragiaren gauak eta egunak bigarren liburuan Nazario eta Reginaren familiaren garapenaren berri eman zigun, enborra hortaz; eta honenbestez, Nor bere bidean eleberriak zuhaitzaren adarrak irudikatzen ditu, Orbe familiaren azkena. Hala entzun diogu egileari: azkena dela, eta adar hauetatik ez dela kimu berririk aterako. Baina, era berean, Orbe abizenari bizirik jarraitzeko aukera ematen dio Irigoienek, familiaren hirugarren belaunaldia irudikatzen duten bi mutikoren jaiotzaren bidez.

1986. urtean gaude. Urte honetarako hilak dira Maria Bibiana eta Gabino ez beste anai-arreba guztiak, baita Nazario Orbe, Regina Aldasoro eta izeba Ernestina ere. Funtsean, ia zazpiehun orriko eleberria, Gabino eta Damasoren arteko gutun trukaketa bat da. Gabinok, duela 15 urte anaia zenak idatzitako eskutitz sortari erantzutea erabakitzen duenean hasten da dena. Kontakizun trukaketa horren bidez, sendiko kideen paraderoaren berri jasotzen du irakurleak. Zorigaiztoko paraderoak, Orbetarren familiaren gainbehera irudikatzen dutenak. Alde horretatik, aurreko bi liburuetan kontatuarekin eta gertatuarekin bat datorren jarraipena da hirugarren hau. Irakurleari ezagunak zaizkion erreferentziak agertzen dira protagonisten oroitzapenetan: Nazarioren anaia Bernardo, Villalbako markesa, aita kalonjea, Felipe Gastaminza, eta nola ez, Benjamin Maria, Orbetarren leinuaren ohorea zikindu zuen orbana.

Baina, nago, bestetik, Nazario Orbe, Regina Aldasoro, Teofilo Maria, izeba Ernestina eta Damasoren azken urteen (Domingo eta Adaren patua bigarren liburuan ezagutu genuen) kontakizunak baino pisu handiagoa duela bi anaien artean sortzen den eztabaidak. Pertsonaien bidez, Frankismo garaitik trantsiziora arte, elizak, politikak eta oro har gizarteak jasan duen bilakerari buruzko hausnarketa egiten du Irigoienek, eta honek bigarren maila batean uzten du trilogiaren benetako ardatza, zuhaitzaren enborra.

Finean, arrazoiketa lan bat da Irigoienek dakarkiguna. Zenbaitetan, nobelaren ordez saiakera bat irakurtzen ari dela iruditu zaio irakurle honi. Aipatutako ariketa burutzeko pertsonaien erraietaraino sartu da egilea. Bakoitzaren izaeraren zoko izkutuenetan begiratu du. Bere eskua baino hobeto ezagutzen ditu idazleak liburuko bi protagonistak. Maisuki osatu eta modelatu ditu, eta erabateko koherentziaz hitz egin arazi die. Baina susmoa dut hitz horiek enborretik gehiegi desbideratutako adarrak ez ote diren, kimatu beharrekoak zuhaitzari behar baino zama gehiago erantsi ez diezaioten.

Zuria eta beltza dira Gabino eta Damaso: lehena Elorrietako santutegian bizi da fraile franziskotar egin zenetik. Fededuna da beraz, nahiz eta Jainkoarengan sinesteko eran aldaketak jasan dituen. Abertzalea eta euskaltzalea ere badugu. Aldiz, Damaso zientzialaria da, ateoa, eta Cervantesen hizkuntza miresten du euskara mespretsatzen duen modu berean. Ideala eta arrazoia; bihotza eta burua; euskal mundua eta erdal mundua. Beraz, bi elementu antagonisten arteko eztabaida da irakurleak topatuko duena. Enbor bereko bi ezpal ezberdin, biak ere enborraren norabidetik desbideratuta, nor bere aldera, “nor bere bidean”.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak