kritiken hemeroteka

7.325 kritika

Azken kritikak

« | »

Farorantz / Virginia Woolf (Anton Garikano) / Ibaizabal, 1997

Errubizko bisionea Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2001-04-01

Liburuak hiru atal ditu. Leihotik da lehenbizikoa. Irailaren erdialdeko egun bat du kontagai. Ramsaytarrak udako etxe alokatuan daude, Eskoziako Skye uhartean: Ramsay andrea, guztia besarkatu eta babestuz; Ramsay jaun filosofia irakasle kopetiluna; zortzi seme-alabak (ama maite eta aita tiranotzat dute); lagunak (Lily Briscoe margolaria besteak beste); zerbitzariak. Amak eta James txikiak etxetik ikusten den beste uharte bateko farora biharamunean txango joateko asmo goxoa dute, aitak berehala zapuztua: eguraldi txarra egingo ei du. Azkenik ez dira joango.

Bigarrenean, Denborak aurrera, etxeak urte batzuk daramatza hutsik. Denborak guztia higatu du. Ramsay andrea hila da, baita haren alaba Prue ere, erditze garaiko gaitz batek joa, eta Andrew semea, gerran, I. Mundu Gerran.

Azkenekoan, Faroa, hamar bat urte igaro dira lehen ataleko egunetik, eta azkenik farorantz hartzen dute Ramsay jaunak eta James eta Cam seme-alaba gazteenek. Lily Briscoek etxetik ikusten ditu itsasontzian urrutiratzen.

Eleberri honetan, pertsonaiak ez dizkigute ezagutzera ematen beren biografietako mugarri ofizial, garrantzitsu edo deigarriek, baizik egoera eta gertaera arrunten aurreko beren barne mintzoek, eta beste pertsonaien gogoan eragiten dituztenek (perspektibismoa). Skye uhartekoez kanpoko ikuspuntua berariaz dagoenez ezabatua, farorantz-eko mundua arras da trinkoa eta bere baitan bildua (inmanentzia, “ez dago Jainkorik”). Virginia Woolfek uko egiten dio berak sortu pertsonaien ezagutza osoari, zalantzatia da: narratzaileak urretxindorra dirudi, arimaz arima jauzika, bertako sentsazio, sentimendu, gogoeta, oroitzapen eta asmoak emanez. Halatan, luzeagoa da gertaeraren berri ematen duen pasartearen irakurketa, gertaera bera baino.

Ia guztiak maitemindurik dauzkan Ramsay andrea ezagutzen hasteko, adibidez, farozainaren semearentzako galtzerdi bat egiten ari dela darabiltzan pentsamendu arbitrario eta iheskorren joan-etorria eskaintzen zaigu, eta gainerako pertsonaiengan eragiten dituenena. Jatorriak ez du garrantzirik. Hemen egia, askotarikoa izateaz gainera, edonon dago eta edonork dauka, baina tolesturik. Artistak, edozein lagunen bizialdiko edozein une hartu, une horretan gogoan duena deskiribildu eta garatu, eta bertan adierazten dizu unibertso osoa, edozein horri dagokion ikuspuntutik argitua. Ikuspuntu hori, bestalde, aldatuz doa etengabe, jarioak ez baitu geldiunerik. Farorantz-ek eleberria biografiatik askatzen du, kontzientzien eta naturaren bilakaera eta mugimenduarekin ezkonduz.

Hala ere, bizitzaren etengabeko joan goibela zenbaitetan kristaldu egiten zaio Ramsay andreari, eta distira egiten dio, distira isila, errubiak bezala: bildurik sentitzen ditu orduan gauza guztiak, eta bakea, eta betierea. Bizitzaren baitako betikotasuna errubizko uneok egituratzen dute. Bizitzako errubi hori, arteak bisione bilakatzen du. Zein ederki adierazten duen Woolfek artista lanaren gogorra, bakardade beharra, eztabaiden eta bileren arriskua eta gezurra! Bizitza pribatu antzua dutenek behar izaten dute bilera. Hara giza eskubideen gaineko elkarrizketa bat: “Lily entzuten ari zen; Ramsay andrea ere entzuten; denak entzuten. Baina jadanik asperturik, Lilyk zerbaiten hutsunea antzeman zuen; Bankes jaunak zerbaiten hutsunea antzeman zuen. Bere txalean bilduz, Ramsay andreak zerbaiten hutsunea antzeman zuen. Entzun ahal izateko aurrera makurturik, denak ari ziren pentsatzen, “Baldinbaitere ez al dira nere barruko gogoetak azaleratuko”, zeren denak ari baitziren pentsatzen, “Besteek hau sentitzen dute. Gobernuarekin sutan eta haserre daude arrantzaleak direla eta. Nik berriz ez dut ezer sentitzen”".

Briscoe artistak lortzen du azkenik bileratik ihes egin eta benetako lanari ekitea. Txundigarria da Woolfek koloreari dion begirunea. Briscoek prestakuntza gogorra behar du koloreetara hurbiltzera ausartu aurretik. Baina gainera, bizitzak eskainitakoa argi ikusten badu ere, pintzela hartu orduko ideiaren eta oihalaren arteko hegalaldia izugarri bihurtzen zaio. Arerio ankerren aurka borrokatzen da negarrez, bere bisionearen aztarnak erauzi nahi baitizkiote. Artistari, sortzerakoan, gainera abailtzen zaizkio bere gaitasun eza, bere hutsaltasuna, oroitzapen mingarriak, kontrolagaitz bihurtzen zaio bere burua. Guztiarekin ere, aurrera doa bizitza, aurrera koadroa, aurrera Farorantz. Burutzen da azkenik txangoa badian zehar, iristen dira Ramsaytar batzuk farora.

Eta orduantxe, Skye uhartean gelditua zen Lily Briscoe, ezustean, margolanaren aurrean jarri eta bertan ikusten ditu berdea eta urdina, zerbait izan nahian. Pintzelari heldu eta, “bapateko lehiaz, segundu batez argi ikusiko balu bezala, lerro bat egin zuen han, erdian. Kito; bukatua zegoen. Bai, pentsatu zuen, zeharo leher eginda pintzela behean utziz, Izan dut nere bisionea”.

Azken kritikak

Kontrako eztarritik
Uxue Alberdi

Sustrai Colina

Jamaikako neska
Joxemari Iturralde

Javier Rojo

Mari-mutil handi baten bluesa
Leslie Feinberg

Onintza Irureta Azkune

Idazleen gorputzak
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Oroimenaren xaflakortasunaz
Paloma Rodriguez Miñambres

Javier Rojo

Urtaroak eta zeinuak
Jon Gerediaga

Igor Estankona

Maitasun keinu bat besterik ez
Hasier Arraiz

Iratxe Esparza

Hezurren erretura
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Deklaratzekorik ez
Beñat Sarasola

Javier Rojo

Mundutik mundua
Edu Zelaieta

Javier Rojo

Hezurren erretura
Miren Agur Meabe

Amaia Alvarez Uria

Iraganaren izterrak
Gorka Salces Alcalde

Igor Estankona

Jamaikako neska
Joxemari Iturralde

Estibalitz Ezkerra

Iraganaren izterrak
Gorka Salces Alcalde

Javier Rojo

Artxiboa

Abuztua 2019

Uztaila 2019

Ekaina 2019

Maiatza 2019

Apirila 2019

Martxoa 2019

Otsaila 2019

Urtarrila 2019

Abendua 2018

Azaroa 2018

Urria 2018

Iraila 2018

Hedabideak