kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Paradisuko almanaka / Gianni Celati (Fernando Rey) / Igela, 2006

Txofann! Iñigo Roque / Gara, 2006-04-01

Gianni Celatiren hiru liburu argitaratuko ditu Igela argitaletxeak aurtengo negu-udaberrian, “Parlamenti buffi” sailekoak hirurak. Gaur saileko azken liburuaz mintzatuko gara, Paradisuko almanakaz.

Liburua autobiografikoa da, eta Gianniren gaztarora eramaten gaitu, atzerrira egin zuen lehenbiziko bidaiara, hain zuzen. Gianni Alemaniara joan zen, Italian ezagututako neska baten, Antje-ren, etxera, hari aldez aurretik deus esan gabe. Idazleak ez du datu larregi ematen; Ipar itsasoa urrun ez duen hiria dela badakigu, izen gutxikoa, ia alegiazkoa… Hala ere, eremu bi ondo zedarrituta daude: muinoetako etxeak (paradisua) eta hiri handia (hainbat zirkulutakoa). Eremu bi horiek liburua bera zatikatzen dute: muinoetako aldi argia eta hiri handiko aldi iluna.

Nabarmenena, guztiarekin ere, liburuaren tonua da, umorea. Horixe du bereizgarri. Tratatu xeherik egiteko asmorik gabe, aikomezan umore horren giltzarri batzuk:

Miragarritasuna. Antje-ren nebak, Jan korrikalariak, izerdi botatzen zuen gauean, lasterraldi saioen ondoan. Gaueko izerdi horrek leihoak geuntzen zituen, eta loa galarazten Giovanniri. Errukia. Nola bildu zuten Gianniren lagunek dirua, hura paradisura bidaltzeko, gero haren berri eman ziezaien. Topikoak. Celatik lotsagarri uzten ditu italiarrak, alemanak, daniarrak, turkiarrak. Esate baterako, hiriko poliziak gestapoak dira; aitari esaten dio lasai egoteko ez daukala aleman bihurtzeko asmorik. Erabatekotasuna. “Hain triste [nengoen] ezen pala bat izanez gero, neure burua ehortziko nuen”. Arrazoia iruntzitara. Edo nola ikasi alemana italiera ikasteko gramatika erabiliz. Arrazoizko esanak. “Nik uste logaleak gaudenean hobeki ulertzen diogula geure buruari”. Eskandalua. Italiera-ikasleei espantuka esango die italiera “txorikaka ere balio ez duen hizkuntza” dela. Aberekeria. Edo nola dibertitzen ziren alemanak tabernan zaldiei edaten ematen, animaliek konortea galdu arte. Gaizki ulertuak. Urliak galdetu: “Aspaldi hago haragiz baraurik?”. Giannik erantzun: “Ez, ez […] haragizko almondigak jaten nituen […]”. Urlia ez zen gose klase horretaz ari, bistan denez. Suhartasuna. Edo nola leziatu sozialismoaren onuretan munduko lau bazterretako baztertuak, lau ideia soil errepikatuz.

Oso estilo zuzena darabil Celatik liburuan. Kontuan izan behar dugu Paradisuko almanakak bertsio bi izan dituela italieraz —lehenbizikoa ahozkoari are lotuagoa—, eta euskarazko hau bigarrenaren —landuagoa hura— itzulpena dela. Idazleak etengabe dei egiten dio irakurleari, istorioa nola dabilen adierazteko, oraindik ere hor ote den galdetzeko. Bestetik, liburua atal txikitan banatuta dago, eta atal gehienen ardatza pasadizo bakarra izaten da (ia esketxa). Horrek bizitasuna ematen dio kontakizunari. Hitzak turrustan datoz eta doaz. Liluratu egiten dute irakurlea, itzulpen bikaina lagun.

Dena den, hitzontzikeria horren, gertakari zentzugabe horien zirimolaren erdian liburuak badu lokarri mehe bat: Gianniren eta Antjeren arteko harremana, liburu osoan kikuka dabilena, eztikeriarik gabe, irrigarri bezain negargarri.

Kontuz! Absurdua ez da babukeria. Idazleak ere badaki serio hitz egiten. Eta irakurleari berba egiten dio oroimenaz, gertatutakoaren sinesgaiztasunaz. Eta liburuko hondarreko orrian are garbiago mintzatzen da bizitzari buruzko topiko klasikoez: bizitza ametsa ote den, antzezle hutsak ote garen… Orduan, zer du, bada, berezia liburuak? Segurutik, idazleak bere buruari barre egiteko agertzen du ausardia, lotsagaldukeria, ironia sendagarria eskainiz.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak