kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Lotsaizuna / John Maxwell Coetzee (Oskar Arana) / Elkar, 2004

Lotsaizuna Isabel Etxeberria Ramirez / Luma berrien eleak, 2005-05

Coetzee bidea egiten ari da gure artean. Gero eta gehiago dira erdaretan irakurri eta ahotan darabiltena, eta espero izatekoa da Lotsaizuna honen bidez, euskaraz ezagutzeko aukera ematen digun lehen izenburu honen bidez alegia, gora egingo duela coetzeezaleen kopuruak gurean.

Nobel saria euskaratzeko ematen den Jokin Zaitegi bekari esker egindako itzulpena da hau. Oskar Arana itzultzaileak musika-konposizioarekin lotu izan du autore hegoafrikarraren idazkera. Izan ere, armiarma-sare perfektuan harilkatzen ditu Coetzeek hainbat eta hainbat gai. Hasiera indartsu eta zuzena du liburuak: ikasle batekin izandako sexu-kontuengatik kaleratutako unibertsitateko irakaslearen hondoratze soziala da abiapuntua (lotsaizuna, desohorea, alegia, jatorrizko disgracetik gaztelerazko itzulpeneko desgracia baino hurbilagoak). Gaiak askorako ematen du eta autoreak badaki ondo aprobetxatzen —moralaren eta inpultsoen arteko lehia, unibertsitatearen inguruko elitearen hipokresia eta itxikeria, gizabanakoaren independentzia, bakardade ideologikoa…— baina berehala aukerak zabaldu egiten dira eta, irakaslearen ikuspuntura kateatuta gauzkalarik, bestelako arazo eta kezkak ezagutzera eramango gaitu. Apartheidaren osteko Hegoafrika asaldatu eta irauliaren egoera, kasu, non jatorrizko biztanleek harrotasunez eta bortizkeriaz argi utzi nahi dieten inbasore zuriei eurak direla lurraren jabeak. Belaunaldi gazteenak (nekazari moduan bizimodua atera nahian dabilen protagonistaren alaba, adibidez) izango dira gurasoen bekatuak ordainduko dituztenak (bortxaketa). Aitaren zorra alabaren sakrifizioaren bidez kitatua izango da eta, era berean, aitaren bizimodu berriaren gogorrak (animaliak sakrifikatzen dituen albaitari baten laguntzaile) alabaren zoritxarra arinduko du. Tartean, nahasturik, inkomunikazioa, gizakiok arazoei aurre egiteko berezkoa omen dugun kemena, animaliekiko kezka… Izan ere, liburu honen meritu handienetakoa, gure ustez, gaiak lotzeko abilezia da. Irakurlea ispiluen labirinto batean barneratzen da, non pertsonaia bakoitzak aurkezten dituen arazoek edo kezkek beste pertsonaien gaiak islatzen dizkiguten.

Ezer ez da alferrikakoa eleberri honetan. Estiloa ere zuzena da, zehatza (“doia”, Arana itzultzailearen hitzetan) eta, era berean, oso adierazgarria. Elkarrizketak eta isiluneak informazio iturri oso inportanteak dira pertsonaien izaera eta sentimenduak ezagutzeko. Eta narratzailearen ahotsa, sinesgarria; arazoaren barne muinetik datorrena. (Bitxikeria bat: behin ere ez da argitzen pertsonaiak zuriak ala beltzak diren; irakurlea bera da morbosoki bakoitzaren azalaren kolorea igarri nahian dabilena, eta irakurlea da pertsonaia bakoitzaren jokaera arrazaren bidez azaldu nahi duela konturatzean bere buruaz lotsatzen dena). Benetan gomendagarria.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak