« Ametzaren ezkurra | Itzuli izan balitz zer »
Hodien metafisika / Amelie Nothomb (Garazi Arrula Ruiz) / Igela, 2017
Haur metafisikariaren alegia Peru Iparragirre / Berria, 2017-11-12
Garazi Arrula Ruizek (Tafalla, Nafarroa, 1987) 2014ko azaroan argitaratu zuen Elearazi atarian Amelie Nothomb (Kobe, Japonia, 1967) belgikarraren Metaphysique des tubes (Albin Michel, 2000) liburuaren lehen pasartearen itzulpena, argitaletxeei, bide batez, amua ipiniz. Hiru urte igaro diren honetan heldu da Hodien metafisika (Igela, 2017), osorik, gure artera. Euskaraz irakurgai dagoen Nothomben hirugarren lana da hau, Joxean Elosegik itzulitako Durduzaz eta dardaraz (2003) eta Katilinarenak (2006) nobelak ere argitaratu baitzituen Igelak.
Autobiografikoa dela dirudien eran ematen ditu Hodien metafisika liburuko narratzaile helduak bere bizitzako lehen hiru urteen memoriak, haurraren ikuspuntutik betiere, kontatzen duenaren gaineko aipamenak egiten dituelarik, istorioari tonu ironikoa eta ondorio filosofikoak gehituz. Baina hau ez da, inondik inora, autobiografia bat stricto sensu. Urrunago joan gabe, jatorrizko edizioaren azalean roman hitza bezain argi eta garbi ageri da euskarazkoaren kontrazalean liburua nobela bat dela. Autobiografia nobelatu edo autofikziozko lan bezala har genezake, beharbada, emaitza. Baina, eta Helene Jaccomard ikertzaileak Amélie Nothomb. Authorship, Identity and Narrative Practice (Peter Lang, 2003) liburuko Self in Fabula: Amélie Nothomb’s Three Autobiographical Works artikuluan dioenarekin bat eginez, norberari buruzko alegiara gerturatzen da gehiago nobela hau, eta biografia bat baino, imajinario bat da bertan bilatu behar dena.
Liburuaren hasierako zatia Bibliaren pastiche moduko bat da, zeinaren bidez narratzaileak bere Genesi propioa azaltzen baitu. Existentziaren lehen bi urteetan hodi baten gisan aurkezten du bere burua, baina baita Jainko inerte eta bizigabe bezala ere. Hasierako egoera horretarik abiatuta garatzen joango da pertsonaia nagusia. “Gogo-istripu” bat dela medio esnatutakoan bere inguruan eragiteko duen inpotentziak amorratuta emango du denboraldi bat, plazeraren bidez identitatea, bizitzea merezi duen bizitza, ezagutzen duen arte. Ordutik aurrerakoan datza gehienbat nobelaren mamia, bi urte eta erdi dituenetik hiru bete ostera arteko tartean gertatzen denaren kontaketan luzatzen baita nagusiki. Liburuan garatzen den aipatu imajinario hori osatzen duen mitologia baten zantzuak ere ageri dira nobelan zehar, Nothomben beste lan batzuetan ere pisua izango dutenak. Hizkuntzaren garrantziaren eta narrazio propioen beharrezkotasunaren kontzientzia aipagarriak dira, baita Japoniarekiko atxikipen existentziala ere. Narratzailearen genero eta nazio identitatearen eraikuntzaren zertzeladak ere ageri dira liburuan.
Istorioaren erritmoa ez da bereziki bizia, baina Nothombek darabilen idazkerak, lexiko zaindu eta zehatzak, patxada eskatzen du. Maisuki heldu dio belgikar idazlearen prosari Arrulak, narratzailearen erretorika iradokitzailea eta pertsonaien arteko elkarrizketa existentzialak egokiro ekarriz. Amelie pertsonaiaren sorrera kontatzen du liburu honek, eta horretan datza, ene iritziz, bere interes puntuetako bat. Baina hori baino gehiago ere bada nobela hau, haurtzaro hain urrun hura idatzita beste hamaika kontu ere idaztea lortzen baitu Nothombek.
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Maddi Galdos Areta
Esker onak
Delphine De Vigan
Irati Majuelo
Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde
Gorka Bereziartua Mitxelena
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Hasier Rekondo
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Maialen Sobrino Lopez
Erroen izerdia
Jone Bordato
Nagore Fernandez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Asier Urkiza
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Jon Martin-Etxebeste