kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Ezezaguna helbide honetan / Kressmann Taylor (Ramon Etxezarreta) / Erein, 2003

Nazismoaren zergatiak Mikel Garmendia / Gara, 2004-01-17

Kontakizun moderno baten aurrean gaude. Katherin Kresmannek 1938an eleberri hau lehendabizikoz argitaratu zuenean, Kresmann Taylor ezizen literarioa erabili behar izan zuen, obra gogorregia omen baitzen emakume batek sinatua izateko.

Genero epistolarra. Bi lagunen arteko gutun-trukaketa. Lagunak ez ezik, artearen merkatuan negoziokide ere badira, AEBetako Eisenstein Galleries enpresa baitaramate bien artean. Max AEBetan gelditzen den bitartean, Martin Alemaniara doa, non nazismoa bizi-bizi ari den indartzen. Orduan hasten dira bata besteari gutunak idazten. Eleberriaren helmuga, berriz, heriotza da, Martinen heriotza, baina baita Grisellerena ere, eta, azken finean, juduena.

Ezin modu grafikoagoan heltzen gara, gainera, helmuga horretara, Martinen heriotzara. Gutun bat ageri da marraztua azken orrialdean eta helbide tatxatu bat: helbide ezezaguna. Berebiziko garrantzia du grafikotasunak kontakizun honetan: detaile orok du esanahia, hala nola letra tipografiak berak. Kontakizun labur honek urtebete eta hiru hilabetean gertatutakoa biltzen du bere baitan, eta hori ere modu grafikoan ematen da, gutun bakoitzean data zehatza agertuz.

Narratzailea desagertu egiten da, istorioa zuzenean bizi du irakurleak, zuzenean mintzo baitzaizkio pertsonaiak. Irakurleak osatuko du, beraz, kontakizuna, pertsonaia bakoitzaren bilakaeraren eta jokabidearen arabera. Eta hori guztia, progresio neurtu batean. Nekez egin daiteke, nik uste, kontakizun objektiboagorik. Teknikoki perfektua dela esango nuke.

Idazketari berari buruz gogoeta egiteko parada eskaintzen digu liburu honek. Azken finean, Roy Harris-ek, semiologia integrazionala proposatzen duenak, “Signos de Escritura” liburuan dioen bezala, Saussurek erakutsi baino askoz ere kontzeptu zabalagoa da idazkuntza. Hainbat idazketa modu daude (musika, matematika, zeinuak…) eta hainbat faktorek eragiten dute idazkuntzan: alde bisualek, kontestuak… Eta idazteko moduak, edo estiloak nahiago bada, ematen dio zentzua literaturari, zeren, Vicent Verdúk esaten digun bezala, besterik gabe istorioak kontatu nahi dituenak hortxe dauzka gidoigintza, zinema, bideoa edo komikiak. Idatzita dagoen erak egiten du batez ere interesgarri liburu berezi hau. Alde horretatik, bete-betean asmatu da liburu hau euskal literaturara ekartzean.

Gaiari dagokionez, objektiboki kontatua izan arren, agerian gelditzen dira nazismoaren mitoak eta ezaugarriak, baina, aldi berean, ez dira ezkutatzen herrialde hark pasatako garai zailak. Gertakizun batek bultzatu omen zuen Katherine Kressmann liburu hau idaztera: “Gerratea baino zertxobait lehenago, adiskide alemaniar batzuk —kultoak, intelektualak, bihotz onekoak— Alemaniara itzuli ziren AEBetan bizi ondoren. Oso denbora gutxian nazi sutsuak bilakatu ziren”. Horren zergatiak jakin nahi zituen. Eta horren zergatiak jakiteko gogoa pizten du liburuak. Alde horretatik ere merezi zuen, noski, obra hau gure hizkuntzara ekartzea.

Ramon Etxezarretaren itzulpenak ere, kontakizunak berak bezala, arin kurritzen du, enbarazurik egin gabe, ulerterraza da eta ondo funtzionatzen du.

Esandakoa, bai literaturaren aldetik —narrazio teknikaren aldetik—, bai gaiarenetik ere, ondo irabazia du liburu honek bere lekua euskarara itzulitako liburuen ondarean, euskal literaturaren ondarean, azken finean.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak